Sinpletasunaren edertasuna bilatzen ahalegindu da Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) dantzaria Arima izeneko bere azken lanean. Liam Ó Maonlaí musikari irlandarrarekin batera osatu du 50 minutu inguruko lana. Bihar, Donostiako Gazteszenan egingo dute estreinaldia, eta bertara joan eta gozatzeko aukerarik ez duenak, apirilaren 8an izango du aukera, Tolosako Leidorren izango baitira.
Geroz eta denbora gutxiago falta da. Ondo zaude?
Pieza berria da eta urduri nago, ez gehiegi, baina beti dago puntu hori hor. Nekatuta ere banago, baina pozez aldi berean.
Noiztik ari zara pieza honekin lanean?
Galwayen (Irlanda) izan nintzen 2020an, proiektu batean, Etxepare euskal institutuari esker. Hainbat artista elkartu ginen pieza berri bat sortzeko, eta bertan ezagutu nuen nire kolaboratzailea den Liam Ó Maonlaí. Hor sortu zen gure lehen konexioa eta ordutik lanean ibili naiz, diru laguntzak eskatzen, dosierrak idazten eta proiektuari bueltak ematen. Pasa den azaroan, Liam Tolosara ekartzea lortu nuen, eta azarotik ona geratu gabe ibili gara.
Nolako pieza sortu duzu?
Oraingo honetan pieza luze bat sortu dut. Egin ditudan sei piezatatik lau motzak dira, kalerako direlako, baina duela bi urte beste pauso bat eman nuen, MAR lanarekin, eta oraingo honetan ere pieza luzea sortu dugu, zuzeneko musikarekin, pianoarekin, ahotsarekin, harparekin, flautarekin eta mugimenduarekin.
Sinpletasunaren edertasuna aldarrikatzen duzu pieza horretan.
Dantzari buruz interesatzen zaidana da, egoera fisiko edo emozional batera iristea, formari begiratu gabe. Hau da, formara iristea emozioetatik, ez formatik emoziora. Abiapuntu horretatik hasita, sinpletasun horretara iristen gara, gauzarik garrantzitsuenetara, eta gero hortik sortzen da gainerakoa.
Zer da sinpletasuna dantza garaikidean?
Alde batetik, mugimendua efizientea izatea da, apaingarri gehiegi gabe, eta bestetik, egiten dudan guztia zerbaitengatik eta zerbaitetarako izatea. Hau da, mugimendua gordina izatea, ez pentsatzea mugimendu politak egingo ditudala, baizik eta gordintasun horretatik forma ematea.
Teknika bereziren bat erabili duzu kasu honetan?
Argi geneukan ez genuela hasieratik pieza gehiegi finkatu nahi. Ez dago koreografiatuta, inprobisazioa da, bai musika aldetik eta baita dantza aldetik ere. Ez da izango, ordea, Liam eta biok oholtza gainean zer egin ez dakigula geratuko garela. Oso estruktura argia dauka, beti atmosfera musikal berdinetatik pasatzen gara, beti emozio berdinetatik pasatzen gara. Bidea beti berdina da, baina bide hori egiteko modua beti desberdina da, hau da, pausoak edo nota musikalak desberdinak dira.
Eta sortze prozesua, beraz, erraza izan da?
Oso erraza, bai. Liamekin lan egitea halaxe delako. Biok daukagun lan egiteko modua berbera da: inprobisaziotik abiatuta, bioi gustatzen zaigu ideia finkorik ez izatea. Estudioan jartzen gara, bera musika jotzen hasten da, ni mugimendua bilatzen, eta sortzen den horretatik aurkitzen dugu pieza zer izan daitekeen. Ez da bion arteko elkarrizketa askorik egon, hitzezkoa behintzat, bai ordea musika eta mugimenduarekin. Oso erraz egin dugu sortzearena, gutxika sortu den pieza izan da.
Eta noiz erabakitzen duzu, azken bertsioa izan daitekeela?
Estruktura finkatuta dago, baina egunero zerbait berria aurkitzen dugu, eta segur aski, estreinaldia eta gero dauzkagun emanaldietan zerbait berria aurkituko dugu, eta azkenean, ibilbidearekin pieza borobiltzen joango da. Berezia da, ez garelako aspertuko eta biok oso adi egon beharko dugulako, elkarri arreta jarriz. Lan oso freskoa da, ez delako beti berdina izango. Eta horrek emozioa sortzen du.
Hori dantzari bakarra izateak eta musikari bakarra izateak ere erraztuko du.
Horregatik da hain desberdina nire aurreko piezatik. MAR pieza, 2019an estreinatu genuena, matematikoa bihurtu zen: bi dantzari eta musikari bat ginen. Nahiz eta inprobisaziotik hasi, bi lagun izate horrekin oso matematikoa egin zitzaidan, eta nik zehaztasun horrekin sufritu egiten dut. Oraingo honetan, disfrutatu egin nahi dut, inprobisazioa asko gustatzen zait, barrena husten dut.
Egunero ibiliko zara mugimenduan eta dantzan. Baina bestela ere gorputza prestatzen duzu?
Nire entrenamendua yogari eta arnasketei oso lotuta dago eta nire errutina daukat gorputza zaintzeko eta burua ere ondo mantentzeko. Azken boladan, gainera, egunak oso goiz hasi eta oso berandu amaitzen ditut eta ez daukat gustatuko litzaidakeen denbora hori, baina lortzen dut behintzat hamar minutu niretzat hartzea. Liamekin estudioan nagoenean, goizetan, arnasketak egiteko tartetxoa hartzen dugu eta gero hasten dugu eguna.
Lehen aldia izango da Liam Ó Maonlaí musikari irlandarrarekin batera arituko zarena. Nor da bera?
Izugarrizko musikaria da. Gogoan dut Galwayen geundela, Connemaran, eta bazkaloste batean, pianoa jotzen hasi zela, eta ni ere mugimenduarekin inprobisatzen hasi nintzen, eta berezko magia sortu genuen momentu horretan. Elkarrekin lanean jarraitzeko gogoarekin geratu ginen, eta hortik aurrera bere lana ezagutzen hasi nintzen, bere musikaz eta bere ibilbideaz informatzen, eta konturatu nintzen edozer gauzarekin magia egiten duela. Bere musikak daukan presentziak eta energiak eraman egiten zaitu.
Zer eskaintzen dio Liamek piezari?
Dena. Bera gabe ez zen Arima existituko, eta COVID-19a gabe ere ez zen existituko. Izan ere, Connemarako proiektuan COVID-19agatik baja bat izan genuen artista batekin, eta Liam sartu zen bere ordez. Beraz, azken momentuko kontu bat izan zen, eta bi urte pasa dira dagoeneko.
Zein musika estilotan mugitzen da?
Irlandako folkaren bueltan hasi zuen bere ibilbidea, baina bera Irlandan rock star bat ere bada: Hothouse Flowers taldeko abeslaria da. Alderdi ezberdinak dauzka, eta Arima-n ez daude denak. Ez da bakarrik folka, atmosfera ezberdinak sortzen ditu, eta musikalki kolore oso desberdinak daude.
Izan ere, dantza musikarik gabe...
Oinarria musika da, baina jarraitzen dut pentsatzen isiltasun momentu horiek oso beharrezkoak direla, bai mugimendu aldetik eta baita musika aldetik ere.
Oholtzan Liam eta zu izango zarete, baina inguruan laguntzaile gehiago ere izan dituzu.
Eta eskerrak laguntza izan dudan. Jantziak Xabier Mujikak egin ditu; aurreko lan batean ere aritu zen kolaboratzaile bezala eta beti egon gara kontaktuan. Dantzan nahiko espezializatuta dago eta jantzi oso bereziak egin ditu. Maria Romero Laspiur ere ondoan izan dugu eszenografia lantzen. Lehen aldia da berarekin lan egiten ari garena. Nik bere lana jarraitzen dut, eta hizketan hasi ginen zerbait elkarrekin egin genezakeela ikusita. Hasiera batean kartelerako kontzeptua sortu zuen, belarritako batzuk egin zizkidan Arima izenekoak, eta hortik eskaini nion espazioa lantzeko aukera, eta hor ari gara azken ukituekin.
Eta kanpoko bi begirada ere izan ditut laguntzen, Leire Otamendi eta Oihana Vesga. Azken batean, dantzari bakarra ni naiz eta bideoarekin egiten dugu lan. Grabatu egiten gara, ikusi egiten dugu ondoren, eta batzuetan zaila da gauzek funtzionatzen duten edo ez ikustea, objektibotasunetik. Horregatik, garrantzitsua izan da piezari kanpotik begiratzea, asko lagundu digute bideratzen edota proposamen txikiak egiten.
Estreinatu baino lehen, data mordoxka bat dituzu lotuta.
Lehen aldia da hau gertatzen zaidana. Normalean, dantza munduan, pieza asko estreinatu eta berehala hiltzen dira. Laguntzak badaude lana ekoizteko, baina gero inork ez ditu pieza horiek erosten, eta hor gelditzen dira hilabete edota urteetako lanak. Pieza batek bizi egin behar du, eta ibilbide horrekin, beste puntu interesgarriago batera iritsi daiteke. Eta pozik nago, nigan konfiantza jarri dutelako. Gainera, beste poz batekin estreinatzen duzu, badakizulako ez dela estreinaldia eta kito izango. Hurrengo lau hilabeteetan emanaldiak ditugu eta Liam eta biok elkarrekin jarraituko dugu lanean, eta horrek ere motibatu egiten nau.



