Erreportajea

Euskara irakatsi nahiak, 100 urte

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 16a, 07:59

Urtarrilaren 9an mende bat bete zen Tolosako Euskal Ikastola proiektua martxan jarri zela; zenbait tolosar euskaltzalek sortu zuten, eta 1936an itxi behar izan bazuten ere, jarraipena izan zuen gero.

Irakasle bat eta lau haur. Horiek nahikoak izan ziren, 1922ko urtarrilaren 9an, Tolosan, Euskal Herri mailako lehenengotariko Euskal Ikastola sortzeko (orduko eskola misto bakarra). «Ez da harritzekoa. Kulturgile euskaltzale eta abertzale ugariren elkargunea zen Tolosa. Euskaraz erakusten zuten eskolak salbuespenak ziren, eta hemen ez zegoen halakorik. Galtzera zihoan hizkuntza (euskara) irakatsiz, salbatzea zuten helburu, etorkizuneko helduek euskaraz ikas zezaten», azaldu du Haritz Azurmendik, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa burutzen ari den albizturtarrak.

Herri handi eta aberatsa zen Tolosa; industriagintzak, papergintzak eta merkataritzak pisu handia zuten, hamarkada batzuk atzerago Gipuzkoako hiriburu izan zen herrian. Kalean giro erdalduna zen nagusi, eta euskara jasaten ari zen beherakadaz eta bazterkeriaz jabetuta, herriko euskaltzale talde batek irtenbidea ematea erabaki zuen. «Koordinatutako mugimendu baten lehen emaitza izan zen», adierazi du Azurmendik.

Felipe de Gorriti plazan zegoen ikastola eta gela bakarra zuen; bertan egoten ziren 3 eta 10 urte bitarteko haurrak, bakoitza bere andereñoaren inguruan. 8 urte artekoek euskaraz ikasten zuten; azken bi urteetan, ordea, gaztelaniaz ikasten zuten, batxilergorako prestatu ahal izateko. Maria Dolores Arbilla tolosarra izan zen lehen irakaslea. Bilboko etxe batean aritu zen irakasle lanetan, eta hemen ikastola ireki behar zutenean, hona etortzeko eskatu zioten. Proiektuari jarraipena emateko, baina, ikasleak behar zituzten, eta ondorengo egunetan, haur gehiagoren bila ibili ziren. Gerora, taldea handitzen ari zela ikusirik, beste irakasle baten beharraz jabetu eta Juanita Goikoetxea gazteluarrari eskatu zion laguntza Arbillak.

Euskal Pizkundeari, erakundetze batek jarraitzea «garrantzitsua» izan zela nabarmendu du Azurmendik. «Eusko Ikaskuntza sortu zen orduan. Tolosaren kasuan, Lehen Hezkuntza arautu eta gida pedagogikoak ematea ahalbidetu zuen; iparrorratz moduko bat izan zen gida hori». Arestian aipatutako taldeak, gainera, borondatezko kuota bat ordaintzen zuen hilero; «bakoitzak ahal zuena». Materialari dagokionez, orduan ez zen erraza euskaraz idatzitako liburuak lortzea; Isaac Lopez Mendizabalek idatzitakoak erabili zituzten, besteak beste, Xabiertxo, Umearen laguna eta Martin Txilibitu. Idazten eta irakurtzen batera irakasten zieten haur zaharrenei; gazteenek, berriz, abestien eta jolasen bidez ikasten zuten.

Oztopo guztiak gaindituz

Primo de Riveraren diktadura garaian, Macapinlac militarra bidali zuten Madrildik Tolosara, gobernuko ordezkari izan zedin. Hain justu, ikastolaren ondoan zegoen Ereñaga ostatuan bizi izan zen, eta bere iritziz, ikastolan politika egiten zuten; horrez gain, kexu azaldu zen, haurren zaratengatik, goizetan lo egitea ezinezkoa zitzaiola esanez. Bi arrazoi horiengatik, ikastola itxiarazi zuen; Madrildik ere ez zuten begi onez ikusten proiektu hura. Hala ere, etenaldi labur baten ondoren, berehala lortu zuten berrirekitzea, 1936an Espainiako Gerrak eztanda egin eta ibilbidea eten zuen arte.

Gorriti plazako gelan ikasle guztientzat (80 ziren) tokirik ez zegoenez, Laskoain kalean beste bat ireki zuten. 1931n ireki zuten, nahiz eta Espainiako Gerrak eztanda egitean itxi behar izan zuten. Zazpi irakasle aritu ziren bertan, Arbilla buru zutela, ia 50 bat ikaslerekin. Ikasle zaharrenak batxilergorako prestatzen hasi ziren, hilero hamabost pezeta ordainduz. «Haurrek euskaratik eta euskaraz ikastea posible zela erakutsi eta praktikan jarri zuten, traba guztien aurrean, askok ezinezkoa zela pentsatzen bazuten ere. Hasierako ametsa apustu sendo bilakatu zen» azpimarratu du Azurmendik.

Gudaren ondorioz, diktadura ezarri zenez, euskara eta berarekin erlazioa zuen guztia suntsitua izan zen; aurkitzen zituzten euskarazko liburuak, adibidez, erre egiten zituzten. «Euskara eskoletarako eta kulturarako hizkuntza bilakatzeko lanak, ordea, segida izan zuen hurrengo hamarkadetan ere», adierazi du Azurmendik. Azkenean, 1967an, duela 55 urte, eta orduan Francoren diktaduraren menpe zeudela, ikastola berri bat (gaur egungo Laskorain Ikastola) zabaltzea lortu zuten, isil-isilik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!