Alpino Uzturreko eskiatzaileak fin ari dira Espainiako Kopan

Ataria 2022ko ots. 10a, 17:08

Alaia Juaristi, Marxa Beret proban.

Dagoeneko sei probatan parte hartu dute, eta Alaia Juaristi sailkapeneko lehen postuan dago 18 urtez azpiko mailan.

Sona handia izan zuen Imanol Rojok, Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetan, igandean eskiatloi proban lortu zuen 21. postuarekin. Eta lorpen horrekin gozatuta, Alpino Uzturre Elkarteko beste iraupen eskiatzaileek gogo biziz aurre egin zioten Marxa Beret probari. Bertan Espainiako Kopako bi probatan parte hartu zuten.

Denboraldia hasteko Naut Aran eta Linzako herri probetan parte hartu zuten Alpino Uzturrekoek, eta behin urtarrilean sartuta, Espainiako Kopako sei probetan lehiatu dira Candanchu (Aragoiko txapelketak), Lles (Kataluniako txapelketak) eta Beret (esprint eta distantzia luzeko Espainiako txapelketak) estazioetan.

Sei probetan metatutako puntuak batuz, 18 urtez azpiko mailan Alaia Juaristi da lehenengoa, Naroa Amantegi laugarren eta Laia Lin Arakama seigarren. 14 urtez azpiko mailan June Aranburu bigarren postuan dago eta 16 urtez azpiko mailan Hodei Juaristi hirugarren doa. Master mailan, Igor Aranburu bigarren dago eta Harkaitz Labeaga laugarren. Bestalde, Laia Azpilgain 16 urtez azpiko mailan eta Bernat Agirre 14 urtez azpiko mailan parte hartzen ari dira, baina ezin izan dute zenbait probatara joan.

Nabarmentzekoa da ere Alaia Juaristik Bereten jokatuko Espainiako txapelketetan, 18 urtez azpikoan irabazi egin zuela esprinteko proban, eta bigarrena izan zela distantzia luzekoan.

Datozen bi asteburuak beteak izango dituzte Alpino Uzturreko eskiatzaileek. Belaguan (otsailak 12 eta 13) eta Candanchun (otsailak 19 eta 20), eta horiez gain, Hego Euskal Herriko hainbat txapelketatan parte hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!