Inauteri giroan aurkeztu du Arco Iris txarangak 75. urteurreneko diskoa

Ataria 2022ko ots. 5a, 16:00

Inauterietako eta elkartearen abestiekin osatu dute lana, eta bi abestiren moldaketak ere sartu dituzte; eskualdeko herrietako denda eta tabernatan eskuratu daiteke.

Tolosako Arco Iris elkarteko txarangak 75 urte betetzen ditu aurten, eta hori dela eta, inauterietako abestiekin osaturiko CDa grabatu dute. Hamar abestiz osaturiko lana da, elkartearekin lotura zuzena duten lau kantu, Tolosako inauterietako errepertorio ofizialeko bi, inauterietako beste hiru eta grabatu gabe zegoen Izaskun elkartearen abestia. Horiekin batera, beste bi kantu gehigarri ere jaso dituzte, Inautesessions (garai bateko Hartu ta sartu) taldeak eginiko moldaketak, hain justu.

Diskoaren aurkezpena inauteri giroan egin dute gaur goizean elkartearen egoitza berrian, Inpernu kalean. Bertan, Pablo Dendaluze elkarteko bazkide eta proiektuaren lan taldeko kide izan denak esan du diskoaren helburua, urteurrena ospatzearekin batera, herritarrekin partekatzea dela. Bestalde, gogoratu du elkarteak 82 urte dituela eta Tolosaren historiaren parte dela. Era berean, Tolosako inauterietan hiru egunez irteten delako dela Arco Iris ezagun azaldu du.

"1947ko inauterietan irten zen lehen aldiz txaranga, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan. Urte hartan, Tolosako Musika Bandako hamabi musikari profesional izan ziren txarangan, 25 pezeta kobratuz egunean", azaldu du Dendaluzek. Dionisio Arana izan zen lehendabiziko urte haietan zuzendari, eta bere erreleboa Migel Mari Iraolak hartu zuen. Duela bost urte zendu zen Iraola, baina, "bihotzean" zuela beti eta asko maite zuela txaranga aipatu du bere semeak. Hain zuzen, Migel Mari Iraolaren omenez bere izena daraman habanera egin zuten, eta hori ere entzun daiteke diskoan.

Beste herri batzuetako kideak sartuz joan ziren gerora txarangan, Villabonakoak edota Zumarragakoak, esaterako, eta 2006. urtetik aurrera, Sugarri txaranga profesionala du oinarrian. Nafarrak, arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izan dira Sugarriko kideak urte guzti hauetan, eta tartean bi tolosar ere izan direla nabarmendu du, Gaizka Zubiaurre eta Mikel Iraola, hain zuzen. "Maila handia dute eta guretzat ohore bat da, eta eskertzekoa 18 urte hauetan gurekin egon izana".

Sugarri txarangako Cristobal Aslak esan duenez asko gozatzen dute Tolosan piezak joz: "Inauterizale diren eta Arco Iris elkarteak zabaltzen duen sentimenduarekin identifikatuta sentitzen iren kideak etortzen gara Tolosara, eta lehendabiziko minututik amaierara arte asko gozatzen dugu".

Hamabi pieza

Bi urtez egon dira diskoa ontzen, eta "lanketa handia" izan dela, eta emaitza "goxatzeko eta entzuteko modukoa" dela azaldu du Pablo Dendaluzek. Egiturari dagokionez, Migel Mari Iraola abestiarekin batera, elkartearen egoitza berriaren aitzakian eginiko Inpernu abestia; elkartearen 75. urteurrenean sorturiko Gure bigarren etxea; eta Tolosarrak abestia daude. Inauterietako Habanera 23, Irureta, Arco Iris eta Parrita ere entzun daitezke. Eta, txarangaren 75. urteurreneko diskoan ustez grabatu gabe zeuden bi abesti ere sartu dituzte: bata, Izaskun, izen bereko elkartearen abestia, eta bestea, Don Crispin, galtzear zegoela uste zuten, Alcoyanok soilik jotzen duelako eta inauteri kutsukoa denez, kantatuz eta musikatuz gordeta geratzea erabaki zuten. Azken hori bezala, beste bi ere badira kantatuak, Migel Mari Iraola eta Arco Iris. 20 tolosar emakume eta gizonez osaturiko abesbatza arduratu da lan horretaz.

Hamar abesti horiekin batera, diskoa bukatzeko bi abesti berezi topa daitezke, Arco Iris eta Astelenita abestien moldaketak, hain justu. "Astelenitan Rondilla kalean emanaldia eskaini ohi duen Inautesessions taldekoek (garai bateko Hartu ta sartu), Juantxo Zeberioren zuzendaritzapean bertsio oso politak egin dituzte, eta eskertzekoa da egin duten lana". Zeberiok gogoratu du eszenatoki batera igo zen lehen aldia inauterietan izan zela; "agian inauteriengatik ez balitz ez nintzateke musikari izango, eta nire ustez Tolosan hainbeste musikari egotearen arrazoia inauteriak dira". Diskorako bi abesti horiek egitea pribilegio bat izan dela esan du Zeberiok, eta eskerrak eman dizkie Arco Iris elkarteko kideei.

1.000 ale inguru atera dituzte, eta herritarrak gonbidatu eta animatu dituzte erostera, "ekimena ekonomikoki laguntzeko". Tolosako hainbat tabernatan (Amets, Elurra, Itaie, Babes, Bide Bide, Xare, Saikin, Iurre, K2, Karela), Burruntzi jatetxean, zezen plazako eta Solana kaleko estankoetan, Copytec-en eta Edel liburu dendan, Ibarrako Karlatz eta Izaskungo Joseanen tabernan eta Barriola harategian, Anoetako Itzulin, Ordiziako Modernon eta Irurako Loatzon daude eskuragarri.

Olatz Peon alkateak esan du 75 urte ospatzeko moduko urteurrena dela. "Nik beti esaten dut Tolosan gorde beharrekoak diren ondare asko ditugula, arkitektonikoak, kasu. Baina, bada zerbait guztiok bat egiten duguna, Tolosan dagoen ondare musikala, eta tartean, inauterietako musika. Txaranga baten 75. urteurrena ospatzea festa bat egiteko modukoa da. Pena da aurtengoa berezia izatea, eta espero dezagun datorren urtean ospakizunak bere handitasun osoan egiteko aukera izatea".

Izan ere, aurten ofizialki Tolosako inauteriak ez dira ospatuko, baina, Pablo Dendaluze Arco Iris elkarteko kideak esan duenez,  "inauteriak eta tolosarrak ezagututa, egokitu egin beharko da". "Gure kasuan, aukera txiki bat ikusten badugu, inauterikerietan ibiliko gara, inauteriak bizi eta biziaraziko ditugu". Zerbait pentsatuta ba ote duten galdetuta, herrian badagoela mugimendua esan du: "Mugimendu polita dagoela uste dut. Aurten ez dute erakundeen babesik, baina herritarren artean eta elkarteetan saltsa badago. Ez dakit saltsa horrek zertan bukatuko duen, baina zerbait izango dela ziur. Ez da lehengo urtekoa bezalakoa izango".

Inauteri egunetarako oraindik ere pixka bat geratzen bada ere, inauteri gosea nabari da tolosarren artean. Arco Iris elkartearen egoitza berritik abiatuta lehen kalejira egin du txarangak diskoaren aurkezpen ekitaldiaren ostean, eta herritarrek gustura hartu dituzte txaranga doinuak, batzuk atzetik saltoka jarraitzera animatu direlarik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!