ELKARRIZKETA

«Modako liburuak euskaratzen dituztenerako irakurrita dituzte»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 19a, 07:57

Tolosako Udal Liburutegian lan egiten du Susana Larrek, eta gaur egun, irakurketa oraindik ere minoritarioa dela esan du; euskaraz gehien irakurtzen dutenak zortzi urte bitarteko haurrak direla dio.

Susana Larre liburuzaina da, eta 25 urtetik gora daramatza Tolosako Udal liburutegian lanean.

Haur eta gazteek badute liburutegira joateko ohiturarik? Eta euskaraz irakurtzen dute?

Hogeita bost bat urte daramatzat eta asko aldatu da, eta liburutegiaren erabilpena gero eta handiago dela ikusten dugu umeen eta gazteen aldetik, baina oraindik ere irakurketa minoritarioa da. Kontziente izan behar dugu. Batez ere zortzi urtetik gora gutxiengo batek irakurtzen du. Aldiz, 0-8 urte artean euskaraz asko irakurtzen dela esan dezaket. Gurasoek euskarazko baliabideak aldarrikatzen dituzte, eta euskarazkoak eskatzen dituzte, eta ikusten dut guraso gazteek ere disfrutatzen dutela haur eta gazte literaturarekin. Zortzi urtetik aurrera parekatzen hasten dela ikusten dugu, baina hemen, gaur egun, sekulan ez du gaztelaniak irabazten. Agian hamabi urtetik gora bai, baina oso aukera gutxi dago.

Euskarazko eskaintza txikiagoa da. 

Gaztelaniarekin alderatuta askoz gutxiago dago, eta argitaletxeek ahal dutena egiten dute, baina nire ustez batzuetan argitaratzen dituzten lanak ez dira kalitatezkoak. Argitalpen merkeak dira edo best seller hori argitaratzera doaz badakitelako asko salduko dutela. Normala den moduan errentagarria izan behar du, eta ezin da konparatu. Gaztelaniaz album ilustratu batzuk daude, euskaraz ez daudenak; materia, zientzia, esperimentuak,... edizio batzuk ez dira existitzen euskaraz eta nire ustez gobernuek saritu egin beharko lukete. Diru laguntzak orokorrean euskaraz editatzen denari eman beharrean, argitaletxeak gehiago arriskatu daitezen kalitateari eman beharko liokete. Nik ulertzen dut arriskatzea zaila dela eta merkatua oso txikia dela, eta bestetik negozio bat dela. Hori konpentsatzeko gobernuak egon behar du. Izenetan sartu gabe badaude lan ederrak argitaratzen dituzten argitaletxeak, eta sariak jaso izan dituzte, eta eskertzen da euren ahalegina. Badakit liburu horiek ez direla merkeak, eta ez direla saltzen beste batzuk saltzen diren moduan.

«Hamabi urtetik aurrera, gazte literaturan, euskaraz atzera egin dugu»

Haurrentzat liburuak egiten dituzten euskal idazleak badira?

Ni lanean hasi nintzenean euskal ilustratzaile gutxi zeuden. Ilustratzaileen aldetik izugarri garatu da, eta gainera emakume egile asko daude. Eta euskal idazleen aldetik betiko izenak ikusten ditut, eta baten bat gehiago. Hor ez da eman errelebo bat, eta gazte eta haur literaturan idazten dutenak gutxi dira. Orain dela urte gutxi arte 0-7 urte artekoentzat euskaraz sortutako album ilustraturik ez zen existitzen. Orain asko itzultzen ari da, eta album ilustratu pila bat daude. Editorialetan uste dut konturatu direla hor merkatua dagoela. Haur txikiei liburuak oparitzen zaizkie, eta hor merkatua dago eta hor bai ikusi dut asko sustatu edo asko garatu dela ekoizpena. Baina zortzi urtetik aurrera, eta batez ere, hamabi urtetik aurrera, gazte literaturan, nire ustez euskaraz atzera egin dugu. 10-16 urte artekoan euskaraz sortu edota itzulitako askoz ere gutxiagoa dago.

Liburuak aukeratzerakoan gaztelaniarako joerarik badute haur eta nerabeek?

Best seller edo modako liburu horiek gaztelaniaz lehenago argitaratzen dira, orduan, euskarazkoa argitaratzen denerako irakurrita dituzte. Eta saga bat baldin bada, lehena gaztelaniaz irakurri dute eta jada ez dute hizkuntza aldatu nahi. Lehen, orain dela urte batzuk, mesfidantza ere sumatzen nuen. Nazioartean arrakasta izan duten hainbat best seller gaztelaniaz irakurtzera ohituta zeuden, eta Harry Potter esaterako, euskaraz eskaintzen zenien, eta zalantza izaten zuten berdina izango ote zen edo ez. Gaur egun ez da gertatzen. Euskaraz irakurtzen duenari euskarara itzulitako liburua eskaintzen diozu, eta hartzen du. Gertatzen dena da berandu argitaratzen direla. 

Euskararako itzulpenak hobetu egin dira?

Itzulpengintza da hobera egin duen beste arlo bat. Gero eta itzulpen hobeak egiten dira. Hamar urteko bat irakurtzen hasi bada eta gehien gustatzen zaiona gaztelaniaz baino ez badago, eta euskaraz irakurtzeko ohitura galtzen badu, zaila da berreskuratzea. Gero, bestalde, derrigorrezko irakurketa batzuk daude. Euskarazko liburu batzuk derrigorrez irakurri behar dituzte, eta batzuk ez dira oso gustukoak edo ez dira errazak euren adinerako, eta orduan eskolarekin lotzen dute eta ez disfrutatzearekin.

«Urteetan sortu den izugarrizko ekoizpena dago, eta hori digitalizatu beharko litzateke»

Zer esan derrigortuta irakurtzeaz?

Nik uste dut bereizi egin behar dela. Gauza bat da irakurzaletasuna, eta bestea da derrigorrez irakurri behar duguna, eta derrigorrez irakurri behar dugu. Eta beste aldi bat da trebatzen ari garenekoa. Ume bat sei urterekin irakurtzen ikasten hasten denean trebatu egin behar da. Ekin eta ekin aritu behar du, eta deszifratzen ikasten ari denean ez da batere dibertigarria, eta atzetik ibili behar duzu irakurri dezaten. Guraso batzuk ulertzen dut etsita egotea. Epe bat da eta guztiek pasa behar dute ikasi arte. Gero, eskoletan, curriculuma bete ahal izateko derrigorrezko irakurketa batzuk dituzte, eta liburu batzuk ez dira errazak. Irakurketa hori gozatu dezaten eta samurrago izan dadin, klasean saio bat ozen egin daiteke, liburuari lotutako filma ikusi edo beste zerbait... eta horrela ikasleak pixka bat erakarriko dituzte. Gero aparte irakurzaletasuna dago, eta ez da batere lantzen.

Eta hori?

Orain hasi dira toki batzuetan pixka bat lantzen. Hainbat tokitan ez dakite nola landu. Derrigorrezko irakurketa horretatik abiatzen dira, eta agian ez dute libururik egokiena aukeratzen, eta gainera azterketa jartzen diete. Horrela zaila da zaletasuna lantzea. Irakurketarako adina eta adin biologikoa ez doaz bat, eta hemen gutxiago. Haur batek hamar urterekin euskaraz hobeto irakur dezake, eta beste batek gaztelaniaz. Maila desberdinak daude, eta batzuk zailtasunak dituzte irakurtzeko. Guztientzat liburu bat aukeratzea zaila da.

Ikastetxeak eguneratu dira?

Irakaslearen arabera da askotan, baina ikastetxe batzuetan ikusten dut baietz. Curriculumerako dituzten irakurketak osagarrien bidez lantzen dituzte. Irakurketa klubak falta direla uste dut, hau da, literatura hizketaldiak. Klasean denen artean irakurtzen dute, zatika banatuta, eta gero sentitu duten horri buruz hitz egiten dute. Horiek oso efektiboak dira. Formatuan ere badago giltza. Zergatik beti nobela? Esaterako, komikia hor dago, eta izugarrizko baliabidea iruditzen zait jendea irakurketara erakartzeko. Eta ez duzu letra bakarrik lantzen. Irakurketa oso bestelakoa da. Marrazketa dago eta gauza pila bat landu ditzakezu. Beldurra ematen digula uste dut. Gainera, bitartekariaren lana oso inportantea da, eta oraindik formakuntza falta da. Bestalde gu ereduak gara. Irakasleek edota gurasoek esan dezakete irakurtzea garrantzitsua dela, eta euskaraz irakurri behar dutela, baina haurrek ikusten badute bere gurasoek ez dutela irakurtzen edo gaztelaniazko nobela bat irakurtzen ari direla... gauza bat da esaten duzuna eta bestea da egiten duzuna, eta haurrek eta gazteek hori ikusten dute, eta guk egiten duguna errepikatzen dute. Helduen liburutegian maileguen emaitzak euskaraz askoz ere baxuagoak dira, eta hori da ikusten dutena. Kezka dago umeek ez dutelako irakurtzen, baina ez da egiten hausnarketa bat, eta galdetu: «Guk zer egiten dugu?».

Garrantzitsua da txiki-txikitatik hastea?

Obsesionatu gabe, baina dena da. Nik uste dut etxe batean liburuak egotea, tarteka gurasoak liburutegira joatea, noizean behin liburu denda batera sartu eta liburuak oparitzea gauza normala beharko lukeela izan. Liburua presente egotea oso garrantzitsua da. Kirola edo beste gauza batzuk bezala. Normaltasunez eta presiorik gabe. Txikiak direnean oso irekiak dira, baina dena ezin da eskolaren esku utzi eta gurasoei dagokie laguntzea. Lantalde bat izan behar da irakaslea eta familia. Lortzen da, baina asko eta asko hamar urte dituztenean etortzen dira ez dutela irakurtzen esanez. Noiz izan du gertu? Eta hala ere, nahiz eta zu gainean egon eta irakurri, baliteke ume batek zailtasunak izatea. 

Testu mota ezberdinak irakurri behar dituzte?

Herritarrak formatzea da helburua kritikoak izan daitezen. Irakurketarekin hori landu behar da euren iritzi propioa garatzeko eta konparatzeko. Txikiak eta gazteak direnean trebatu egin behar dira, eta testu ezberdinak eman behar zaizkie, genero ezberdinak, eta best sellerrak, hau da, espagetiak, baina baita arraina ere. Gai izan daitezen edozein testu irakurtzeko, eta ez bakarrik errazak. Bizitzan ez diete erraza jarriko, eta diskurtsoak ezkutuan egongo dira. Eta ez hori bakarrik, irakurketa klubetan egiten den moduan irakurri eta gero jendearekin konpartitzen badute, defendatzen edo euren ideiak azaltzen ikasiko dute. Eskoletan denbora edukiko balute nik bi gauza egingo nituzke. Alde batetik, uste dut irakasleek gehiago irakurri behar dutela; izan ere, batzuk ez dituzte gaur egun ekoizten diren gauza onak ezagutzen. Horretarako udal liburutegiekin kolaboratu dezakete. Bestalde, nik irakurketa kritiko bat sustatuko nuke, non, ikasleek eta irakasleek eztabaidatzen duten, eta liburuaren gainean hitz egiten duten.

Euskaraz bada mota guztietako ekoizpenik?

Gutxiago. Esaterako, komikiak aipatu ditudala Astiberrik apustua egin eta komiki batzuk ateratzen ari da zortzi urtetik gorakoentzat, eta izugarrizko arrakasta izaten ari dira. Txalogarria da. Zazpi urterekin oraindik irakurtzea kostatzen zaiela ikusita komikia egokia da disfrutatzeko. Euskaraz falta ziren komikiak. Oso gutxi dago. Eta konfinamenduan konturatu nintzen digitalean umeentzako euskarazko literaturarik ez dagoela.

Eta pantaila asko erabiltzen da.

Noski, eta konfinatzen baldin bagaituzte konfinatu gintuzten bezala, hainbat umek zeukaten aukera bakarra, gure kasuan, eliburutegia erabiltzea zen. Mailegurako plataforma digitala da. Plataforma helduentzako sortu zela ikusten da, euskal literatura badago euskaraz, baina umeentzako... Galdetu nuenean ez dagoela eta ezin dugula erosi izan zen erantzuna. Hemen ere gobernuak badu lana. Urteetan sortu den izugarrizko ekoizpena dago, eta hori digitalizatu beharko litzateke. Gainera titulu asko agortu egiten dira, eta berriz ez dira publikatzen eta desagertu egiten dira betiko. Euskarazko liburu batzuk zoragarriak dira, eta ezin dira lortu, baina bost urtetara. Ateratzen den guztia digitalizatuko balitz, eta ale bat eliburutegira joango balitz, hor edukiko genuke deskargatzeko.

Beharrezkoa da digitalizatzea.

Jaiotzetik digitalak diren belaunaldiaz ari gara. Oraindik ere, album ilustratu bat gozatzeko hobeto paperean, baina gutxienez norbaitek irakurri behar badu eta agortua badago, eta liburutegikoa jada puskatuta, gutxienez sarean edukiko genuke bat.

Ez da ahaleginik egin?

Nire ustez ez. Baina nik ez dakit zein zailtasun egon daitezkeen, eta jakin gabe ari naiz hizketan. Merkatu bat izan daiteke, eta deskarga bakoitzeko ordaintzen zaie. Mailegu legal bat da. Diru laguntzak egon beharko lukete argitaletxeentzat. Eta berriz esaten dut, euskaraz lortu ezin diren liburuak daude. Merkatua txikia da, eta gainera lau urtetara agortuz gero, ezin da lortu. Ez dut ulertzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!