«Sentsibilitate eskasa agertzen dugu nerabeen beharrekiko»

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 20a, 19:59

Tolosatzen eskola irekiaren barruan ariko da urtarrilaren 25ean, 18:00etan Topic-en, eta bertako webgunean eskatu beharko da hitzaldirako gonbidapena; hurrengo egunean, Tolosako nerabeekin bilduko da Funes.

Bere bizitza profesionalaren zati handi bat nerabeen eta gazteen munduan eman du Jaume Funes i Artiagak (Cornellà de Llobregat, 1947). Gazteekin batera ikasitakoaren sintesi bat bildu zuen 2010ean Educar en la adolescencia. 9 Ideas clave liburuan. Tolosan, nerabezaroaz, bizikidetzaz eta emozioez jardungo da hilaren 25ean, Tolosatzen eskola irekiaren barruan.

Nerabezaroaz ari garela zein adin tarteri egiten diogu erreferentzia?

Bizitzaren etapa eta zikloak ekonomia eta gizartearen arabera eraikitzen dira. Garai batean hiru denbora baino ez ziren bereizten, hazteko aldia, aldi produktiboa eta erretiroa hartu eta deskantsatzeko denbora. Gero, gaztaroa bereizten hasi zen eta hitz hori erabili zen haurtzarotik helduarora bitarteko tarte hori izendatzeko. Badira hiru bat hamarkada haurtzaro eta gaztaro artean beste aro bat bereizten dela: nerabezaroa. DBHko aldia eta gehixeagoko denbora hartzen du.

Nerabeek dituzten kezka eta galderak asko aldatu al dira denboran zehar?

Nerabeak ez dira aldatzen, gizartea da abiadura bizian doana eta etengabe aldatzen dena. Ume izateari utzi eta gazte izan nahi duten nerabe hauek dira aldaketa hauek xurgatzen lehenak. Aldaketa teknologikoarekin ikusten dugu: gazte hauek dira azkeneko aurrerapena dakarten gailuekin ondoen moldatzen direnak. Gailu horiekin batera aldatzen dira besteekin harremantzeko moduak ere.

Birtualak dira harremanak, baita indibidualagoak ere?

Gure nerabeak bizi dira mundu birtual horretan eta aurrez-aurrekoa bezain erreala da beraientzat. Bere adinkideekiko hartu-emanaren beharra beti edukiko du nerabeak, eta gaur egun, sareetan gauzatzen da harreman hori. Aldi berean, ezagutza eta jakintza jasotzeko moduak ere moldatu egin dira. Ingurunea aldatu egiten da; orain digitala da, baina auskalo aurrerago nolakoa izango den. Ahalegina egin beharko genuke hezkuntzaren oinarrian dagoena mantentzen eta ez endredatu «pantaila-bai, pantaila-ez» eztabaida antzuetan.Nola bilatu informazioa?, Non dago egia? Nola ikasten dugu zalantza egiten? Hori da garrantzizkoa dena.

Zenbateraino da garrantzitsua akonpainamendua?

Behar dituzte helduak inguruan muturra gehiegi sartuko ez dutenak. Helduak hor alboan daudenaren segurtasuna behar du nerabeak, jakin behar du begira daudela eta tarteka iritzia emango dutela, gauzak iradokiko dituztela... Distantzia hori da helduok askotan eraiki nahi izaten ez duguna. Edo arau eta kontrolaren bide laburra aukeratzen dugu, epe luzera ezertarako balio ez duena, edo bakarrik uzten ditugu.

Nerabea beti dago lotuta gatazkarekin?

Identitatea berresteko mekanismo unibertsala heldua ukatzea izan da, betitik. Abilidadea eduki behar dugu nerabeek euren kabuz deskubritu ditzaten zeintzuk diren euren ardurak. Baina konfrontazioa? Ez dut uste bidea hori denik. Edozein herritako alkatek daki gazteei pareta batean margotzeko baimena ematen badie, parekoan hasiko zaizkiola pintaketak egiten. Helduok gai izan behar dugu, egoera batek asko izorratzen badigu ere, egoera hori ez problematizatzen. Kudeatzen jakin behar dugu, erantzun egokiak bilatzen, egoerari buelta ematen, eta ez beti, baina batzuetan, baita ezikusiarena egiten ere.

Kale edanarekin sortutakoa elkarbizitza arazo bat da?

Nerabeak, nagusiki, elkarrekin egoteko elkartzen dira, eta batzuetan baita edateko ere. Dena den, gizarte bezala hausnartu beharko genuke alkoholaren inguruan zabaldu dugun irudiaz. Askotan goraipatu egin dugu kontsumoa. Gero kontuan hartu behar da, pandemiak ez duela eragin bera adin guztietan. Hitzordua jarri eta gazte asko elkartzen delako iskanbilak izan dira azkenaldian. Baina, hainbeste gazte elkartzen badira, beharra dutelako izango da, ezta? Zergatik ez dugu hori modu inteligentean kudeatzen eta zergatik ez dugu bidea egiten toki bakar batean bildu beharrean hamar tokitan bildu daitezen? Ez dut zalantzan jarriko errespetatu beharrekoa dela nagusien deskantsua, baina oro har sentsibilitate eskasa agertzen dugu nerabeen beharrekiko.

Urtarrilaren 25ean emango duzun hitzaldia, iragarri dutenez positiboa, motibagarria eta eraikitzailea izango da.

Azpimarratu nahi dudana da erdigunean nerabeak jarri behar ditugula, eta ez askotan esaten den bezala nerabeen problematika. Ez du esan nahi haien jarrera guztiak justifikatu behar ditugunik baina eraiki dezagun haienganako begirada bat modu positiboan.

Zeinentzat bideratutako hitzaldia izango da?

Gurasoak, bigarren hezkuntzan aritzen diren irakasleak, buru osasunaren arloko profesionalak eta arlo ezberdinetan aritzen diren hezitzaileak espero ditut. Nerabe batekin elkarbizitzan dauden horientzat gako batzuk ematen saiatuko naiz. Nola piztu gazteen jakin-mina ikasgeletan? Etxean gaudela, zenbatekoa da pilatu beharko dugun pazientzia dosia? Nola kudeatu tentsioa? Nola heldu esperantzari etsi gabe? Nola erakutsi gazteei gizartearen parte izaten?

Hilaren 26an, Tolosako ikastetxe desberdinetako gazteen ordezkaritza batekin bilduko zara. Zein asmo duzu?

Entzutera joango naiz. Nik uste, nerabeek estimatzen dutela haiengana beste modu batera gerturatzen den jendea. Jakin dezatela entzuteko prest gaudela, bizitza nola ulertzen duten jakitea interesatzen zaigula. Eta batez ere jakin dezatela, ez dutela zertan helduon mundu ero honekin bat egin behar. Are gehiago, ahal bada mundu hori aldatzeko irrika izan behar dute, ez daitezen bihurtu ezer inporta ez zaien heldu horietako batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!