Gipuzkoako Kopan txapeldun geratu da Tolosaldea IKT

Ataria 2022ko urt. 25a, 07:58

Asteburuan jokatu da Gipuzkoako Kopa Usabal kiroldegian; nesken zein mutilen taldeek lehen postuak lortu dituzte.

Tolosaldea IKTko neska eta mutilen taldeek Gipuzkoako Kopa irabazi dute, lehen postuak eskuratuta. Asteburuan jokatu da Tolosako Usabal igerilekuan; larunbatean eta igandean goizez zein arratsaldez egin dira saioak. Nerea Pagola taldeko entrenatzaileak esan duenez, "oso pozik" geratu dira emaitzarekin, eta dagoeneko, otsailaren 5ean eta 6ean jokatuko diren Gipuzkoako txapelketari begira jarriak dira.

Koparen kasuan, parte hartzea zabaldu eta ahalik eta kide gehienek partu hartu dezaten ahalegindu dira: "Lehenengo gelditzea ez zen helburu bakarra, hori ere nahi genuen, noski, baina adibidez denborak askok hobetu dituzte, eta emaitza indibidualekin gustura geratu gara".

Larunbat goizeko saioan, Bidasoa eta Zubiaurre taldeak aurretik izan zituztela kontatu du Pagolak, baina igande eguerdirako antzeman zuten, okerrik ezean, lehenak izango zirela. "Hori jakinda, aldaketa batzuk egin genituen eta igande arratsaldean igeri egin gabe geratu behar zutenak ere sartu genituen, denek igeri egin zezaten", esan du Pagolak.

Bakarkako lana erakusteko txapelketak datozkie jarraian. Otsaileko lehen astean Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute; federatuta daudenak Bergaran arituko dira, eta federatu gabeek ere izango dute aukera lehiatzeko. Kasu horretan Andoainen ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!