Tolosa CF-ko atletek 11 domina lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Ataria 2022ko ots. 2a, 20:10

Gipuzkoako pista estaliko absolutu txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan, Donostiako belodromoan, eta bertan Tolosa CF Atletismo taldearen parte hartzea «izugarria» izan zela azaldu dute klubetik, 100 parte hartzerekin klubik ordezkatuena izan zelarik.

Parte hartzeaz gain, emaitzak ere onak izan zirela gaineratu dute, eta «sasoi puntua pixkana hartzen» ari direla diote: guztira 11 domina lortu ziren, lau urre, hiru zilar eta lau brontze eskuratuz. Dominez gain ere absolutu mailako Espainiako Txapelketarako gutxieneko marka bat lortu zuten: Joseba Larrauri irurarrak lortu zuen 200 metroko proban 21,73ko denborarekin.

Urrezko dominak Maria Felisa Okomok (pisuan, 12,69 metro), Julen Martinek (60 metro hesietan, 8,36), Ainhoa Gibelaldek (60 metro hesietan, 8,88) eta Ander Urangak (200 metro, 21,96) lortu zituzten. Zilarrezkoak Nora Ituartek bi lortu zituen (60 eta 200 metroetan, 7,86 eta 25,32) eta bestea Maier Olanok (3.000 metro, 11.37). Brontzezkoak Jon Turradok (jauzi hirukoitzean, 11,82 metro), Saioa Rodriguezek (3.000 metro, 11.39), Jon Ander Aurkiak (200 metro, 22,55) eta Ainhoa Gibelaldek (200 metro, 25,57) lortu zituzten. Dominez gain, marka pertsonal ugari ere hobetu zituzten, atleta gehienen progresioa egoki doala erakutsiz.

HODEI CABALLERO, BIKAIN

Igandean Tolosa CF-ko Hodei Caballerok bosgarren postua lortu zuen Lepen egindako Espainiako 10 kilometroko martxako txapelketan, eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako eta Euskadiko marka berria ezarri zuen 44.34ko denbora eginez.

ANDER GARIN, ESPAINIAKOAN

Igandean ospatu zen Jaenen Espainiako kros txapelketa eta bertan Tolosa CF-ko Ander Garin izan zen euskal selekzioa ordezkatuz. 10 kilometroko distantzian, zirkuitu oso azkar batean burutu zen txapelketa eta Garinek ondo egin zuen 66. postua eskuratuz. Euskal selekzioko partaideak oso bateratsu iritsi ziren helmugara, eta guztira, taldeka, 13. sailkatu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!