Larunbat gauean zenbait emakumeri eraso egin zietela salatu du Itaiak

Ataria 2022ko urtarrilaren 27a

2020ko abenduan Tolosako Trianguloan egindako elkarretaratzeko irudia.

Tolosaldeko Itaiak zenbait gizonen eskutik larunbat gauean Tolosan egindako erasoak gaitzetsi ditu eta taberna batek izandako jarrera ere salatu du.

Larunbat gauean, Tolosako hainbat tabernatan, zenbait gizonek hainbat emakumeri eraso egin zietela salatu du Tolosaldeko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak. "Modu errepikakorrean, ukituak, piropo eta iruzkinak, gerritik heltzea zein musuak jasan behar izan zituzten emakume hauek", esan dute.

Emakumeenganako erasoak "eguneroko ogia" direla salatu dute. "Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betez norma kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du, eta ondoren, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz", azaldu dute.

Tolosaldeko Itaiak erasoak gaitzetsi ditu eta babesa adierazi die eraso egin zieten emakumeei. Era berean, Tolosako taberna batek izandako jarrera ere salatu dute: "Erasotzaileetako bat emakume bati ukituak eta iruzkinak egiten ari zitzaion etengabe, eta emakumeak, nazkatuta, apartatu egin zuen. Gizonak ere bultza egin zion, eta, egoera ikusita, tabernako argiak piztu zituzten. Emakumea eta bere lagunak kanporatuak izan ziren, gatazka beraiek eragin zutela adieraziz. Hauek tabernatik irten zirenean berriz ere argiak itzali zituzten, eta erasotzaileak barruan jarraitu zuen". Horrelako jarrerak izatea "erasotzailearen alde" lerratzea dela adierazi dute. 

Horren aurrean, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzarako deia zabaldu dute. "Beharrezkoa zaigu erantzun eraginkorrak eman eta indarkeria matxista gainditzeko baliabideak garatzea", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!