Trianguloa plazako azokako postuak Zerkausian kokatuko dituzte larunbatetik aurrera

Ataria 2022ko otsailaren 24a

Osasun larrialdia indargabetuta, pixkanaka ohiko eremuetara itzuliko da Tolosako larunbateroko azoka. Lehen urrats modura, Trianguloa plazako postuak Zerkausira lekualdatuko dituzte.

Pandemia garaian, indarrean izan diren neurriei jarraituz, eta pertsonen arteko distantzia mantentzeko, ohiko hiru plazetatik harago, Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan kokatu dira, orain artean, azokako postuak. Osasun larrialdi egoera indargabetuta ordea, ohiko eremuetara itzuliko da larunbateroko azoka, udalak esan duenez. Gauzak horrela, lehen urrats modura, Trianguloko postuak Zerkausira lekualdatuko dituzte larunbatetik aurrera. Horretarako, berrantolatu egingo dute Zerkausiko postuen kokapena.

Udalak esan du pandemia garaia baliatu duela Azoka Lagunak proiektua abiarazteaz gain, "azoka garai berrietara egokitzeko urratsak egiteko eta larunbateroko azoken eremuen azterketa eta berrantolaketa egiteko, azokak indartzeko estrategia zabal baten barruan". Azokagile eta ekoizleekin proposamena landu eta adostu ondoren, larunbatean antolaketa berria martxan jarriko du Zerkausian eta datozen hilabeteetan lanketari jarraipena emango dio, postuak berrantolatu eta azoka gune guztiei irudi bateratua emateko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!