Unai Arroyo, bigarren Idiazabalgo Herri Krosean

Ataria 2022ko otsailaren 1a

Unai Arroyo, kamiseta beltzarekin, Idiazabalgo krosaren une batean. AITOR GARMENDIA/GOIERRIKO HITZA

Unai Arroyo tolosarra bigarren izan zen igandean jokatutako Idiazabalgo 41. Herri Krosean, Urko Herran gasteiztarraren atzetik helmugaratuz. Bi lasterkariak beste guztien gainetik nabarmendu ziren. Norgehiagokak, ordea, ez zuen lasterketa erdia baino askoz gehiago iraun. Herranek erritmoa bizitu, Arroyo atzean utzi eta bakarrik zeharkatu zuen helmuga lerroa.

Gasteiztarrak 30 minutu eta 53 segundoan burutu zuen lasterketa eta errekor berria jarri zuen. Hemeretzi segundo geroago heldu zen Arroyo eta honek ere aurreko errekorra hobetu zuen. Hirugarren postua David Rua elorriarrak lortu zuen, Angel Vazquez lazkaotarrari azken esprinta irabazi ostean.

Maria Ordoñez iruindarrak irabazi zuen emakumezkoetan eta marka berria ezarri zuen, 37 minutu eta 23 segundotan utziz. Bere lehen parte hartzea zen lasterketan, eta indartsu ekin zion iruindarrak probari, aurkariak segituan atzean utziz. Maite Arraiza lazkaotarra izan zen bigarren sailkatua eta hirugarrena Diana Vecillas gasteiztarra izan zen.

Irakurri kronika osoa eta ikusi argazki galeria Goierriko Hitza-n

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!