Oargi eta Sakon taldeek Iñaki Alonso 'Indio' omenduko dute igandean

Ataria 2022ko urtarrilaren 21a

Iturria: Akerbeltz Espeleologia Taldea

Oargi Mendi Elkarteak eta Sakon Espeleologia Taldeak espeleologia tekniken oinarrizko ikastaroa eskainiko dute igandean eta orain arte jarduera hori zendu berri den Indioren parte hartzearekin egiten zutenez, hitzordua baliatuko dute tolosarra omentzeko.

Ikastaroa goizean zehar egingo dute Oargin bertan eta ondoren bazkaltzeko elkartuko dira elkarte gastronomikoan. Iñaki Alonso Indio aste honetan hil da eta Akerbeltz espeleologia taldeko kide nabarmena izatez gain, Nafarroako Sakon Espeleologia Taldeko eta Oargi Mendi Elkarteko kidea zen.

Irteera, Pirinioetara

Bestetik, Oargi Mendi Elkarteak, irteera antolatu du Pirinioetara. Otsailaren 4an, arratsaldean, irtengo dira Tolosatik, eta hilaren 6an itzuliko dira. Chipeta eta Ezkaurre Txikia mendietara igotzea da asmoa; biak ere, sei ordu inguruko ibilaldiak direla aurreratu dute elkartetik. Parte hartzera animatzen direnek, Linzako aterpean egingo dute lo. Materialari dagokionez, kranpoiak eta pioleta eramatea beharrezkoa dela adierazi dute; elurraren egoeraren arabera, aurrerago zehaztuko dute erraketak beharrezkoak diren ala ez.

943 675 612 edo 688 698 642 telefono zenbakietara deituz edo oargimendi@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz eman daiteke izena; urtarrilaren 31 da horretarako azken eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!