Alpino Uzturrekoen emaitza bikainak Belaguan

Ataria 2022ko ots. 16a, 10:55

June Aranburu, asteburuan, Belaguan, erlojupeko probaren hasieran.

Aurreko asteburuan, Belaguan, Iraupen Eskiko Euskadiko eta Nafarroako txapelketen lehen bi jardunaldiak izan zituzten, eta Alpino Uzturre elkartekoek emaitza bikainak lortu zituzten.

Larunbatean, Belaguako Ferial eskigunean, estilo libreko Esprint txapelketa izan zuten; helduak 15 urte artekoak 1,2 kilometroko zirkuituan eta 14 urtez azpiko eskiatzaileak 800 metroko zirkuituan.

Eguraldi eta elur bikainarekin, eskilari guztiak, 30 segundoko tartekin, erlojupekoan lehiatu ziren eta denbora onenak lortzen zutenekin finalerdiak eta finalak antolatu ziren, eta horietan sei eskiatzaile irteera bateratuan lehiatu ziren. Esprintak ikusgarriak eta zirraragarriak suertatu zirela diote elkartetik.

Azken sailkapenak bateratuak izan ziren, hau da, Euskadiko eta Nafarroako txapelketak sailkapen bakarrean sartuz, eta Alpino Uzturre elkarteko eskiatzaileak gustura gelditu ziren lortutakoarekin. 18 urtez azpiko nesketan Alaia Juaristi, Naroa Amantegi eta Laia Arakama lehenengo 3 postuetan sailkatu ziren; 16 urtez azpiko mutiletan, Hodei Juaristi bigarren izan zen, eta nesketan, Laia Azpilgainek ere bigarren postua eskuratu zuen; 14 urtez azpikoetan, June Aranburu lehenengoa izan zen.

Igandean, probak estilo librean izan ziren, Belaguako Contienda eskigunean. Contienda Larra inguru harkaiztsuan kokatzen da, Arlas mendipean, eta pista estuak eta gorabeheratsuak ditu; indarra eta teknika ona eskatzen dute. 18 urtez azpikoen mailan, Juaristi, Amantegik eta Arakamak 10 kilometroko lasterketa gogorra izan zuten eta esprintean lortutako postu berberak eskuratu zituzten. 16 urte azpikoek eta 14 urte azpikoek 5 kilometroko proba zuten eta Hodei Juaristi eta Laia Azpilgain bigarren izan ziren berriro, eta June Aranburu oraingoan ere irabazlea izan zen. Proba horretan Bernat Agirrek ere parte hartu zuen eta bosgarren postua lortu zuen.

Datorren asteburuan, Candanchun, iraupen eskiko Euskadi eta Nafarroako txapelketen bigarren jardunaldiak egingo dira. Oraingoan estilo libreko proba eta erreleboak izango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!