Langileak "egunerokotasunean bizitzen duen biolentzia" izan dute hizpide

Ataria 2022ko ots. 12a, 14:08

Gaur egindako hitzaldiaren une bat.

Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sareak antolatuta, Laneko gehiegikeriei aurre egiteko gakoak izeneko hitzaldia eman dute Tolosako Abastos erakinean, Bategin Goierriko Langile Autodefentsa Sarearen kolaborazioarekin.

Laneko gehiegikeriak kasu isolatu bezala landu baino, Langile Autodefentsa Saretik nabarmendu dutenez kontuan hartu behar da "langileak soldatapeko lanaren erlazioan eta sistema kapitalista honetan bere egunerokotasunean bizitzen duen biolentzia". Azken hilabeteetan Normaltasun berria, langileon miseria dinamika landu dute, eta hor bi puntutan zentratu dira: "Batetik, beltzean egindako kontratuak, eta, bestetik, ez ordaintzeak. Baina orokortasun batean tratatu beharrekoak dira gehiegikeriak, hau da, gure lan indarra saldu behar izatea da gehiegikeria eta bertan ematen diren baldintzak".

Gehiegikeriei aurre egiteko gakoen inguruan aritu dira gaurko hitzaldian, eta arlo horretan erreminta juridikoak eta borroka formak aipatu dituzte. "Langile Autodefentsa Sarea ez da izaera asistentzialera mugatzen, ez dio langileari asistentzia eman eta hor bakarrik geratzen, baizik eta klase elkartasun bat saretzeko bidean beharrezkoa ikusten dugu langileak lan gatazketan aurrera egitea, sarearen laguntzaz. Borroka molde konkretuetan, hau da, erreminta politikoen bidez, eta ezagutza juridikoen bidez", zehaztu dute.

Gaurko hitzaldiarekin amaiera eman diote Normaltasun berria, langileon miseria kanpainari. "COVID-19aren harira, eman den krisi testuinguru honetan, ofentsiba kapitalista areagotu da, eta ikusi da pandemian zehar lanaren behin behinekotasuna presente egon dela, eta eskubideen galera ematen ari dela, bai politikoa, bai zibila eta baita soziala ere, eta horren aurrean guk dugun ikuspegia da langileen batasuna saretzea beharrezkoa dela, eta ez soilik politikari profesionalen terminoetan. Hau da, ez erreforma laboral baten bidez, ez lege baten bidez eskubide hauek lortuz, baizik eta benetako langile batasun bat saretuz", azaldu dute. Ez dute nahi mugatu soilik "asistentziara eta erreformismora", baizik langile boterea saretzea, "batez ere datozen garai beltz hauen aurrean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!