Tolosako Udalak, negu aldera, Zuhaitz Eguna ospatzen du; aurten, ikasle komunitate osoa ordezkatuz, Laskorain ikastolako 5. mailako ikasleekin egingo dute landaketa, ostegunean, Amarotz auzoko basoan. Guztira, 100 ikasle inguruk hartuko dute parte, beraien irakasleek lagunduta, Tolosako Ingurumen Zentroak udalarekin antolatutako ekimenean. Hori dela eta, gorostiak eta erramuak landatuko dira, ostegunean, Amarotz auzoko basoan, natura eremu horren biodibertsitatea handitzeko helburuarekin. Bide batez, landare horiek babes-pantaila funtzioa betetzea lortuko da. Lan horretan Goroldi taldearen laguntza izango dute ikasleek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, urtero egiten den zuhaitz landaketak, zuhaitzek gure ingurumenean duten garrantzia gogorarazteko helburua du: "klima aldaketaren abiadura moteltzen laguntzen dute, kutsadura gutxitzen dute eta herritarrak lasaitzeko eragin handia dute, besteak beste". Bestetik, herritar gazteen artean naturaren aldeko ekintzak sustatu, zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatu eta herriko egunerokotasunean partaidetza praktikan jarri nahi da.
Laskorain Ikastolako taldearekin zuhaitzak landatzeaz gain, herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek zuhaitzek ematen dituzten onurak lantzeko eta zuhaitzei buruz gehiago jakiteko materiala landuko dute. Gainera, aurten Tolosaldeko Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan, bat dator herriko gaztetxoak lantzen ari diren gaiarekin: basoak.
Amarozko basoa
Landaketa egin den basoa, haritz amerikarrez osatua dago eta bere inguruan, pinudi bat dago. 2020an hasi zituen udalak eremua berreskuratzeko lanak. Gazte talde batekin antolatutako auzolandegian sastrakak kentzeko lanak burutu eta bideak egokitu ziren. Ondoren odonatuen (burruntziak eta sorgin orratzak) zein anfibioen mesederako eta inguruko biodibertsitatea areagotzeko asmoz, urmael bat sortu zen.
Gaur egun, Baso Eskola proiektua lantzeko erabiltzen da natur eremu hau, eta egunero, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak gerturatzen dira naturan bizitzeko eta hezteko helburuarekin. "Baina ez dira hemen bukatuko baso hau berreskuratzeko lanak. Datozen egunetan beste hainbat ikasle taldek landaketa gehiago egingo dituzte natura gune honetan, baso eder bat sortzeko asmoz, espezie ezberdinetakoa aprobetxamendu didaktikorako eta tolosar guztien gozamenerako".