Duela 100 urte, 1922ko urtarrilaren 9an, Tolosako Euskal Ikastola zabaldu zuten Gorriti Plazan, lehenengotarikoa Euskal Herrian umeei euskaraz irakasten. Giro horren guztiaren erdian zebiltzan hainbat Tolosar. "Tolosa kulturgile euskaltzale eta abertzale ugariren elkargunea zen, asko lehen lerroan zebiltzan enpresari edo politikariak. Hortaz, ez da harritzekoa lehenengotariko Euskal Ikastola Tolosan ireki izana. Euskaraz erakusten zuten eskolak salbuespenak ziren, eta Tolosan ez zegoen halakorik. Galtzera zihoan hizkuntza (euskara) hura irakatsiz, salbatzea zuten helburu, etorkizuneko helduek euskaraz ikas zezaten", adierazi du Haritz Azurmendik; Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa burutzen ari da albizturtarra, eta atzo eskolari buruzko azalpenak eman zituen.
Euskal Pizkundeari, erakundetze batek jarraitzea garrantzitsua izan zela nabarmendu du Azurmendik. "Eusko Ikaskuntza sortu zen orduan. Tolosaren kasuan, Lehen Hezkuntza arautu eta gida pedagogikoak ematea ahalbidetu zuen; iparrorratz moduko bat izan zen gida hori".
Primo de Riveraren diktadura garaian emandako etenaldi labur bat kenduta, 1922 eta 1936 urteen artean eman ziren eskolak bertan. "Ikastola itxi zuten bertan politika egiten zela eta. Etenaldi labur baten ostean, ordea, berriro irekitzea lortu zuten eta 1936ra arte egon zen zabalik, harik eta Espainiako Gerrak ibilbidea eten zuen arte. Euskara eskoletarako eta kulturarako hizkuntza bilakatzeko lanak, ordea, segida izan zuen hurrengo hamarkadetan ere", azaldu du albizturtarrak.
Euskaraz eskolak emateko zenbait saiakera izan ziren, norbanakoen aldetik. Tolosakoak, baina, bazuen berezitasun bat: "Koordinatutako mugimendu baten lehen emaitza izan zen. Pedagogia aldetik gogoeta bat zegoen, baina politikoki, jauzi bat emateko gogoa zuten. Baina, batez ere, giro oso euskaltzalea nabari zen". Aurrekari horiekin sortu zuten euskarazko lehen eskola; haur bakoitzeko bi pezeta ordaindu behar zirela gogoratu du Azurmendik. Maria Dolores Arbilla Maistra tituluduna zen ordurako eta, proiektuaren berri izan zuenean, Bilboko bere lana utzita batu zen Ikastolara.
Ikastola hazten joan zen. Lehenengo egunean lau ikasle eskasekin hasi bazen ere, hurrengo urteetan kopurua asko hazi zen. 1931n bigarren ikastetxe bat ireki baitzuten Laskoain kalean, guztira 80 ikasle inguru izatera iritsita. "Amets bat planteatu zuten, haurrek euskaratik eta euskaraz ikas zezaten, eta hori posible zela demostratu eta praktikan jarri zuten, traba guztien aurrean, askok ezinezkoa zela pentsatzen bazuten ere. Ametsa apustu sendo bilakatu zen".
Xabier Balerdi euskara zinegotziak ere hartu du hitza ekitaldian. "Ausartak izan ziren, garai zailak zirelako, giro erdaldun batean, eskola euskalduna eta berritzailea abian jarri zutelako. Lau haurrekin eman zioten hasiera, eta pentsa noraino heldu garen", azpimarratu du. Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua ere bertan izan da. Joxean Artzeren iturri zaharretik edaten dut ur berria esaera eraman zuen bere testura: "Orduko haur haiei eta bere gurasoei esker heldu gara egun gauden egoerara, eta orain, geroko hezkuntza lantzen ari gara, gure herriaren etorkizunerako ezinbestekoa delako".
Tolosako hiru hezkuntza zentroetako ordezkariek ere hitz egin dute saioan: Herrikide ikastetxeko Joseba Antxustegietxartek, Samaniego ikastetxeko eta Orixe institutuko izenean Silvia Mateok, eta Laskorain Ikastolako Helena Baraibarrek. Hirurek ere orduko ikasle, irakasle eta langile haien lana aitortu eta goraipatu dute, eta balioan jarri dute gaur egungo hezkuntzako D eredua. Bestetik, Galtzaundi Euskara Taldea, ikastetxe guztiak ordezkatuta dauden Hezkuntza mahaia eta Euskararen Aholku Kontseilua ere nabarmendu dituzte, euskararen alde egiten duten lanagatik. "Harro egoteko modukoa arrazoiak ditugu Tolosan, nahiz eta aurrera begira ere badiren lortu beharreko zenbait erronka; tekla egokia sakatzea da kontua".
Azkenik, Galtzaundi Euskara Taldearen izenean, Maite Asensiok, "beharrezkoa" jo du herritar ekintzaileen lana, baina aldi berean, erakundeen babesa ere "ezinbestekoa" dela aitortu du. "Herri mugimendu handia izan zen duela 100 urtekoa. Ezaugarri bereziak zituen ikastolak, eta berritzailea izan zen. Gure belaunaldiak ez du zailtasunik izan euskaraz ikasteko, eta beraz, oso zaila zaigu ikastola hartako egunerokotasuna nolakoa ote zen pentsatzea. Ez da kasualitatea gaur egun Tolosa hizkuntza aldetik nola dagoen ikustea, herri mugimenduei esker garelako gaur egun garenak. Zeinen garrantzitsua den egunero norbanako bakoitzak euskararen alde egiten duen borroka txiki bakoitza, omenaldirik izaten ez duena".