Elkarrizketa

"Munduko txapelketara joatea da nire helburu nagusia"

Ataria 2022ko urt. 20a, 09:29

Munduko atletismo txapelketa, 20 urtez azpikoena, Kolonbian jokatuko da abuztuaren lehen astean. Ander Martinez De Rituertok (Tolosa, 2003) bertan egon nahi du. Horretarako, Espainiako federazioak jartzen duen gutxieneko marka lortu beharko du, postu on batekin batera.

Pertika jauzian, marka pertsonala lortzeaz gain, Gipuzkoako errekorra lortu du tolosarrak 20 urtez azpikoen mailan eta pista estalian; orain, Kolonbiara joatearekin egiten du amets.

Larunbatean, zure marka pertsonal berria lortu zenuen Zaragozan, 5 metro eta 10 zentimetroko pertika jauziarekin. Nola sentitzen zara lorpen horren ondoren?

Oso pozik. Ondo entrenatzen ari nintzen baina inoiz ez da jakiten lehiaketa batean zer gertatuko den. Zentzu horretan, beraz, oso pozik nago.

Nolako proba izan zen asteburukoa?

Helburu berezirik gabe joan ginen Zaragozara, besterik gabe, kanpoan lehiatzeko eta beste pista bat ezagutzeko. Proba aske bat zen, ez zen txapelketa bat. Ondo sentitzen nintzen. Beroketa ona egin nuen eta azkenean marka atera zen, beste batzuetan ateratzen ez den bezala.

Entrenamenduetan egin al duzu horrelako jauzirik?

Pertika jauzia entrenatzeko nahiko berezia da. Lehiaketetan listoi bat izaten dugu, baina entrenamenduetan soka moduko batekin aritzen gara; jarri eta kendu ez ibiltzeko. Ondorioz, inoiz ez dakizu ziur jauzia baliozkoa izan den edo ez, soka hori ukituagatik ez baita erortzen. Listoiak ere bere gorabeherak izaten ditu. Batzuetan, pixka bat ukitu eta erori egiten da. Besteetan, aldiz, dezente ukitu eta hor geratzen da.

20 urtez azpikoen mailan zenbat denboraldi geratzen zaizkizu?

Atletismoan mailak 20 urtez azpikoena izena badu ere, jaiotzen zaren urtearen arabera joaten da. Hau da, ni 2003ko abenduan jaio nintzen. Beraz, 18 urte bete berria naiz. Hala eta guztiz ere, hurrengo urtean 23 urtez azpikoen mailan ariko naiz, 19 urte izan arren. Gauzak horrela, urte hau geratzen zait 20 urtez azpikoetan.

Maila horretan Gipuzkoakoa jadanik hautsi duzu. Besteak nola daude?

Espainiakoa ez dut uste hautsiko dudanik, oso altua delako. Agian Euskadikoa, pista estalian 5.15ean dago.

Kanpotik ez du ematen horrenbesteko diferentzia dagoenik?

Egingarria da, baina azkenean ez dakizu. Lesioak hor egoten dira, edo edozer gauza gerta daiteke. Badaezpada ez dugu ezer asko esango, eta marka etortzen baldin bada, ongi etorria izango da. Errekorrak hor egoten dira, baina helburuak beste batzuk izaten dira.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Aurten, aire librean, 20 urtez azpikoen munduko txapelketa jokatuko da. Ondo egongo litzateke sailkatzea.

Horretarako zer beharko zenuke?

Oraindik Espainiako federazioak ez ditu gutxieneko markak atera. 5.15 edo 5.20an jarriko dituela pentsatzen dugu. Baina hori gainditzeaz gain, Espainiako txapelketan postu on bat lortzea beharrezkoa izango da, lehen hiruren artean sailkatzea edo.

Gutxieneko marka egitea, beraz, ez da nahikoa.

Hori da. Gutxieneko marka hiruk edo lauk egiten baldin badugu ez gaituzte guztiak eramango. Gehienez bi edo hiru izango dira aukeratuak.

Egutegia nola daukazu?

Pista estaliko Espainiako txapelketa martxoan izango da, eta aire librekoa uztailean. Munduko txapelketa, aldiz, abuztuko lehen astean Kolonbiako Kali hirian. Oraindik denbora dago entrenatzeko, lehiatzeko eta denerako.

Pista estalian zein da zure helburua?

Jauzi ona egin eta domina bat lortzea. Txapelketa batean ez dakizu zer gerta daitekeen, eta gainera, nire adinean, beste bi edo hiru oso ondo dabiltza. Domina etxera ekartzea polita izango litzateke.

5.10eko erreferentzia daukazu orain. Aurreko markak zeintzuk zenituen?

Iaz, aire librean, 4.96ko jauzia egin nuen. Pista estalian, aldiz, 4.60koa zen. Urte batetik bestera, beraz, dezenteko hobekuntza izan dut.

Tolosarra zara, baina Real Sociedad taldean zaude.

Txikitatik Tolosako taldean ibili naiz, baina pertika aukeratu nuenetik egunero entrenatzera Donostiara joaten ibili nintzen, hiru urtez. Pertikak nahiko garestiak dira. Norberak edo klub bakoitzak bereak erosi behar izaten ditu, eta diru asko da. Tolosako kluba hori ordaintzeko prest ez zegoenez nire aukera bakarra Realera joatea izan zen.

Ikasketak ere bertan egiten dituzu.

Aurten hasi naiz unibertsitatean, Donostian. Goizean klaseetara joaten naiz, bertan bazkaldu eta arratsaldean Anoetara joaten naiz entrenatzera.

Pertika jauzian fisikoaz gain teknika ere asko landu beharko duzue, ezta?

Pertika jauzian entrenamenduek bi zati bezala izaten dituzte. Alde batetik arlo fisikoa dago eta bestetik teknikoa. Nahiko espezializatua izaten da azken hau, eta beste kiroletan baina ordu gehiago sartu behar izaten dira teknika zehatz hori landu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!