Katail

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2022ko ots. 6a, 20:58

Faktoria irrati saioa entzuten ari nintzela, otsaila katu hila bezala ere ezaguna dela jakin nuen. Aspaldidanik utzi diogu otsailari izena ematen zioten uluak entzuteari, baina, hala ere, entzun ahal izaten ditugu araldian dauden katemeen marraka etsiak bezain lohiak. Antza denez, egunsentiko argia bi minutuz luzatzea nahikoa da katemeek euren neurrigabeko desirak lau haizeetara lotsarik gabe askatzen hasteko. Lizunki plazer erotikora ematen dira euren desira bete nahian. 

Aktibazio organiko hori egun batzuetan luzatzen da eta urtean bizpahiru aldiz gertatzen da. Berdin zaie non, norekin, nola… kontua da desirak esnatutako sena haragikoienak asetzeko prest daudela, kosta hala kosta. Kapazak dira egunak etxetik kanpo emateko, janik gabe, urik gabe… abentura hedonista horretan erabat murgiltzen dira eta ez dira etxeko babesera itzultzen harik eta asetzen diren arte.

Deigarria egiten zait animalien beroaldietarako, emeen beroaldietarako hobeto esanda, ze hiztegi oparoa eta naturala dugun: behorra eta astoa iel; ardia arkara; txakurra alta… Zenbat hitz emeen erreprodukzio aldia izendatzeko; izan ere, emeen plazererako sena eta gaitasuna, ugalketa ikuspegitik hartu izan da betidanik.

Emeen, emakumeen, desira eta gogoa ezkutatu, zigortu eta mutilatu dela ez didazue zalantzan jarriko. Munduan zehar horren isla diren ohitura, lege, eta beste hainbeste aberrazio mantendu egiten dira. Zergatik? Beldurraren eta ukazioaren bitartez kontrola mantentzeko, zertarako bestela.

Munduko mapa esku artean hartu eta errepresio eta dominazio horien eredu ezberdinetatik fluktuatu dezakegu: emakumeen sexualitatea ukatzen dutenak, emakumea erreprodukzio biltegi gisa kontsideratzen dituztenak, objektu eta hipersexualizazio ereduak sustatzen dituztenak… Desioa eta plazererako gaitasunik gabeko Ama Birjinak edota urdangak.

Ikasle gazteak euren plazererako gailua freskotasunez eta naturaltasunez erakutsi zidaten, ukatzen ez duten gorputzaz gozatzeko prest daudela agerian utziz, konplexurik gabe, lotsarik gabe, beldurrik gabe.

Aurreko egunean, klasean nengoela, deigarria egin zitzaidan algaraka zebilen ikasle talde bat, denak neskak esan beharra dago. Hurbildu nintzenean haietako batek eskuetan zeraman objektu bat erakutsi nahi izan zidan. Marka komertzial ezaguneko dildo, birbadore eta satisfayer (dena batera) funtzioak betetzen zuen diseinuzko gailu txiki, leuna eta berde bat esku artean jarri zidaten:

Probatu, probatu!!!! Sentitu ahal izateko jarri esku muturrean.

Haraaaaaa!!!, erantzun nuen azal leunean bibrazio zirraragarriak antzematean.

Ikasle gazteak euren plazererako gailua freskotasunez eta naturaltasunez erakutsi zidaten, ukatzen ez duten gorputzaz gozatzeko prest daudela agerian utziz, konplexurik gabe, lotsarik gabe, beldurrik gabe.

Bien bitartean, hau idazten ari naizela eta nire katemea magalean dudala, zein dotorea den datorkit burura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!