Kafetegi batean lapurreta egiteagatik gizon bat atxilotu dute

Ataria 2022ko urtarrilaren 26a

22 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak 00:30ak aldera Tolosan, bertako kafetegi batean lapurreta egitea leporatuta.

00:30ak aldera Ertzaintzak 22 urteko gizonezkoa atxilotu du Tolosan, kafetegi batean lapurreta egitea leporatuta. Kafetegiko alarma aktibatu dela eta, Ertzaintzaren herritarren babeserako patruila bati kafetegi batera hurbiltzeko eskatu diotela adierazi dute Ertzaintzatik.

Kafetegira gerturatu eta ertzainek gizonezko bat aurkitu dutela zehaztu dute handik gertu dagoen garaje baten ertzean makurtuta. Gazteak eskuan zauria zuela argitu dute Ertzaintzatik, eta adierazitako establezimenduko plastikozko poltsa bat zeramala. Poltsa barruan miatu ostean, material ezberdinekin batera, 350 bat euro aurkitu dizkiote, eta horren aurrean, ertzainek atxilotu egin dute lapurreta egitea leporatuta.

Atxilotua datozen orduetan jarriko dute Tolosako Guardiako epaitegiaren eskuetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!