Elkarrizketa

«Ilusio handiz hartu genuen proiektua eta emaitza txukuna lortu dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 3a, 11:59

Zazpigarren diskoa argitaratu du Bonberenea Txarangak: Izurritearen gorabeherak; binilo (LP) formatuan ere eskuratu daiteke; hilaren 12an aurkeztuko dute; «patxadaz entzun eta gozatzeko diskoa» dela nabarmendu du Ibai Olazabal Iriarte txarangako kideak.

«Pandemiaren ondorio (positibo) zuzena». Horrela aurkeztu du Bonberenea Txarangak bere azken lana: Izurritearen gorabeherak. Zortzi kantu ezagunen moldaketekin osatu dute diskoa, Karlos Osinaga Txap musikari, ekoizle eta teknikariaren zuzendaritzapean; zenbait herritarrek ere parte hartu dute proiektuan.

Non du jatorria 'Izurritearen gorabeherak' izenak?
2019ko Gabonetan hasi ginen gaiari buruz hitz egiten; orduan, gaztetxeko kideen proposamenari helduz, disko berri bat argitaratzeko ideiak biltzeari ekin genion. 2020ko inauterien ondoren grabaketekin hastea zen asmoa. Gero, ordea, bete-betean harrapatu gintuen pandemiak, eta ordutik, gorabeherez betetako bi urte bizitzea egokitu zaigu. Guztia bertan behera utzi behar izan genuen; beranduago, elkartu eta berriro entseatzen hasteko aukera heldu zitzaigun.
Horri, ordea, norberak etxean zuen egoera pertsonala gehitu behar zaio, askorentzat arriskutsua izan daitekeelako entseguetara joatea, kutsatzeko aukera dela eta. Azkenik, txarangak kalera atera ezinik gabiltza azken urteetan, eta hori ere, gure kasuan behintzat, bada izurrite honen beste gorabeheratako bat.

Nola eragin du osasun egoerak Bonberenea Txarangan?
Zenbait momentutan zalantza handiak izan ditugu entseguak egin ala ez erabakitzerakoan. Gogoa eta ilusioa ez zaigu inoiz falta izan, baina beldurrak ere eragin handia izan du. Nire kasuan, zenbait moldaketa egiten aritu nintzen itxialdian. Gero, elkartzeko aukera izan genuenetik, diskorako abestiak zehazten eta grabaketarako prestaketa lanekin hasi ginen.

Azken urteetan, gazte ugari sartu zarete, gainera. Belaunaldi aldaketa bat bizitzea egokitu zaizue.
Gutxi gorabehera, 2018an gertatu zen aldaketa hori. Orain, txarangan gauden musikari ia denak, 14-15 urterekin sartu ginen, eta gero gertatutako aldaketa nahiko gogorra izan zen guretzat. Hala ere, urteak pasa ahala, musikari hobeak garela iruditzen zait. Ilusio handiz hartu genuen disko berri bat egiteko proiektua, eta emaitza txukuna lortu dugu.

Txarangen kasuan, nolakoa izaten da disko baten grabaketa prozesua?
Abestien moldaketak egitea da lehen pausua. Gero, idatzitako kantuak entseatzea egokitzen da, baina ni pertsona kritikoa kontsideratzen naiz, eta beraz, lehen entseguetan aldaketa dezente egitea gustatzen zait; batez ere, nota batzuk aldatzea egokitzen zait, gerora, soinu hobea lortu nahi izaten dudalako.

Zuk moldatu dituzu diskoko kantuak, ezta?
Bai, baina lan horretan ez naiz ni bakarrik aritu. Jon Urbizu Turbinen laguntza izan dut, eta lehen aipatzen nituen aldaketa horiek egiterako garaian ere elkarri laguntzen aritu gara.

Erraza al da lan hori? Nola hasten da musikari bat txaranga baterako moldaketak egiten?
Lehenik, beste txaranga batzuen abestiak entzuten ditut, horiek moldatzeko teknikak edo moduak eredu bezala hartuz. Gero, behin eta berriro idazten aritzen naiz; horrela, lanean aritzeaz gain, ikasi ere egiten dut.


'Mari Kruzen korridoa' izan zen diskoko aurrerapen kantua. Abenduaren 24an argitaratu zenuten, bideoklip eta guzti.
Cruz de Marihuana kantuaren bertsioa da, alaia eta bizia. Txarangako zenbait kidek eskatu ondoren moldatu dut. Bideokliparen ideia Ander Agirrezabala Txeperena izan da. Bere sormen lana da, eta bera da protagonista; abestiaren letra euskarara itzultzeaz ere arduratu da. Eguberri egunaren bezperan argitaratu genuen bideoklipa, baina inauteri kutsua du. Hildako inauteria, 2021ean bertan behera geratutakoa, irudikatzen saiatu da, herriko txoko desberdinetan grabatuz, pertsonaia ezagunekin eta sardinaz mozorrotuta.

Sorotan Bele taldearen 'Zortzi orduko ekaitza' kantuaren bertsio bat ere entzun daiteke.
Bai. Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait musikari edo talde esanguratsuen kantu ezagunen bertsioekin osatu dugu diskoa. Nik dakidala behintzat, inoiz ez da Sorotan Bele taldearen kanturik moldatu edo idatzi txarangarako, eta beraz, berritasun nagusietako bat da. Txarangako kide baten ideia izan zen, eta gainerakoek oso ondo funtzionatu zezakeela ikusi ondoren, idazteari ekin genion.

Zer gehiago bildu duzue?
Aipatu ditugun bi kantu horiez gain, Ruper Ordorikaren Ez da posible kantuaren bertsioa, edo Negu Gorriak eta Nirvana taldeen kantuak ere entzun daitezke. Musika zale askori oso ezagunak egingo zaizkio diskoko kantuak.

Nolako diskoa osatu duzue?
Ez da erraza deskribatzen, baina kantu alai eta biziez osatutako diskoa dela esango nuke. Rock generokoak dira gehienak, hain justu, hori da txaranga ondoen islatzen duen ezaugarria. Gainera, txarangaren bigarren diskoan (Rocka eta Urrezko Komona) jorratzen den estilora pixka bat gerturatzen saiatu gara.

Hilaren 12an aurkeztuko duzue lana, saio berezi batean.
20 kantu inguru joko ditugu. Disko honetako abesti guztiez gain, gainerako diskoetatik berreskuratu ditugun zenbait kantu ere entzun ahal izango dira. Baliteke, horrekin batera, sorpresatxoren bat ere izatea.

 

AURKEZPEN KONTZERTUA

Otsailaren 12an aurkeztuko du Bonberenea txarangak Izurritearen gorabeherak lana, Bonberenean bertan. 22:00etan hasiko da kontzertua eta sarrerak 8 euro balio du. Diskoa eta biniloa (LP) ohiko lekuetan edo Bonberenea.com-en erosi daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!