Beste urte batez, martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunerako, askotariko ekintzez osatutako egitarau zabala antolatu du Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak. "Martxoa emakumeen hilabetea izango da; emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko konpromisoa erakutsi behar dugu, berdintasun eta parekidetasun errealaren alde", adierazi dute sailetik.
Martxoaren 4an (ostirala) izango da lehen saioa, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Alianzas rebeldes. Un feminismo mas alla de la identidad izeneko mahai-inguruan (gaztelaniaz) parte hartuko dute dute Laura Macayak (generoan eta feminismoan arreta eta aholkularitzan aditua), Nuria Alabaok (Antropologian doktorea, kazetaria eta ikertzailea) eta Migel Missek (soziologoa eta trans aktibista); Laura Gomez (Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun teknikaria, politologoa eta ikertzailea) izango da moderatzailea. Streaming bidez, udalaren webgunean (Tolosa.eus), ere jarraitu ahal izango da saioa. "Feminismoa ulertzeko beste modu batzuk plazaratu nahi ditu, beste begirada batzuk, beste iritzi batzuk, feminismoaren aniztasuna normalizatuz eta bere baitan hainbat ikuspegi, estrategia eta analisi daudela erakutsiz", azaldu dute antolatzaileek.
Martxoaren 5ean, larunbata, eta 6an, igandea, La hija oscura filma ikusteko aukera izango da, Leidor aretoan. 21:30ean hasiko da larunbateko saioa; igandekoa, berriz, 19:00etan. Elena Ferranteren liburuan dago oinarrituta.
Martxoaren 8an, Emakumeak eta pandemia erakusketa inauguratuko dute Aranburu Jauregian, 12:00etan. Apirilaren 23ra arte egongo da zabalik. 53 emakumek parte hartuko dute, eta guztira 60 lan artistiko aurkeztuko dituzte. Horien artean Tolosaldeko 12 emakume daude: Miren Atxaga, Arantza Munita, Idoia Elosegi, Leire Markinez, Martina Dasnoy, Miren Gonzalez, Nisa Goiburu, Ura Iturralde, Dara Bonino, Arantxa Orbegozo, Nerea Linazasoro eta Elena Arrese.
Izenburuak jasotzen duen moduan, lan artistikoen bidez, osasun pandemiak, sozialki zein ekonomikoki emakumeentzat ekarri duen oro adierazi eta transmititu nahi du erakusketak. "Nagusi diren genero-rolen ondorioz, pandemiak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak areagotu ditu. Lanpostuen galerari dagokionez, emakumeok izan gara kaltetu nagusiak. Telelana orokortu egin da, erantzunkidetasunaren printzipioa aintzat hartu gabe eta genero-ikuspegirik gabe. Emakume askok osasun arloko arlo feminizatuetan egiten dute lan, eta horregatik, gaixotasunarekiko esposizio handiagoa izan dute. Gainera, konfinamenduak areagotu egin du etxeko indarkeria matxista; batetik, isolamenduagatik, eta bestetik, erasotzailearekin nahitaez bizi beharragatik. Horrek guztiak zaildu egin du babeserako baliabideak eskuratzeko bidea".
Apirilaren 23ra arte egongo da zabalik erakusketa, eta data horretara bitartean, bisita gidatuak eskainiko dituzte: martxoaren 17an (osteguna) eta apirilaren 12an (asteartea), 19:00etan. Bisita horietan parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezua bidaliz edo 943 670 383 telefono zenbakira deituz.
Martxoaren 9an, asteazkena, 19:30ean, eRRe. Aldarri bat bertsoz emanaldia eskainiko dute Topic-en. Antzerkia eta bertsoak uztartzen dituen saioa da, Haizea eta Oihana Arana, Leire Vargas eta Aner Euzkitze protagonista dituena. "Hamar piezaz osatutako emanaldia da, hainbat dualismo mahai gainera eramaten dituena. Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz".
Dramatizatutako bertso-paperek borobiltzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. "Genero-ikuspegia ardatz hartuta, LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma aztertuko dira, beste dualismo batzuekin batera".
Martxoaren 11n, ostirala, 19:30ean hasita, Gure Hots dokumentala proiektatuko dute Topic-en. "Azken 40 urteetako emakumeen ikuspegiaren erradiografia bat da. Euskal Herriko emakume desberdinen testigantza jasotzen ditu, adin eta eremu desberdinetako errealitateen ikuspegia emanez". Besteak beste, Itxaro Borda, Caroline Phillips, Alaia Martin, Maite Ariztegi, Ane Ablanedo, Estibaliz Besa, Alizia Aleman, Maddi Zubeldia, Mati Iturralde, Josebe Iturriotz, Isabel Elizalde, Irantzu Varela, Nekane Jurado eta Arantza Urkaregik parte hartzen dute. Dokumentala proiektatu ondoren, solasaldi partekatua egingo dute bertaratzen direnekin.
Martxoaren 15ean, asteartea, Zinegoak, XIX. Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ospatuko da, Topic-en. 19:30ean hasiko da eta ondorengo film laburrak eskainiko dituzte:
- Les filles ne marchent pas seules la nuit.
- Elsa.
- No deberias.
- Berak Baleki.
- To the future, with love.
- Ob scena.