Neskak bigarren eta mutilak hirugarren, Euskadikoan

Ataria 2022ko urtarrilaren 27a

Tolosa CF Atletismoko talde absolutuek pista estaliko Euskadiko Txapelketan onenen artean daudela erakutsi zuten asteburuan.

Nesken taldea bigarren geratu zen, beste behin, Atletiko San Sebastian taldearen atzetik. Mutilen taldea hirugarren izan zen, Reala eta Durangoren atzetik. Tolosa CF-tik nabarmendu dutenez, harrobiaz bakarrik elikatzen da kluba, eta bi taldeak «bikain» aritu ziren, «fitxaketez beteriko eta maila nazional gorenetan aritzen diren taldeen aurka». Klubak gaineratu duenez, «Gipuzkoa zein Euskadi osoko harrobirik onenetarikoa, onena ez bada, dugula baieztatu dugu, Durangon orain hilabete gutxi kategorietako taldeen txapelketan erakutsi bezala».

Emaitza bikain horiek klub osoaren urteetako lan on baten ondorio direla nabarmendu dute, «bai entrenatzaile eta zuzendaritzaren aldetik eta baita atletek duten talde senarengatik ere». Klubetik atletak zoriondu dituzte eta lanean berdin jarraitzeko azaldu diete. «Talde mailako neguko helburua soberan bete da beste behin ere», azaldu dute, eta hemendik aurrera norbanakoen helburu bila ilusioz beterik joango direla.

HIRU GUTXIENEKO

Asteburu bat lehenago, urtarrilaren 15ean, pista estaliko aukera askeko probetan Espainiako Txapelketarako gutxieneko markak lortu zituzten Tolosa CF-ko hiru atletek. Guztira 74 atletek parte hartu zuten taldetik, 37 mutil eta 37 neska.

June Sudupek 800 metroetan bere marka pertsonala ondu zuen eta 2.18rekin 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketako gutxienekoa lortu zuen. Maria Felisa Okomo pisu jaurtitzailea badoa pixkana teknika birakariari neurria hartzen eta aurreko probetako marka asko hobetu zuen oraingoan. 13,04 metroko jaurtiketarekin 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketara joateko gutxienekoa lortu zuen. Bere aldetik, Joseba Larraurirentzat neguko lehen proba zuen eta marka ederrarekin estreinatu zen 200 metrokoan, 21,95rekin 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketako gutxienekoa lortuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!