Juan Garmendia Larrañagaren bilduma Tolosaren esku geratu da

Ataria 2022ko ots. 18a, 14:59

Etnografo tolosarraren semeek Tolosako Udalari donazioan eman diote aitaren 2.000 liburutik gorako bilduma.

Tolosako Udalak duela zazpi urte zendutako Juan Garmendia Larrañagaren liburu bilduma jaso du dohaintzan. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Iñaki Garmendia Galardik Juan Garmendia Larrañagaren semeak sinatu duten dokumentuak zehazten du, Larrañagaren 2.000tik gorako liburu bilduma udalak jaso eta etorkizunean Trianguloan eraikiko den liburutegi berrian fondo berezi baten moduan jasoko duela, "tolosar guztien esku egon dadin". Hori horrela izan dadin, udalak fondoa sailkatu eta katalogatzeko konpromisoa hartu du.

Hain justu, Juan Garmendia Larrañaga omentzeko eta sendiak eginiko dohaintza eskertze aldera, ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean Tolosako Udalak Topic zentroan. Larrañagaren gertukoak ez ezik, erakundeetako ordezkariak ere bertan izan ziren.

Tolosako alkateak Larrañagaren familiari eskerrak emateko baliatu zuen unea, eta etnografo tolosarraren ekarpena nabarmendu zuen, besteak beste, inauterietako lehendabiziko liburua berak idatzitakoa dela edota 1998. urtean Tolosako Udalak seme kuttun izendatu zuela gogoratuz.

Jose Mari Velez de Mendizabal eta Juan Agirre Sorondo idazleak eta Larrañagaren gertukoak izan ziren ekitaldia gidatu zutenak. Etnografo tolosarraren ibilbidea, izaera edota pasadizoak ekarri zituzten gogora. Larrañaga tolosar sentitzen zela eta ez zuela saltzeko bere izaera azpimarratu zuten, "hitzez ez ezik, baita idazlanez ere, nekez sortuko baita Tolosaren inguruan hainbeste idatziko duenik". Sari eta errekonozimendu ugari jaso zituela ere gogoratu zuten, "baina ilusio handiena Tolosako seme kuttunarenak egiten zion".

Euskaltzalea zela nabarmendu zuten, eta bitxikeria bezala, Ramos Azkarateren bere egindako hitzak ere aipatu zituzten: "Zeruan jai egunetan euskaraz egiten da". Bestalde, gizartearen mamia inork gutxik bezala ezagutu zuela esan zuten, "gizartean errotuta bizi izan baitzen". "Berezia eta eskuzabala" zela azaldu zuten, eta berarekin solasaldiak izatea "plazera" zela, "entzuten jakiten zuelako".

"Estilo kultua" zuela, baina "kultismorik gabea" azpimarratu zuten, eta berak maiz errepikatzen zuen esaldia gogoratuz, "Berezko argia izan behar da", Juan Garmendia Larrañagak "argi" dagoela berezko argia zuela esan zuten. 

Etnografoa oroitu eta gogoratzeko pasarteen artean, Arimaz Kamera Orkestraren doinuak partekatu zituzten. Gogoko zuen musika izan zen entzungai, tartean, Ignacio Mokoroa musikagile tolosarra eta Larrañagaren laguna zen pieza bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!