Gerra Ukrainan

Ozen entzun dira Ukrainaren aldeko mezuak

Ataria 2022ko mar. 5a, 17:56

Tolosako Ana Yurd Elkarteak deituta, ukrainar herria jasaten ari den erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Trianguloa plazan; dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin, baita Olatz Peon Tolosako alkateak eta zenbait zinegotzik ere.

Errusiar eta ukrainar armaden arteko gerrarik ez dutela nahi. Gaur eta beti bakean bizi nahi dutela. Hori eskatu dute Trianguloa plazan elkartu diren ehundik gora herritarrek; gehienak, adin guztietako jatorri ukrainarreko herritarrak izan dira. Ukrainar herriari babesa adierazteaz gain, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari armak indargabetzeko eskatu diote; "hiltzailea" ere deitu die zenbaitek.

Euren herrialdean ehunka biktima daudela gogoratu dute gaurko ekitaldian. "Emakumeak, adinekoak, baina batez ere, haurrak. Astebeteko epean milaka eta milaka ziren errefuxiatu egoeran aurkitzen zirenak. Gutako bakoitzak, misil eta lehergailuetatik etengabe ihesi dabiltzan senide eta gertukoak ditu bertan, eta beti ez da posible izaten kalitatezko osasun arreta izatea. Errusiako armada ospitaleak eta eskolak erasotzen ari da, eta gerra honek sufrimendu handia eragiten die ukrainarrei; hala ere, gure armadan, emakume eta gizon ausartak ditugu, bere herrialdea defendatzen dutenak".

Munduko zenbait herrialderen laguntza ere gogoan izan dute. "Ukrainar askori aterpea eta segurtasuna agindu eta eman zaie, eta horregatik, egindako guztia eskertu nahi diegu. Oso miresgarria da biztanleriak izan duen jarrera eta eman duen erantzuna. Hala ere, Europaren aldetik, laguntza handiagoa behar dugu; izan ere, ostegunean, Europako Zentral Nuklearrik handienari eraso egin zion Errusiak, eta beraz, izurritea areagotzea eragin dezake. Oztopo hau gainditzea izango da gutako bakoitzaren nahiz hurrengo belaunaldien etorkizuna ziurtatzeko modu bakarra". Elkarretaratzeari amaiera emateko, Ukrainako ereserkia abestu dute elkarrekin.

Arratsaldeko ekitaldiaren aurretik, kultur etxeko areto nagusian, askotariko elikagaiak eta arropak biltzen aritu dira Ana Yurd elkarteko ordezkariak. Herritarren erantzuna "izugarria" izan dela aitortu dute. "Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu eta produktuz beteta dugu aretoa". Arratsaldean produktuak uztera bertaratu diren herritarrei, poltsa batzuekin etxera itzultzeko eskatu die. Izan ere, gaur jaso ez dituzten jakiak eta produktuak, datorren astean zehar bilduko dituzte San Esteban auzoan. Aurrerago emango dute bilketa horren inguruko informazio osagarria.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!