Gipuzkoako Kopa jokatuko dute asteburuan Usabal igerilekuan

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 20a, 07:57

Arrigain, Zubeldia eta Garrido igerilariak Gabonetako Nazioarteko Sarian.

Tolosaldea IKTk neska eta mutilen taldeak aurkeztuko ditu. Ahal den emaitza onenak lortzea baino, igerilarien parte hartzea zabaltzea hobetsiko dute.

Igeriketako Gipuzkoako Kopa jokatuko dute asteburuan Tolosako Usabal igerilekuan, eta larunbatean zein igandean goizez eta arratsaldez izango dira saioak. Talde bezala parte hartuko dute igerilariek, eta Tolosaldea IKT taldeari, kopan parte hartzeaz gain, antolakuntzan ere lan egitea egokituko zaio. Nerea Pagola taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, «Euskal Herriko Kopara ahal genuen talde indartsuenarekin joan ginen, baina Gipuzkoako Kopari begira parte hartzea zabaldu egin dugu». Mutilen taldea, esaterako, oso zabala dutela gaineratu du Pagolak, eta asko «maila handikoak» direla. Beraz, asteburu honetan Euskal Herriko Kopan aritu ez ziren igerilariak ere ariko dira lehian.

Bidasoa taldea izango da aurkari nagusia, eta lehen bi postuak etxekoen eta beraien artean banatzea espero dute. Tolosaldea IKT taldetik garbi dute, behintzat, ahalik eta emaitza onena lortzen saiatuko direla.

Tolosaldea IKT-k nesken eta mutilen taldeak izango ditu lehian. Igeriketa egutegiko proba bakoitzean bi igerilarik parte hartzen dute, distantzia luzekoan izan ezik, hor igerilari bakarrak parte hartzen baitu. Lortutako markaren arabera, igerilari bakoitzak puntuak jasotzen ditu, eta gero horiek batu egiten dira sailkapena osatzeko. Ez dakite oraindik zenbat igeriketa taldek lortuko duten egutegiko proba guztiak osatzea, baina hamabost bat talderen parte hartzea espero da, eta egutegiko proba guztiak osatuko dutenak zazpi edo zortzi inguru izango direla uste da.

Orain gutxi lortutako emaitzei begiratuz gero, Eguberrietan, abenduaren 19an zehazki, Nazioarteko Gabonetako Saria izan zen jokoan Ordizian, eta bertan Tolosaldea IKT-ko 18 igerilarik hartu zuten parte kanporaketa saioan. Eneko Garmendia eta Nahia Garrido Euskal Selekzioarekin aritu ziren. Arratsaldeko finaletara taldeko hiru igerilari sailkatu ziren: Igor Arrigainek 100 metro bularretan 5. postua lortu zuen (1.06,23), Unai Zubeldiak 100 metro estiloetan 5. postua lortu zuen ere (1.00,15), eta Nahia Garridok bi final jokatu zituen, 50 metro bizkarrean 5. postua lortuz (29,20) eta 100 metro bizkar proban 4. eginez (1.01,91).

NORBANAKO TXAPELKETAK

Behin asteburuko Gipuzkoako Kopa pasa ondoren, neguko denboraldiko une garrantzitsuenak iritsiko dira. «Igerilari bakoitza bere helburuei begira jartzen da, eta bakoitzaren mailaren arabera, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango ditu jomugan», esan du Pagolak.

Txapelketetan parte hartzeko gutxienekoak lortzeko asmoa izango dute hainbat igerilarik eta horren bila joango dira. Beste batzuk txapelketa batean edo bestean postu jakin baten bila joango dira. «Orain arte egindako lanari ahal den amaiera onena emateko unea iritsiko da», azaldu du Pagolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!