Erreportajea

Papera, batzuen eguneroko ogia

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 26a, 07:58
Esperientzia handiko eta kalifikazio altuko hiru adituk egiten dute lan laborategian; irudian, horietako bat lanean.

2012an, Tolosako Paper Eskola desagertzear zela, laborategi bat kudeatzeko Labpaper Tolosa elkartea sortu zuten; 10 urteotan garai zailak igaro arren, ilusioz begiratzen diote etorkizunari.

Paperaren zein haren deribatuen industria Tolosako motor ekonomiko garrantzitsuenetako bat izan da historikoki. 1965ean, Tolosako Paper Eskola sortu zen. Hamarkada batzuk beranduago, 1993an, Paper Eskola Indartzeko Elkartea sortu zuten. 2012ko irailean, ordea, orduko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzak, Tolosako Paper Eskola ixteko erabakia hartu zuen. Euskal Herrian paper-fabrikazioko ia 50 urteko etapa bat bukatu zela zirudien.

Hala ere, une zail hartan, orduko bazkideen nahia eta ilusioa eta Don Bosco Lanbide Heziketako zentroaren konpromisoa elkartu ziren, laborategiko lanarekin nahiz papergintzako gutxieneko prestakuntzarekin aurrera egin ahal izateko, paper eskola zaharrean zegoen ezagutza aprobetxatuz. «Aurrera egiteko borondate partekaturik ez balego, betiko galduko lirateke paperaren inguruko prestakuntza eta laborategia», aitortu du Iñaki Ugartek, Don Bosco Paper Eskola Indartzeko Elkarteko idazkariak eta Euskal Herriko Paperaren Klusterreko kudeatzaileak.

Aurrez, ordea, 2012. urte hasieran, zelulosan oinarritutako produktuak aztertzeko laborategi bat kudeatzeko elkartea sortu zuen lehendik paper eskola indartzeko sortuta zegoen elkarteak. Aipatutako egoera zaila gainditu ondoren, 2019an, gaur egun duen izena eman zioten: Labpaper Tolosa elkartea. Tolosako Udala, Tolosaldea Garatzen garapen agentzia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Adegi, Euskal Herriko Paperaren Klusterra, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ere elkarte horren parte dira.

Bi eremuren arteko zubia

Esperientzia eta kalifikazio handiko hiru adituk egiten dute lan laborategian. Enpresei, ikerketa zentroei eta irakaskuntza-munduko eragileei eskaintzen dizkie zerbitzuak, hau da, paperaren eta kartoiaren balio-kateko enpresen eskura dago. Besteak beste, lau helburu nagusi ditu. Batetik, sektoreari laguntza eskaintzen dio, teknologiarekin eta bere lehengaien eta bitarteko edo azken produktuen kalitate kontrolarekin zerikusia duten arloetan. Bestetik, papergintzako prestakuntza-zentro gisa jarduten du eremu profesionalean, eta horretarako, paper eskola industria-mundura hurbiltzen du.

Horiez gain, I+G+B proiektuetan parte hartu nahi duten enpresekin lan egiten du. Azkenik, paperaren eta kartoiaren balio-kateko enpresetarako probak egiten ditu; horiek dira bere finantziazio-iturri nagusia. «Ezaugarri arrunteko saiakuntzak eskaintzen dira, baita berariazko premietara egokitutako garapenak edo azterketak ere, eta independentzia- eta konfidentzialtasun-printzipioen arabera eta bezeroari egokitutako zerbitzuaren arabera egiten du lan», azaldu du.

Paper kalean dago Don Bosco Paper Eskola, Berazubi auzoaren ondoan.

Gainera, elkarteak hezkuntza komunitatearekin duen erlazioa «handia, bi noranzkokoa eta funtsezkoa» dela nabarmendu du Ugartek. «Instalakuntzak formakuntza zentro batean daude, bertako ikasleentzako esperimentazio gune dira, eta batez ere, bertatik bertara ezagutu dezakete papergintzarena bezalako puntako enpresa-errealitate bat. Ondorioz, bi eremuen arteko zubia da».

«Eragile garrantzitsua»

Lehen hamarkada bete duen honetan, elkartearen garrantzia azpimarratu eta honakoa argitu nahi izan du idazkariak: «Ez da ohiko elkarte bat, entseguen laborategi bat baizik». Hala ere, azken urteak «zailak» izan direla aitortu du. «Aurre egin behar izan genion gure jarduera bertan behera utzi genuenaren usteari, eta baliabide gutxirekin, prestigioa eta bezeroak berreskuratzen joan ginen. 2019. urtea ona izan zen, Baina, 2020an dena eten behar izan genuen. Zorionez, 2021a urte garrantzitsua izan da, 2024rako gure plan estrategikoa abian jartzeko lan handia egin baitugu», esan du.

Azken 10 urteotan, papergintzak «aldaketa handiak» jasan dituela azpimarratu du Ugartek. «Paperaren erabilera batzuk galdu dira, besteak beste, paper grafikoak; baina beste batzuk sortu dira. Ilusioz begiratzen diogu etorkizunari, papergintzaren balio-katearen dibertsifikazioan eragile garrantzitsua izango garela sinesten dugulako».

Gaur egun, paperezko euskarriak lehengai fosiletatik abiatuta egindako beste produktu batzuen ordezko gisa eskaintzen dituen aukera guztiak aztertzen ditu elkarteak. «Papera, produktu natural, iraunkor, berriztagarri eta biodegradagarria izanik, etorkizuneko bio-ekonomiaren eragile handienetako bat izango da; ziurrenik, ez gaur egun ezagutzen ditugun formatu guztietan, ezta gaur egun dituen funtzio guztiekin ere. Ekonomia iraunkorragoa bermatuko duten beste formulazio batzuekin egin behar da», azaldu du Ugartek.

Halaber, Tolosako Udalak Don Bosco Paper Eskola Indartzeko Elkartea babesten jarraitzen du. Horren erakusgarri da, bertako laborategiaren proiektuari bultzada emateko eta Paper Eskolako Lanbide Heziketan berrikuntza sustatzeko iaz emandako 10.000 euroko diru-laguntza gehigarria. Gainera, bai Don Bosco Paper Eskola Indartzeko Elkarteak, baita laborategiak ere, aurrera egin nahi dute paperak hartu duen garrantzia eta mikro-plastikoekin sortutako arazo larria kontutan hartuta; «papera eta kartoia dira alternatiba ekologikoa eta bilgarrien arloan lehentasunezko materialak», esan du Ugartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!