Errentegibelen likidazioarekin higiezinak birgaitzeko laguntzak desagertu direla salatu du EH Bilduk

Ataria 2022ko ots. 11a, 10:26

Tolosako EH Bilduk salatu duenez, udal gobernuak ez du ordenantzarik idatzi diru laguntzak eman ahal izateko.

Tolosako Alde Zaharra birgaitzeko asmoz, 1998. urtean Erretengibel udal sozietatea osatu zen. Sozietate honek Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharrean zein beste eremu batzuetan kokatutako etxebizitzak birgaitzeko eta alokairu babestuetarako ematen dituen laguntzak kudeatzeaz gain, eraikin, etxebizitza eta lokaletan elementu komunak eta elementu pribatuak birgaitzeko laguntzak eman izan ditu urteetan.

2020ko azaroaren 26ko osoko bilkuran ordea, Erretengibelek zituen aktibo eta pasibo guztiak Tolosako Udalari lagatzea onartu zuten udal ordezkariek, sozietatea desegite aldera. Lagapen horrekin, sozietateak zituen ondasunez gain, betebeharrak ere udalaren esku utzi zituzten, besteak beste, tolosarrei ematen zaizkien diru laguntzen kudeaketa.

Udal gobernuak 2021erako aurkeztutako aurrekontuan diru laguntza lerro berri bezala iragarri zirenak, Erretengibelek aurretik ematen zituenak baino ez ziren. "2021. urtea joan zaigu jada, eta diru laguntza horiek banatzeko aurrekontuetan jarri ziren 170.000 euroetatik ez da xentimo bat ere bideratu tolosarron etxebizitzen birgaitze lanak finantzatzera, eskariak egon badira ere", esan du EH Bilduk. Izan ere, koalizioak salatu duenez, Erretengibel desegin zenetik urtebete baino gehiago igaro bada ere, diru laguntza horiek emateko ordenantzak osatu gabe daude oraindik, eta beraz, tolosar asko diru laguntza horiek jaso ezinik daude.

Tolosako EH Bilduren ustez Erretengibelen desegitea ez zen bat batekoa izan, aurreikusitako erabakia baizik. "Horregatik ulergaitza egiten zaigu gobernuaren aurreikuspen faltagatik herritarrek diru laguntzak jaso ezin izatea ordenantzak egin gabe daudelako, desegin aurretik zein gerora igarotako urtebete pasatxo honetan denbora izan duten arren. Tolosar askok diru laguntza horien premia izango dute".



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!