ERREPORTAJEA

Dantzaren magia taula gainera

Imanol Garcia Landa 2022ko martxoaren 5a

Hamar urte bete berritan, Haatik dantza konpainiak obra berri bat prestatu du, Ur bizitan izenekoa eta benetako gertaeretan oinarrituta. Tolosako Leidor aretoan izango da estreinaldia.

Haatik dantza konpainiak Ur bizitan ikuskizuna estreinatuko du martxoaren 11n, 20:30ean, Tolosako Leidor aretoan. 2020an sortu zen ikuskizuna egiteko ideia. Aiert Beobide konpainiako zuzendariaren familiarteko batzuk Martuteneko baserri batean bizi ziren, Urumearen ertzean, eta baserri hartatik alde egin behar izan zuten beste batera lehenik, eta gero handik ere mugitu behar izan zuten. Arrazoi ezberdinak izan ziren: lehenengoan, Urumea ertzean bizi zirenekoan, ibaiak gainezka egiten zuenean, urak baserria hartzen zuelako. Bigarren aldian, alde egin behar izan zuten bere etxearen gainetik autobia bat egin behar zutelako. Bizipen horietatik abiatuta, sortu zitzaien ideia, nola naturagune batean bizi den familia batek bi aldiz alde egin behar izan duen etxetik. Hortik Ur ikuskizuna sortu zuten, hogei minutu inguruko pieza, kalean egitekoa, eta ondoren sortu zuten Ur bizitan obra luzeagoa.

Beobidek eta produkzio lanetan aritzen den Iurre Aranburuk ideia garbi izan ondoren, gidoia prestatzea izan zuten hurrengo pausoa eta Koldo Izagirre idazlearengana jo zuten gomendio eske, ea norbaiten izena emango ote zien. «Ezusteko handia hartu zuten Koldok erantzun zienean berak zuela interesa gidoia idazteko», esan du Irati Sorondo dantzari tolosarrak. «Batetik, gaia gustatu zitzaiolako, eta, bestetik, dantzarako inoiz ez zuelako sortu».

 

Irati Sorondo: «Dantzan ari garen bitartean, tarteka baditugu esaldi batzuk»

 

Hain justu, hitzak bere lekua izango du ikuskizunean, eta dantzariek lehenengo aldiz hitz egingo dute obra batean. «Dantzan ari garen bitartean, tarteka baditugu esaldi batzuk, eta lehenengo aldia izanik ez da erraza izan», esan du Iñigo Etxeberria dantzari ibartarrak, eta Sorondok gaineratu: «Gidoia nahiko luzea da, oso zehatza eta poetikoa da, kontakizun osoa dago bertan. Kontakizun horretatik zati batzuk aukeratu ditugu eta dantzariak goaz zati horiek esaten emanaldian zehar». Testu horiek ikusleari lagundu egiten diote kontakizuna gehiago ulertzen. «Testuak esaterakoan Olatz Beobideren laguntza izan dugu, obraren zuzendari laguntzailearena, eta ikaragarri lagundu digu, baina oraindik lantzeko arlo bat dugu hor».

Beste alde berezi bat ere badu obra honek konpainiarentzat, musika zuzenean egongo baita. «Musikarekin lan egin izan dugu beste emanaldi batzuetan, baina ez ditugu gure emanaldi propio batean musikariak izan oholtza gainean», esan du Sorondok. «Luxua da hor ondoan izateak. Gainera hiru musikari oso onak dira: Javi Perez pianoan, Manu Gaigne perkusioan eta Iñaki Diez akordeoian. Egia da horrek ere obra guztia josteko lan estra bat suposatu digula». Ikuskizunerako musika Pascal Gaignek sortu du.

Koreografiaren aldetik ere badu bere berezitasuna Ur bizitan obrak. Mugimendu batzuk sortu eta landu dituzte bereziki ura eta zuhaitzen adarrak azaltzeko. «Urtean zehar Haatikek duen beste proiektuetako bat Hik Dantza da, eta hor ikastaro ezberdinak antolatzen dira. Ikastaro horietan landutako eta ikasitakoak erabili ditugu eta asko lagundu digute mugimendu eta forma horiek sortzerakoan», esan du Etxeberriak.

Eskualdeko dantzariak

Haatik konpainiakoek Errenteriako Niessen eraikinean dagoen Dantzagunean egiten dituzte entseguak, baina dantzari gehienak Tolosaldekoak dira. Obra honetan bost dantzari aritzen dira oholtza gainean: Iñigo Etxeberria eta Irati Sorondoz gain, Amaiur Luluaga anoetarra, Jon Arsuaga billabonatarra eta Libe Sukia zaldibiarra. Beste bi dantzari ere badaude konpainian, Nagore Zabala eta Leire Romero ibartarrak. Zabala lesio batetik osatzen ari da, eta Romerok parte hartu du sorkuntza prozesuan, eta ordezko bezala dago. «Garrantzitsua izaten da norbait ordezko bezala izatea, badaezpada», esan du Sorondok.

Estreinaldia Tolosako Leidor aretoan egingo dute, eta lehen aldia izango da estreinako emanaldia bertan egiten dutela. «Tolosar bezala niri ilusio handia egiten dit, eta aldi berean, gainera gertuko jende asko etorriko da ikustera, eta horrek urduritasun estra bat sortzen dit», esan du Sorondok. Etxeberriak gaineratu duenez, «Leidor areto handia da, eta Iratik esan duen moduan, gertuko jende gehien etorriko den emanaldia izan daiteke. Espero dugu ahal den gehien betetzea». Sarrerak hamar euroko kostua du eta bi dantzariek jendeari animatzen diote bertara joatera.

 

Iñigo Etxeberria: «Gorputza eta burua beste norabait eramaten dizun jarduera batek asko ematen dizu»

 

Aurrestreinaldia Urnietan egin zuten otsailaren 13an. «Asko balio izaten du aurrestreinaldiak», esan du Sorondok. «Lehenengo aldia da taula gainean jartzen duzula proiektu hori, eta lehenengo aldia jendearen erreakzioa eta iritzia jasotzen duzula. Aldi berean, kontuan izanik aurrestreinaldia dela, eta gauzak gertatu daitezkeela, balio dizu gauza batek ez duela funtzionatzen ikusteko edo zertan hobetu dezakegun gehiago jabetzeko». Etxeberriak gaineratu duenez, «estreinaldia bitarte hilabete izango dugu, beharrezko gauzak fintzeko».

Dagoeneko emanaldi batzuk badituzte lotuta, hamar inguru, eta hori horrela izatea eskertzekoa dela dio Sorondok. «Ikusten duzu konfiantza puntu bat dagoela konpainiarengan, eta badagoela interesa. Guretzako hori oso handia da». Emanaldi motaren arabera, udan edo neguan zehar izaten dituzte saio gehiago. «Adibidez, Errimak bi oinetan udaran asko egin da, aukera ematen duelako aretoetan zein kalean egiteko. Ur bizitan antzokiko emanaldia izanik, udaran egitea zailagoa da, normalean kanpoaldean gehiago egiten delako», esan du Etxeberriak. Ur ikuskizuna kalean egitekoa denez, aukera ikusten dute udan zehar emanaldi gehiago izateko.

Izan ere, konpainiak ez baitu obra bat bakarrik eskaintzen, menu zabalagoa izaten dute. Horrek ere eragiten die obrak tartekatu behar izatea, eta obra bakoitzeko entseguak egitea. «Zorionez gorputzak memoria ona dauka, eta normalean prestatzen hasten garenean segituan gogoratzen zara egitean ari zarenaz», esan du Sorondok. «Martxoan badugu obra bateko emanaldi bat goizean eta beste batena arratsaldean, eta hor kontzentrazio handia behar izaten da». Inprobisaziorako ez dute tarte handia izaten, Etxeberriak dionez: «Bakarka dantza egitea tokatzen zaizunean, komatxo artean nahi duzuna egin dezakezu, baina taldean eta denak batera ari garenean ez dago inprobisaziorako tokirik».

Hamar urte bete ditu konpainiak, eta bertan zortzi urte daramatza Sorondok, eta sei urte Etxeberriak. Haatiken parte izateak Sorondori «asko» ematen diola esan du: «Satisfazio handia da, baina baita ordu asko eskaintzea eta sakrifizioak ere. Inguruko jendearekin egoteko orduak kentzea, oporretatik, festak... Baina ematen duenak ez dauka preziorik». Etxeberriak antzeko iritzia du: «Lana da, orduak dira, baina asko ikasi dut. Dantzan egiten ari naizen ia guztia hemen ikasi dut, beraz, eman ere asko egiten du». Sorondok konpainia familia bat bezala dela dio: «Gozamena da elkarrekin lan egitea. Presio handiarekin egon gara oraintxe, eta ordu asko pasa ditugu elkarrekin, eta ez dugu izan ezta haserre txiki bat ere. Tentsio handiarekin geunden, baina gure artean primeran moldatu gara. Familia giroan gaudela sentitzen gara». 

Dantza «pasioa» da Sorondorentzat: «Horregatik eskaini dizkiot hainbeste ordu, ematen didana berezia delako. Nire eguneroko arazoak alde batera utzi eta burua txuri uzteko aukera ematen dit, eta gorputza beste norabait eramatea». Etxeberriak gaineratu duenez, «gorputza eta burua beste norabait eramaten dizun jarduera batek asko ematen dizu».

Ohiko entseguak astean bi aldiz eta hiru ordukoak egiten dituzte, baina obra berria prestatzeko bi egonaldi egin dituzte Urnietako Sarobe antzokian, astebetekoak. «Batez ere azken egonaldian ordu asko sartu ditugu», esan du Etxeberriak. «Gauean berandu arte egon gara eta beharrezkoa izan da lan hori obra ondo prestatzeko. Dantzari bakoitzak bere lana du, gehienak irakasleak gara, eta aste horretan etxea lo egiteko bakarrik zapaltzen genuen».

Dantza ez bada ere bere bizimodua, kalitate handiko ikuskizunak eskaintzen dituzte Haatikeko dantzariek. «Uste dut esan daitekeela dantza aldetik hazi garela», esan du Sorondok. «Oraindik badugu lana, baina hasi ginen puntutik gaur egunera arte lana egin dugu, eta hori ikusten dela esan daiteke. Eboluzio bat izan du konpainiak». Etxeberriak azaldu duenez, «nahiz profesionalak ez izan, esan daiteke ez dugula egiten edozein herriko dantza talde batek egingo lukeen emanaldi bat, zerbait landuagoa dela esan daiteke». Hasieran euskal dantzan izan zuen oinarria Haatik konpainiak, dantzari guztien ibilbidea hortik zetorrelako. Taldeak izan duen eboluzio hori tarteko, ikuskizun berria dantza garaikidearen estiloan kokatu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!