Imanol Rojok emaitzarik onena lortu du Neguko Olinpiar Jokoetan

Ataria 2022ko otsailaren 6a

Argazkia: nevasport.com

Imanol Rojo Pekineko Neguko Olinpiar Jokoetan estreinatu da gaur goizean eskiatlon proban, 21. postua eskuratuz. Estatu mailan proba honetan inoiz lortu den emaitzarik onena lortu du eskiatzaile tolosarrak.

2022ko Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak lehiatu ditu lehen aldiz Imanol Rojo tolosarrak, eskiatloi modalitatean; 15 kilometro estilo klasikoan, eta beste 15 kilometro estilo librean. 1.800 metroko altitudean eta -11 gradu eskaseko tenperaturekin estatu mailan proba honetan inoiz lortu den emaitzarik onena lortu du eskiatzaile tolosarrak, 1:21:09ko denbora eginez eta 21. postua eskuratuz. Ibilbidearen erdialdean eskura izan du hogei onenen artean bukatzea, baina azken esprintean Andorrako Ireneu Esteve aurreratu zaio atzean utziz. Alexander Bolshuno errusiarrak lortu du garaipena Pekineko Neguko Olinpiar Jokoetako eskiatloiko 30 kilometrotako proban.

Eskiatloneko proba egin ondoren, Rojok beste bi proba gehiago izango ditu Neguko Olinpiar Jokoetan. Batetik, 15 kilometroko estilo klasikoetan otsailaren 11n, eta 50 kilometroko estilo librekoetan hilaren 19an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!