Lan harremanen euskal esparrua aldarrikatu dute

Ataria 2022ko ots. 2a, 14:20

Gehiengo sindikalak deituta elkarretaratzeak egin dituzte gaur, hainbat herritan, tartean Tolosan. Bihar bozkatuko dute lan erreforma Espainiako Kongresuan.

Euskal gehiengo sindikalak mobilizazio eguna du gaur. Bihar bozkatuko dute lan erreforma Espainiako Kongresuan, eta bezperan erreformaren kontra azaldu dira, bai enpresatan eta baita hainbat herritako udaletxeen parean ere, Tolosan esaterako.

 

LAB sindikatuko Laida Zubillagak Tolosako bilkuran esan du, asko dagoela jokoan. “2012an Raxoik lan erreforma onartu zuen, non langileon eskubideak erabat urratuak izan ziren. Gobernu honek agindu zuen erreforma hori bertan behera utziko zuela, eta bihar zer gertatuko den oso ondo ez badakigu ere, badakigu bertan behera ez dutela utziko”. Sindikatuak lan erreformaren kontra azaldu dira 2012an galdutako eskubideak ez direlako berreskuratuko; “bertan behera geratu ziren edota urratuak izan ziren lan eskubideak galduko ditugu eta horri aurre egiteko lan harremanen euskal esparrua aldarrikatzen dugu. Hemengo hitzarmenak estatalaren gainetik geratzeko eskubidea galduko dugu, kaleratzeetan eskubideak galduko ditugu, azpikontratatutako langileek ez dituzte izango enpresa nagusiko langileen eskubidera berberak... Urraketa horiek guztiek jarraituko dute”, gaineratu du Zubillagak.

 

Bihar bozkatuko da lan erreforma eta hainbat alderdiren aldeko bozkak behar ditu Espaniako Gobernuak; ELAko Maria Imazek horren harira esan du euskal alderdi politikoei erreformaren inguruko azalpenak eskatu dizkietela. “Hemengo alderdien babesa behar baitu gobernu zentralak, eta gure eskakizunak garbiak dira; estatalizazioarekin amaitzea eta kaleratze merkeekin bukatzea, besteak beste. Azken finean beraiek ere badira erreforma honen erantzule. Kontrako botoa emateko eskatzen diegu”, gaineratu du.

 

ELAko eta LABeko kideek lan harremanen euskal esparrua ere eskatu dute; “erreforma honi ezetz esaten diogu eta Madrilen erabakitzen ez dena hemen erabakitzeko momentua aspaldi bete zenez, lan harremanen euskal esparrua behar dugula ozen esaten dugu”. “Estatalizazioarekin bertako hitzarmenek badituzte zenbait esparru ezin direnak negoziatu, hemengo espresa askotan hitzarmen estatalak aplikatzen dituzte. Eta guk ezin dugu hori onartu, Euskal Herriko errealitatea desberdina da Espainiako Estatuarekin alderatuta, eta errealitate horri erantzuteko hitzarmen propioak behar ditugu, bertako langileak babesteko eta beraien lan baldintzak duinak izan daitezen”, gaineratu du Imazek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!