Iñaki Alonso 'Indio' omendu dute

Leyre Carrasco 2022ko urt. 23a, 15:30

Oargi Mendi Elkarteak eta Sakon Espeleologia Taldeak espeleologia tekniken oinarrizko ikastaroa eskaini dute goizean, eta ondoren, bazkaria egin dute elkarte gastronomikoan.

Espeleologiako tekniken ezagutzara zuzenduta dagoen jarduera bat dela azaldu du Oargi Mendi Elkarteko eta Sakon Espeleologia Taldeko kidea den Jon Alejosek, “hastapen mailako teknikak sakonago ezagutzeko”. Urtero antolatzen dute ikastaroa, eta normalean, Iñaki Alonso Indio izaten zen dinamizatzailea. Alonso aste honetan hil da eta Akerbeltz espeleologia taldeko kide nabarmena izateaz gain, Nafarroako Sakon Espeleologia Taldeko eta Oargi Mendi Elkarteko kidea zen.

Alonso espeleologia elkarteen arteko kolaborazioa sustatzeko pertsona "oso egokia" zela kontatu du Alejosek: “Kolaborazioak bideratzeko gaitasun handia zuen. Izan ere, espeleologia mundua nahiko itxia da, eta berak jendeari hau guztia helarazteko eta parte hartzea bultzatzeko gaitasuna zuen”.

Alonsok espeleologia munduan egindako lana goraipatzeko, goizean Oargin eskaini duten ikastaroari “omenaldi izaera” eman nahi izan diotela azaldu du. “Ondoren egingo dugun bazkarian ikastaroan parte hartu dutenei Iñakiri buruz hitz egingo zaie, eta berarekin bizitako anekdotak eta bizipenak gogora ekarriko ditugu. Berezitasuna hori izango da. Bera fisikoki ez egon arren, bere memoria gure artean izango dela gaur”, gehitu du.



 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!