elkarrizketa

«Gutxitan gertatu zait diskoa bukatu eta halako lasaitasuna sentitzea»

Asier Imaz / Josu Artutxa 2022ko ots. 10a, 19:59

Ruper Ordorika musikari oñatiarrak 'Amour eta Toujours' bere azken lana aurkeztuko du, bihar, Tolosako Leidor aretoan; ez da bakarrik ariko, Mugalaris taldea izango du ondoan, 20:30ean hasiko den saioan.

Ia deskribaezina da Ruper Ordorikak (Oñati, 1956) Kubarekiko sentitzen duen maitasuna. Horrela, bere ohiko fintasunarekin, bertako klabean grabatutako lan berezia argitaratu berri du: Amour eta Toujours. Tolosan aurkeztuko du bihar, 20:30ean.

Zer esan nahi dute amour eta toujours hitzek?

Maitasuna eta betikotasuna esan nahi dute. Frantziako literaturako errima errazei eta alde sentimentalaren erretorika merkeari egiten dio erreferentzia. Joseba Sarrionandiaren poema batean agertzen diren hitzak dira; nik Kantuaren gauza galdua abestian sartu nituen gero. «Amour eta toujours bezalako errimak zaborretara» nioen kantuan.

Maitasuna eta betikotasuna, zaborretara, beraz.

[Barreak] Hobe esanda, errimarako maitasuna eta betikotasuna zaborretara.

Zuk, zaborretara bota ordez, diskora ekarri dituzu.

Guztiok ditugu iritziak Kubako sonaren eta kantuen inguruan. Baina egia esan behar badut, urte luzez, aurrekoen, hau da, gure aiten eta amen gauza kontsideratu izan dut hori, urruneko zerbait. Izan ere, musikalki beste mundu batekoa sentitzen naiz, eta urteak pasa dira nire burua bertatik hurbil sentitzeko.

Hara joan eta bertako musikariekin batera jotzen hasi nintzenean, konturatu nintzen zeinen mundu aberatsa zen. Lehenago, bertako musika entzuten hasi nintzen, batez ere, musika tradizionala, eta bereziki, Maria Teresa Vega. Ideia potoloenak adierazteko, errimaz betetako esaldi sinpleak eta hitz-jokoak erabiltzen zituztela ohartu nintzen. Azkenean, kantu horiek barruraino heltzen zaizkizu, erritmoagatik eta doinuagatik, baina baita gaiagatik ere, gehienetan maitasunaz aritzen baitira. Horrela hasi nintzen ni ere kantuak soiltzen eta lan berria osatzen.

Lehenago gehiegi landu gabeko doinu eta erritmoetan zehar bidaiatzea egokitu zaizu?

Nire kasa egindako kantuak dira, beste diskoetakoak bezala. Erritmoari erreparatuz, euskal kantuetan bikoak erabili ohi dira; kantuetan esaerak bota ahal izateko beste klabe bat erabiltzen dugu, pausatuagoa. Kasu honetan, berriz, zerbait bitxia gertatu zait. Euskarri erritmiko horiek aldatu ditut, eta ondorioz, melodia edo doinua bera agerian geratu da kantuetan. Badirudi disko honetako abestiak melodikoagoak direla. Eraldaketa handia izan da eta nire burua sinesteko ere denbora behar izan dut.

Nolako diskoa da?

[Barreak] Galdera potoloa da. Gutxitan gertatu zait diskoa bukatu eta halako lasaitasuna sentitzea. Ibilbide luze baten ondorioz heldu da, eta ahal bezain akustikoa izan dadin saiatu naiz; ez dago aurrez grabatutako ezer. Ukitzeko moduko doinuak lortu nahi izan ditut, doinu sofistikatuak. Hamaika kantu hauek ongi biltzen dute, ahal den neurrian behintzat, Kuban bertan bizitakoa, eta hau da zor pertsonal modura sentitzen nuena.

Orain arteko zure kantuetan sakontasunari eustea lortu duzu. Kasu honetan ere hori bilatu nahi izan duzu?

Ez dakit. Frontoian bezala izan ohi da hau; batzuetan, txokora, beste batzuetan, zabalera, kantuak eskatzen dizunaren arabera. Nahiko intuitiboa izan ohi naiz ni eta datorren bezala jotzen diot pilotari. Oraingoan, Kuban izan nintzeneko bizipenak adierazten saiatu naiz, bertako arnasa sentituz. Euskaraz inspirazio gutxi dago kubatar munduaren inguruan; nik Kuban bizi den lagun baten ipuin-bilduma bat eta Habanari buruzko Sarriren testu batzuk besterik ez ditut ezagutzen.

Kubara egindako bidaietan sortuak izan dira abestiak, edo hemendik harako malenkoniatik abiatuta egin dituzu?

Ia denak hemen idatziak dira, baina badira bertan idatzitakoak ere. Literatur erreferente ugari nituen, tartean, Nicolas Gillen, eta koplak erabiliz, bertako testuinguruan sartzen ahalegindu naiz. Malenkonia baino gehiago, testigantza soil bat dira. Diskoa argitaratu berritan, ezaguna dudan kritikari batek aitortu zidan abestiekin konektatu zuela. Bahituek Stockholmgo sindromea sentitzen duten bezala, berak Habanako sindromea sentitzen zuela esan zidan. Auskalo!

Agian, malenkonia zabaltzea lortuko duzu.

Zuzenago esanda, beste munduak ukitzea lortu nahi dut.

Eta jaso duzu erantzunik Kubatik?

Ez. Egoera larrian egon dira, eta iaz, horrek galarazi zidan diskoa bertan amaitzea. Komunikazioa ere ez da erraza. Pentsa, diskoan parte hartu duen musikari batek ez du kantuak entzuterik izan, ezin izan dudalako bidali.

Posible al da diskoari buruz hitz egitean Kubako egoera politikoa alde batera uztea?

Ez zait iruditzen posible denik. Kuba ikur bat da guztiontzat, ezkertiar edo eskuindar izan. Arestian esan dudan bezala, mundu guztiak du herrialdeari buruzko ideiaren bat, eta normala iruditzen zait hori hala izatea. Hala ere, Ipar-Amerikan, Ingalaterran edota Frantzian diskoak egin izan ditudanean, inoiz ez didate bertako bizimoduaz edota testuinguruaz galdetu, baina Kubaren kasuan bai. Zinez bizimodu kontraesankorra da bertakoa, eta zaila da azaltzeko. Horrela da eta horrela izaten jarraituko du.

Esan izan duzu Kubara askotan joan zarela, eta ezer ulertu gabe jarraitzen duzula, baina sentitu egiten duzula.

Hala da, bai. Angel Katarain lagunak esaten duen bezala, zazpi aldiz joan behar da hara, gertatzen dena benetan ulertzen hasteko. Ni zazpi aldiz izan naiz eta oraindik ere ez dut ulertzen. Ikasle eskasa izango naiz, agian.

Zure kantu ugari entzuten dira oraindik askoren ahoetan. Disko honetako abestiekin ere hori lortu nahi duzu?

Egia da musikaren dohainetako bat bizirauten duten kantuak lortzea dela, baina ez da hori izaten musikarion helburua. Entzuleak borobiltzen du kantua; horrela sentitzen dut. Askotan, oihartzuna lortzea ez dagokigu guri edo kantuari berari.

Horrelakoetan, asko laguntzen dute ere inguruko musikariek. Tolosan, zuretzat oso berezia den Mugalaris taldearekin ariko zara.

Taldeko musikariak aldatzen joan badira ere, hamabi urte dira azken formazioarekin batera nabilela, eta babesleku handia da. Niretzat banda batekin aritzea, beste leku batzuen bila aritzea eta beste esparru batzuk izendatzea da. Tolosako saioan, gainera, bi lagun berezi ariko dira gurekin: Eduardo Lazaga perkusio-jotzaile kubatarra eta Nando De La Casa aspaldiko taldekidea.

Eta Tolosako publikoak babesten al du musikaria?

Askotan aritu izan naiz Tolosan eta oroitzapen onak ditut. Eskertzekoa da horrelako antzoki batean aritzea, bizipoza ematen baitit. Esaerak dioen bezala, ibil dadila dabilen harria.

Tolosan aritu ondoren, saio gehiago eskainiko dituzu?

Tolosakoa izango da sorta luze bateko azken kontzertua. Udan beharbada berriro ekingo diet aurkezpen kontzertuei. Izan ere, martxoan, 2020tik atzeratutako saio bat eskainiko dut Euskal Herriko sei herritan. 1980an argitaratu nuen lehen diskoari buruz (Hautsi da Anphora) ariko naiz Bernardo Atxagarekin batera.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!