Elkarrizketa

«Bizitzak berak ekartzen du drama eta umorez aurre egitea da bizitzaren xarma»

Irati Saizar Artola 2022ko urt. 28a, 07:57

Xehetasunez eta bizitzaz beteriko istorio bat kontatzera datoz Ados teatroa konpainiakoak, gaur, 20:30ean, Tolosako Leidor antzokira. Kopaz kopa antzezlanarekin igoko dira oholtzara, besteak beste, Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe, Asier Sota eta Ainara Ortega aktoreak. Bizitza osoan lagun izan diren bi mutil izango dira protagonista, bidaian abiatuko dira elkarrekin eta umoreak eta dramak bat egingo dute bidaian zehar.

Garbi Losadak zuzendutako lana, Rex Picketten Sideways eleberriaren euskarazko bertsioa da, Losadak berak eta Jose Antonio Vitoriak moldatu eta Ane Labakak euskarara itzulitakoa. Tolosaldeko Ataria-k Ainara Ortega aktorearekin hitz egin du.

Eskuetan kopak dituzuela ikusiko zaituztegu?

Bai, halaxe da. Ardoa gora eta behera ibiliko gara, zuria, beltza eta mota guztietakoak. Eta kopak ere mordo bat, guztiak kristalezkoak.

Eta ardoa, ona? Benetakoa?

Ikuskizunaren ondoren jende askok galdetzen digu benetako ardoarekin antzezten ote dugun, eta argitu nahi nuke ezetz. Izan ere, ordubeteko funtzioaren ondoren guztiak txispatuta bukatuko genuke, beraz, sekretutxoa da muztioa dela.

Ardoaren bueltan, zer istorio kontatzen duzue antzezlanean?

Komedia arin bat da, baina sakontasunetik badu dezente. Gizakion arteko harremanak kontatzen ditu, beste behin ere, ikuskizun gehienetan bezala. Eta kasu honetan, ezkon aurreko despedida bat egitera doaz bi mutil, Ander eta Mikel, eskuz esku, kotxea hartu eta Errioxara. Bertan bodegetako etnologoak ezagutzen dituzte, bodega batean Amaia ezagutuko dute, eta beste batean Lurra. Eta beraien arteko harremanak, despedida horietan gerta daitezkeen halako ezustekoak, sorpresak izango dira.

«Gure kontzientzia aztoratu dezaketen egoerek benetan nor garen azaleratzen dute»

Bi lagun bidaian, baina bakoitzak bere bizitza darama, modu ezberdinean.

Bat oso bizizalea da, gutxi kezkatzen dena, eta bestea, berriz, nahiko neurotikoa da, idazle sakon bat. Beraien arteko harremana oso polita da, estua da, baina era berean, badirudi beti haserre bizi direla. Hala ere, oso lagun minak dira. Eta gainera, bi protagonistak 40 urteren bueltan daude, eta etapa horretan errepaso bat ematen diozu bizitzari eta aurrera bezainbat atzera ere begiratzen hasten zara, eta biak daude krisialdi moduko batean. Mikelena askoz krisialdi sakonagoa da. Nobelagilea da bera, eta sekula ez diote publikatu nahi izan lanik, eta krisialdi hori bizitzen ari da. Eta Ander oso gustura dago, bere bikotearekin ezkontzera doa, baina era berean zalantzak sortzen zaizkio despedida horretan.

Bidaia horretan, bakardadea, indibidualismoa, adiskidetasuna, malenkonia edota bizitza bera bezalako gaiak azaleratzen dituzue. Horrela ikusita tristetik gehiago izan behar duela ematen du.

Horrela kontatuta badirudi istorio dramatikoa izan behar duela, eta ez da. Bizitzan bertan bezala, dramak bizitzak berak ekartzen ditu, eta horiei umorez aurre eginez gero, gazi-gozo hori da niretzat, pertsonalki, bizitzaren xarma handienetako bat. Nola gazia, gozoa eta dena ia momentu berean gertatu daitekeen. Baina jendearen sentsazioa, komedia eder bat ikusi izana da, eta barre asko egiten du jendeak. Guk ere, poz izugarria sentitzen dugu, oholtzatik publikoa algara batean sumatzen dugunean.

Ardoak ere badu eragina. Negargura edo barregura ekar dezake.

Batetik edo bestetik jo gaitzake alkoholak. Baina, nik uste, gure kontzientzia aztoratu dezaketen egoerek batzuetan benetan nor garen azaleratzen dutela, eta hori interesgarria da. Hor agertzen dira konfesioak, sekretuak eta sekula kontatu gabeko kontuak.

Eta zuek, ardogintzan adituak zareten Amaiak eta Lurrak, zein eragin izango duzue Ander eta Mikelengan?

Ezustean harrapatuko gaitu bai neskok, eta baita beraiek ere. Lau pertsonaiotatik Ander da bizizaleena, harremanak arintasun gehiagorekin bizi dituena, eta elkar hartze horretan, elkar gustatu ere egiten gara, tira-bira erromantikoak, erotikoak sortuko dira.

«Aktoreok komentatzen dugu, nola ikuskizun batek ikasketa handi bat ekartzen digun guri buruz ere»

Kontatzen duzuen istorioa erreala izan daiteke. Ikuslea identifikatuta sentitu daiteke uneren batean?

Bai, noski. Aktoreok komentatzen dugu, nola ikuskizun batek ikasketa handi bat ekartzen digun guri buruz ere. Eta batzuetan oso bitxia da, bizi izan ditugun rolak antzeztea tokatzen zaigulako. Eta ariketa hori ere oso polita da: terapia psikologiko moduko bat da.

Aurrez aipatu duzu adin krisialdiarena. Bizitzan mugarri bat da?

Nik 40 urte egin ditut, eta nik neure burua ikusten dut protagonistengan islatuta, zentzu askotan.

Hausnarketa horretarako tartea hartuko du ikusleak?

Bai, hala da. Pentsatzen jartzen zara zenbait egoeren aurrean zer egingo zenukeen, edo zer egin duzun. Eta kanpotik ikusten duzunean, ikusten duzu oker ari zaren, edo identifika dezakezu akats bat denean.

Bizitzaz gozatzeko tentazioan erortzera gonbidatzen duzue.

Bai, nabarmen. Oso lan umoretsua da eta gozamen handiko ikuskizuna da, bizitza ere halaxe delako. Bizitzari berak dakarrena baino dramatismo gehiago jartzen diogu batzuetan, eta oreka bilatu behar da umoretik eta patxadatik. Izan ere, bizitza oso laburra izan daiteke.

Liburua irakurri edo filma ikusi duenari gomendatuko zenioke antzezlana?

Bai, zalantzarik gabe. Nik ez nuen aurrez ezagutzen, eta etxeko lana egin nuen pelikula ikusteko, baina estreinatu ondoren izan zen. Batzuetan gertatzen zaigu, ez dugula kutsatu nahi izaten ikusitakoarekin. Nire kasuan, liburua ez dut irakurri oraindik. Baina pelikula ikusi, eleberria irakurri eta antzezlana ikusi dutenek esaten dute, oso ondo bildu dugula istorioa ordubetean.

Ainhoa Aierbek Tolosako kultur programazioaren aurkezpenean esan zuen pelikula ez dela hain komikoa.

Pelikula askoz ere malenkoniatsuagoa da. Ukitu hori ikusten diot, badu tristura puntu bat, giro lausoagoa. Gureak berriz, txinparta gehiago duela esango nuke.

'Kopaz kopa'

Egilea: Rex Picket.
Moldaketa: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria.
Euskarazko bertsioa: Ane Labaka.
Zuzendaria: Garbi Losada.
Argiztapena: Xabier Lozano.
Musika eta soinua: Javier Asin.
Eszena espazioa: Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria.
Jantzigintza: Tytti Thusberg.
Aktoreak: Iñigo Aranbarri, Ainara Ortega, Ainhoa Aierbe eta Asier Sota.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!