Elkarrizketa

«Hiru Olinpiar Jokoetara joatea, amets bat betetzea baino gehiago da»

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 26a, 19:58
Imanol Rojo, 2021eko Espainiako Txapelketan. JULEN JUARISTI

Lehen Olinpiar Jokoetan gozatu egin zuela dio Imanol Rojok, baina bigarrengoan presio gehiegirekin joan zen eta ez zen hain gustura gelditu. Hirugarrengoan berriro disfrutatu nahi du.

Igande honetan abiatuko da Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzailea Pekinera. Hirugarren aldiz parte hartuko du Olinpiar Jokoetan, eta hiru probatan lehiatuko da.

Orain egun gutxi esan zenuen sare sozialetatik Olinpiar Jokoetara joateko sailkapena lortu zenuela.

Bai, dagoeneko sailkapena ofiziala da. Oso pozik nago, eta gogoz hirugarren Olinpiar Jokoetara joateko. Ea dena emateko gai naizen.

Esan daiteke espero zela sailkapena lortzea.

Bai, espero nuen, baina konfirmatu egin behar zen. Munduko Kopan lehen 30 postuetan sartu behar nuen denboraldi honetan, eta lortu egin dut. Aurreko urteko emaitzak ikusita aukerak hor zeuden, baina, esan bezala, lortu egin dut, eta lasaiago geratu nintzen.

Noski, meritua ere aitortu behar zaizu.

Bai, badu bere meritua. Ez nuen espero: Pyeongchangetik Pekinerako bidea oso luzea egin zait. Espero nuen erraz ibiltzea Pyeongchang eta gero, baina ez da horrela izan, eta esfortzu handia egin dut honaino iristeko.

Munduko Kopako Tour de Ski lehiaketa egin zenuen urte bukaeran eta hasieran. Nola bizitu zenuen?

Orokorrean oso ondo sentitu nintzen, baina klasiko erako lasterketetan arazo asko izan genituen materialarekin, eta skating eran, ikusi zen moduan, lehen 30 postuetan sartu nintzen bi aldiz. Oso ondo sentitu arren, pena izan zen aurreko denboraldiko postu orokorra ez nuela hobetu. Aurrekoan 31. egin nuen eta oraingoan 42. bukatu nuen. Baina arazoak materialarekin izan ditugu eta horregatik pixka bat atzerago geratu gara.

Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortzeko lagundu zizuten, behintzat.

Bai, hori da. Tour de Ski aurreko denboraldian bezala hartu nuen, prestakuntza bezala Olinpiar Jokoetarako. Ez nuen espero lehen 30 postuetan sartzea, karga asko sartzen ari baikara entrenamenduetan. Nire asmoa da Olinpiar Jokoetan ondo egotea eta prestakuntza bezala erabili dut, eta niretzat sorpresa izan da lehen 30etan sartzea.

Azken lasterketa urtarrilaren 4an egin zenuen, Tour de Ski lehiaketako azkena, hain justu.

Bai, azkenekoa hori izan zen; gero Munduko Kopako bi asteburu zeuden, baina biak bertan behera geratu ziren COVID-19arengatik. Bazeuden beste nazioarteko beste lasterketa batzuk, baina pentsatu genuen Olinpiar Jokoak ondo prestatzea. Test bat egin berri dugu Andorran, baina ez lasterketa ofizialik.

Hemendik aurrera zer asmo duzu Pekinera joan aurretik?

Andorran hamar eguneko prestakuntza egin dut altueran, eta orain atseden hartzea tokatzen da. Prestakuntza egina dago Pekinerako.

Noiz joango zara Pekinera?

Otsailaren 4an da inaugurazio ekitaldia, baina ni urtarrilaren 30ean joango naiz. Lehenengo lasterketa otsailaren 6an dut. Pixka bat lehenago joaten gara, ordutegi aldaketara moldatzeko.

Zer probatan parte hartuko duzu?

Lehenengo proba, otsailaren 6koa, 30 kilometroko lasterketa da. 15 kilometro klasiko eran egin behar dira, eta gero bastoiak eta eskiak, eta gero beste hamabost kilometro egin behar dira skating eran. Ondoren, 15 kilometroko proba izango dut, klasiko eran, erlojuaren aurka. Eta bukatzeko niri gehien gustatzen zaidana izango da, 50 kilometroko proba skating eran.

Noiz dituzu bigarren eta hirugarren probak?

Bigarrena ez naiz orain guztiz gogoratzen, uste dut otsailaren 16an dela. Hirugarrena, otsailaren 19an izango da.

Proba bakoitzean helburu jakin bat izango duzu?

Aurrekoan bezala izango da. Hiru urte hauetan ondo sentitu naiz klasiko zein skating eran, eta ez dut probarik baztertu. Helburua izango da aurreko urtean Munduko Txapelketan ibili nintzen postuetan ibiltzea, eta ahal bada aurrerago bukatu, hobeto nagoela uste baitut. Lehen hogei postuen barruan egonez gero pozik egongo nintzateke.

Postu hori edozein probetan lortzea, edo bereziki azken proba hori duzu begiz jota?

Uste dut hiruretan dudala aukera emaitza hori lortzeko, gero ikusiko dugu ze postutan ibiltzen naizen. Materialarekin ere nola moldatzen naizen ikusi behar da, eta fisikoki nola nagoen.

Fisikoki karga gehiago sartzen ari zarela esan duzu. Animoz zer moduz zaude?

Egia esan, oso ondo. Inoiz baino gehiago entrenatu dut. Andorrako nire kidearekin probak egin ditut eta oso ondo sentitu naiz. Oso animo onarekin nago, eta orain lortu behar dudana da COVID-19a ez hartzea aste honetan, Pekinera joan aurretik. Hori da orain gehien kezkatzen nauena.

Olinpiar Jokoetara joatea gauza handia da kirolari batentzat, baina hirugarren aldiz joatea beste maila bat da. Gogoan duzu lehen aldiz joan zinenekoa?

Lehenengo aldiz joan nintzenean niretzako amets bat betetzea izan zen. Disfrutatu egin nuen. Bigarren aldiz joan nintzenean, Pyeongchangera, beste presio batekin joan nintzen, eta ez nuen hainbeste disfrutatu. Orain nahi dudana da lehenengoetan bezala disfrutatzea, eta ateratzen dena aterako da. Hiru Olinpiar Jokoetara joatea amets bat betetzea baino gehiago da.

Esan duzunez, luzeak egin zaizkizu azken lau urte hauek, baina emaitza onenak ere lortu dituzu denbora tarte honetan.

Gogorrak izan dira, baina behintzat emaitzekin gozatu ahal izan ditut. Nahiz eta gogorrak izan, ondo sentitu naiz, eta uste dut urtero hobetzen ari naizela.

Olinpiar Joko hauek pasatu ondoren, nola ikusten duzu zure kirol ibilbidea?

Ez dut etorkizunean asko pentsatu. Orain ikusi nahi dut ea zer emaitza lortzen ditudan Olinpiar Jokoetan, eta emaitzen arabera erabakiko dut zer egingo dudan etorkizunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!