Korrontearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio 2022ko mar. 4a, 20:58

Kolore arrosa du gustuko eta printzesen munduarekin egiten du amets. Hamar urteko mutiko batentzat mundua bere neurrira ez dagoela eginda ikustea ez da gauza erraza. Parranda du gustuko eta pasa berri diren inauteriek bere artista sena ateratzeko aukera ematen diote. Kotxe, panpina, txotxongilo eta imajinazioa, batez ere irudimena, izan dira bere bide lagun orain arte.

Maitekorra, umoretsua, txantxazalea, baina lotsatia, oso lotsatia. Sozializatzeko baliabideak landu behar izan ditu, eta ez da erraza berez ez dituzun baliabide horiek zure egin eta inguruak eskatzen duen horretara moldatzea. Hala ere, berak egunero egiten du lan eta borroka, atzean ez geratzeko. Ez du futbola gustuko, eta gezurra dirudien arren, hori, gaur egun oraindik, lagun artean ibiltzeko oztopo handi bat da. Ostiral arratsaldeetan eskola bateko irteerara gerturatzea besterik ez dago, futbolak duen indarra ikusteko. Herriko futbol taldeko eskolako entrenamendu eguna izaten da ostirala, eta harriturik ikusten dut nik behintzat, ostiralero, goitik behera, harro, urdinez jantzita ateratzen den mutil kopurua.

Lehen aipatu bezala artista sen handia du berak, baina ez daude espazio asko sen hori indartzeko. Badakigu haur guztiek ez dituztela gaitasun berdinak, baina gaitasun guztiak lantzeko espazioak baditugu? Ez dago erantzun beharrik, ezta? Ez da geldirik egoteko jaio, eta jendarteak etengabe, geldirik egon behar duela gogorarazten dio. Eskolan, mahai eta aulkien artean, geldirik, gustuko duen instrumentua jotzen ikasteko, geldirik, jatetxe batera bazkaltzera bagoaz, geldirik. Eta honela, egunero-egunero, desberdina denaren mezua jasotzen du. Berak egokitu behar duela mundura, mundua ez dela bere errealitatera egokituko.

 

Eta honela, egunero- egunero, desberdina denaren mezua jasotzen du. Berak egokitu behar duela mundura, mundua ez dela bere errealitatera egokituko.


Nik modu batera edo bestera adierazten diot, munduan guztientzako lekua dagoela, aniztasuna aberasgarria dela eta zorionez guztiak desberdinak garela, hori ona dela. Bera oso polita dela, batez ere barrutik, izugarrizko nortasun indartsua duelako. Korrontearen aurka egunero igeri egiten duelako. Zer nahi duen eta zer gustatzen zaion garbi duelako. Bere begi handiek askotan nekatuta dagoela adierazten didate, dena errazagoa izatea gustatuko litzaiokeela. Aniztasunaren inguruan hitz egiterakoan guztiok ondo asko ezagutzen dugu teoria, baina ondoren praktikan ez gara konturatzen pertsona handi batzuk zein txiki sentitu arazten ditugun. Egunen batean, bere buruaz harro egotea espero dut, ni behintzat, oso harro nago egunero borroka txiki horiekin geroz eta handiagoa den semeaz. Ez daki ondo, zein aberasgarria den egunero bere ondoan egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!