BABESTUTAKO EDUKIA

Entzumena zaintzeko zentro berria, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 17a, 09:59

Rondilla kalean ireki du Iker Anduezak Altoyclaro entzumen osasuna zaintzeko zentroa; euskarazko zerbitzua eta gertukoa eskaintzen du.

Gorren entzungailu edo audifonoen munduan duela 15 urte hasi zen lanean Iker Andueza hernaniarra. Beste enpresa batzuetan aritu zen lanean, eta berak bakarrik zerbitzu hobea eskaini zezakeela pentsatuta, Donostian ireki zuen Altoyclaro osasun zentroa. Sei urteko ibilbidea egina du Donostian lanean, eta orain, izen berarekin, Tolosan ireki du entzumen osasuna zaintzeko zentro berria.

Bere garaian Tolosan lan egin zuen, eta betidanik «gustatu» izan zaiola herria kontatu du. «Aspalditik nuen Tolosa buruan, eta orain iritsi zait zentroa irekitzeko momentua», adierazi du Anduezak. Trianguloa plazara begira ireki berri ditu ateak Altoyclaro entzumen osasuna zentroak, Rondilla kaleko 6. zenbakian.

Enpresa ez da kate handi batekoa, eta Anduezak azpimarra jarri nahi izan du zerbitzuan: «Euskaraz egiten dugu lan, eta bezero bakoitzari denbora gehiago eskaintzen diogu, hau da, bakoitzari behar duen denbora eskainiko diogu gurean». Zerbitzua «gertukoa eta pertsonalagoa» dela esan du Anduezak.

Enpresa guztien helburua dirua lortzea izan ohi dela adierazi du, baina «gure helburua audifonoak saltzea baino gehiago, jendeari hobeto entzuten laguntzea da». «Guk ez dugu nahi guregana norbait etorri, eta gaizki joatea. Alde batera edo bestera irtenbidea bilatuko diogu». Haurrekin ez dute lanik egiten, baina 14 urtetik gorako guztientzat ateak zabalik ditu Tolosako Altoyclaro osasun zentroak.

Gorputzeko beste zenbait atalen moduan, belarriek ere zainketa behar dutela dio Anduezak. Belarriei lotuta gaixotasun asko daudela ekarri du gogora, eta 50 urtetik aurrera urtean behin azterketa egitea komeni dela azpimarratu du. «Hori dohainik da», dio. «Guk ez dugu inoiz kobratzen azterketa egitea». Eta garaiz detektatutako arazoek irtenbidea ere izan dezaketela esan du.

PREBENTZIOA DA GAKOA

Prebentzioan lan egiten dute, eta joaten den pertsonak ez badu ezer behar, hurrengo urtera arte agurtuko dute. Belarriaren zaintza bigarren plano batean dagoela dio, hau da, jendeak ez diola behar besteko garrantziarik ematen. Nahiz eta entzumena jaitsi, jendeak aurrera jarraitzen duela zehaztu du: «Hona normalean jendea haserre etortzen da. Behartuta edo jada ezin duelako jasan».

Pixkana aldatzen hasi bada ere, adinekoen kontua delakoan dagoela gizartea kontatu du, eta lotsa dagoela dio. «Ez da ohikoena, baina guk 20 eta 40 urte bitarteko gazteak ere baditugu audifonoekin».

Lotarako, igerilekurako edota dutxarako tapoiak ere egiten dituzte, eta baita soinuarekin lan egiten dutenentzako ere.

Gaur egun mota eta tamaina askotako gailuak daudela esan du, eta nahiz eta beraien osasun zentroan jarria ez izan, etxe guztiekin egiten dutela lan argitu du. «Daukagun bizitzarekin edo izan dugunarekin gogoan izan behar da belarriak memoria daukala», azpimarratu du. Pertsona bakoitzak izan duen lanaren arabera, horrek, belarrian eragin zuzena izan dezake: «Bakoitzari behar duena jartzen diogu, eta ez guk nahi duguna», argitu du. Pertsona bakoitzean jartzen dute arreta. «Galera bera izan dezakete bi pertsonek, baina duten bizimoduaren arabera bakoitzari eman beharreko soluzioa ezberdina izan daiteke».

«Belarriaren eta bizimoduaren arabera aukeratzen dugu, eta baita adinaren arabera ere», zehaztu du. «Jende guztiari ez diogu berdina jartzen, eta gauza asko ikusten dira ezer egin baino lehenago».

Esan bezala pertsona guztientzat dituzte ateak zabalik, eta nahikoa da 943 06 33 46 telefono zenbakira deitu eta hitzordua hartzea: «Inongo kezkarik gabe etorri, eta gure aholkua emango diogu zer behar duen esanez edota dagoeneko jarria duenaren gainean. Gero bakoitzak nahi duena egingo du».

Anduezak garbi du zer nahi duen: «Jendea pozik egotea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!