BABESTUTAKO EDUKIA

Gertuko sagarrekin, gertuko sagardoa

Ataria 2022ko ots. 9a, 10:00

Ostiral eguerdietan ere bazkariak ematen hasi dira Isastegi sagardotegian; apirilaren 30era bitarte zabalik izango dituzte ateak

Hasi da txotx denboraldia Isastegi sagardotegian ere. Urtarrila amaieran zabaldu zituzten ateak, eta apirilaren 30era bitarte, etxeko sagardoaz eta mimoz prestatutako menuaz gozatzeko aukera izango da.

Berritasun batekin ekin diote denboraldiari: ostiral eguerdietan zabaltzen hasi dira, bazkariak emateko. Astelehenetik ostegunera afariak ematen dituzte eta ostiraletan eta larunbatetan bazkaltzeko zein afaltzeko irekitzen dute. Igandeetan itxita egoten da.

Jai giroan baina seguru eta lasai ibiltzeko, autobus zerbitzua eskaintzen ari dira, aurten ere, ostiraletan eta larunbatetan. Tolosatik sagardotegiko ateetara eramango zaitu autobusak, eta otorduaren ostean, berriro ere Tolosara bueltan. Mahaia erreserbatzerako garaian eskatu beharko da zerbitzu hori.

Sagardotegian bertan, ohiko menuaz gain, zenbait berezitasun prestatzen dituzte. Besteak beste, bakailaoa saltsan eta arkumea burruntzian erreta. Horietakoren bat nahi duenak, erreserba egiterakoan eskatu beharko du.

Joseba eta Mikel Lasa anaiek kontatu dute uzta oparoa izan dela, eta horren ondorioz iaz baino sagardo arinagoak direla aurten, lurrintsuagoak eta alkohol graduazio baxuagokoak: "Zenbat eta uzta handiagoa, kolorez jaitsi egiten dira, baina usainagatik gehiago nabarmentzen dira".

Bertako sagarraren aldeko konpromisoa oinarrian darama Isastegik, eta horren eredu, gertuko produktoreekin egiten dute lan, eta eskualdetik eta ingurutik sagar asko jaso dute aurten.

Isastegira bisita egin eta esperientzia ederra bizitu nahi duenak badu aukera. Upeletan sagardo estilo ezberdinak dituzte; sagar mota ezberdinen ezaugarrien araberakoak. Guztiak probatuz dastaketa jolas horretan parte hartzeko gonbidapena egin dute.

Sagardoa latan

Badute beste berrikuntza bat ere: sagardoa latan saltzen hasi dira. Ameriketatik etorri zitzaien eskaria ea sagardoa latan ere eskainiko ote zuten, eta erronka onartuta, merkatuan da dagoeneko. "Ondo kontserbatzen da, txinpartak ondo mantentzen ditu, eta zerbitzatzeko baldarra izango ote zen susmoa bagenuen ere, uste baino errazago egiten da", esan dute. Gehienbat esportatu egiten dute.

Sagardotegira bertara doanak, botilak zein latak erosteko aukera izango du, eta bestela, online ere saltzen dute Isastegi.com webgunean. Gainerakoan, komertzioetan ere aurki daiteke Isastegi sagardoa, eta inguruko ostalaritzan ere topatuko du batek baino gehiagok.

Proiektu berriak

Orainaz ahaztu gabe, etorkizunera begira jarriak dira Lasa anaiak. Albiztur, Tolosa eta Alegia artean dagoen Marea gunean, 7 hektareatan 7.000 sagarrondo inguru landatuko dituzte. Etorkizunera begira, sagasti horrekin proiektu bat landu nahi dutela kontatu dute, zuhaitzak sagarra ematen hasten direnean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!