Trianguloatik anbulatoriora, lehen arretaren defentsan

Ataria 2022ko otsailaren 25a

TOPAk mobilizazioa egin du gaur eguerdian Tolosan. Osakidetzako langileek egindako mobilizazioarekin eta grebarekin bat egin dute.

Tolosako Trianguloatik anbulatoriora giza katea egiteko asmoa zuten TOPAk deituta elkartu diren herritarrek. Manifestazioan joan dira, azkenean. Anbolatorioaren kanpoan osasungintzako langileak zeuden, bizi duten egoera "larriaren" aurka mobilizatuta. Guztiek bat egin dute bertan. Osasun laginleak eta herritarrak elkarrekin mobilizatzea "ezinbestekoa" dela esan dute: "Pandemiaren testuinguruan larriagotu diren langileen gainkargak, lan baldintza ez duinak, lehen arretaren baliabide falta, behin-behinekotasun eta egonkortasun ezak ondorio zuzenak ditu herritarrongan: arreta kalitatearen okertzea, irisgarritasun falta, sistemaren estaldura eza, eta horrek gizartean eragiten dituen desberdintasunen areagotzea. Gertaera guzti hauen atzean dagoen inbertsio falta, murrizketa eta pribatizazioari ez esatekoa unea da".

Anbulatorioaren kanpoan elkartu direnek ondorengo eskariak egin dituzte:

  • Langileen eskubideak eta eskaerak lehenbailehen berma daitezela.
  • Osasun sistema publiko unibertsal, doako, integral, eskuragarri eta ekitatezkoa bermatzea.
  • Osasunerako eskubidea politika publiko ororen ardatz izan dadila.
  • Pribatizazioa eten eta zerbitzu guztien errebertsioa eta publifikazioa sustatzea, baita mutua eta mutualidadeena.
  • Osasun sistemaren demokratizazioa.
  • Paziente euskaldunoi euskaraz artatzea bermatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!