Orain aste batzuk, Berlingo vietnamdarrak izenekoa landu genuen, eta bertako esaldi baten inguruan aritu ginen hizketan: «Bat-batean konturatzen naiz azken ehun urteetako gertakari historiko nagusiak begi aurrean ditudala». Labur-labur esanda, Berlingo auzoetako demografia eta eraikinei begiratuta, Alemaniako gertakari nagusienen berri jaso zuela, alegia.
Ariketa horixe bera egin nahi izan nuen Tolosako zenbait leku-izen eta eraikini erreparatuta. Burura etorri zitzaidan lehenengo bitxikeria Zerkausia izan zen. Esanahia ez dakizuenontzat, Orotariko Euskal Hiztegian begiratuz gero irakurriko duzue Tolosako leku jakin bat dela, merkatua egiten zen tokia, hain zuzen ere, eta izena zerka ausitik omen datorrela, garai bateko harresi edo hesi puskatu baten ondoan zegoelako, antza.
Baina Tolosan ere badira beste toki berezi batzuk: Kale Nagusian dagoen Atodo jauregia esaterako, gaur egun Meson taberna dagoen eraikin ikaragarri ederra. Bertan jaio zen Pilar Acedo Sarria, Echauzeko kondesa, Vadoko kondesa eta Montehermosoko markesa. Montehermoso Gasteizen dagoen jauregi baten izena da. Oraintxe kultura-gune garrantzitsua, eta, hirian bisita gidatu bat eginez gero, saihestezina da pertsonaia historiko haren berri ez izatea.
Ez dakit zuetako zenbatek jakingo duzuen noblezia-titulu horiek guztiak zituen hura nor izan zen. Baina, ez badakizue eta jakin-mina piztu badizuet, Antxon Bandres Zaragüetak idatzi zuen emakume interesgarri eta ezezagun honen bizitza. Idazlearen hil ondorengo lana da: 2014an argitaratu zen Tolosako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz. Interneten ere aurki liteke pdfformatuan.
Hitz gutxitan esateko, Pilar Acedo Sarria 1784an jaio zen, Atodo jauregian. Emakume jantzia zen garai hartarako: gai zen hainbat hizkuntzatan bertsoak egiteko, eta musika tresna bat baino gehiago jotzen zituen. Montehermosoko markes zaharrarekin Gasteizera ezkondu zen. Oso emakume ederra izan omen zen, hizketa-lagun ona, eta badirudi maitale asko eta oso ezagunak izan zituela; besteak beste, Josef Lehena, Napoleon Bonaparteren anaia zaharrarena, Espainiako errege, 1804tik 1813ra.
Historia, baina, ez zen ondo portatu Pilarrekin. Garaiko eta ondorengo moral zurrunak eta Espainiako Independentzia Gerran frantsesen alde atera izanak baldintzatu zuen emakumearen irudia: kaskarintzat hartu zuten, eta hala igaro zen Historiaren orrialdeetara.
Atodo jauregiaren fatxadan bada plaka bat; etxearen historiaren berri ematen du: norena izan zen, nortzuk hartu zuten ostatu bertan… Baina ez dio ezer bertako alaba garrantzitsuenaz. Historiaren alde ilunean ezkutatu zuten.
Ane Irazabalek dioenari, beraz, ñabardura bat gehituko nioke nik: begien aurrean Historiaren parte bat baino ez dugu; emakumeona, gehienetan, ilunpean, ahanzturan.