Bidaiatzen nagoenean, helburu bezala dudan lana egiteaz gain ideia eta aukera berriak sortzen zaizkit bertakoekin hitz egiten dudan heinean. Halaxe gertatu zitzaidan Albanian nengoenean ere. Tirana hiriburuko hostalean, beste bidaiariekin berriketan ari ginela mutil batek aipatu zigun bazegoela bereziki herri bat Bush presidentea omentzen zuena 2007. urtean bisitan hara hurbildu zenetik. Hain interesgarria iruditu zitzaigun albistea gure bidaia moldatu genuela etxera bueltatu aurretik Fushë Krujë-ra joateko.
Estatua bakarrik ez, okindegi eta kafetegi batek ere bere izena daramatela ikusi ahal izan genuen iritsi bezain laster. Lehenengoa 2011. urtean izan zen inauguratua eta hiru metroko altuera dauka. Sali Belisha, Albaniako lehen ministroa izan zen egun hartan omenaldiaren gidaria, Bush eta estatubatuarrak goraipatuz herritarren txalo zaparradaren artean. Haren esanetan monumentua eraikitzearen erabakia politikari guztien artean izan zen adostua presidente ohiaren bisita errepikaezina izan zelako eta albaniarrei zin egin ziena gaur egun errealitate bat delako. Albania NATOko kide da 2009. urtetik.
Tirana hiriburuko hostalean, beste bidaiariekin berriketan ari ginela mutil batek aipatu zigun bazegoela bereziki herri bat Bush presidentea omentzen zuena 2007. urtean bisitan hara hurbildu zenetik
Plaza ikusi ondoren kafetegira sartzea erabaki genuen eta hantxe topatu genituen bi zerbitzari George W. Bush kafetegia leloa aurrealdean zeraman kamisetarekin. Alboan, txoko txiki berezi batean presidenteak erabilitako aulkiak ere gordeta dituzte jendeak ikusi ditzan.
Eguna amaitzeko okindegira abiatu ginen ogi zati bat erosi eta nik langileei argazki batzuk atera ahal izateko.
Polita izan zen bidaia, herrira iristea erraza izan ez zen arren. Topatu genuena ez zen nire gustukoa izan, ez dut uste berriro aipatu nahi ez dudan pertsonaia horrek inongo omenaldirik merezi duenik.
Bizi garen garai honetan ordea, ezerk ez nau harrituko.