Bide onetik doaz TAKE klubeko bi talde nagusiak

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 19a, 19:59

Gizonezkoak igoera faserako sailkatuta daude, eta igoera lortzea ez dute baztertzen. Emakumezkoak igoera faserako sailkatzen saiatuko dira.

Denboraldiaren erdian daude TAKE saskibaloi klubeko bi talde nagusiak. Gizonezkoen Redline Mekanika TAKE taldea euskal ligako lehen mailan dago, eta igoera fasea jokatzeko txartela lortua du. Emakumezkoen TAKE taldea Gipuzkoako ligako lehen mailan dago, eta oraingoz bosgarren postuan dago.

Redline Mekanika TAKE taldeko kideak animoz ondo daude, asteburuan Tabirako Baque talde durangarrari irabazi baitzioten, beraien etxean. «Garaipen garrantzitsua da», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak, «lehen bi postuetan geunden taldeen arteko partida zelako. Talde indartsua da etxean, eta larunbateko partida espero baino hobe irabazi genuen. Oso partida gogorra eta fisikoa aurreikusten genuen, baina ondo ezagutzen genituen bere indarguneak eta partida oso ondo joan zen». Orain bi taldeak daude sailkapen buru, sei partida irabazi eta bi galduta.

Aurreko urtean ere goiko postuetan izan ziren, eta igoera fasea jokatu zuten. Artetxeren lehen denboraldia zen taldeko entrenatzaile moduan, eta prozesu horretan «lan txukuna» egin zutela dio. «Aurten bagenekien zein zen bidea, eta hori jarraitzen ari gara. Taldea gutxi gorabehera iazko bera da, eta bi junior igo dira lehen taldera. Orain arteko balantzea oso ona da». Aurtengo denboraldian galdutako bi partidak, azaroan, taldeko hiru-lau jokalari garrantzitsu lesionatuta zeudelarik izan zirela azaldu du. Orain, urte hasieran, taldea osorik dagoela dio Artetxek: «Oso ondo entrenatzen ari gara, oso lan ona burutzen ari gara eta Durangon irabazitako partidak taldeari konfiantza handia emango dio».

Dagoeneko igoera faserako sailkatuta dago taldea, eta lehen fase honetan partida gutxi falta zaizkie. «Lesioek-eta errespetatzen badigute, uste dugu talde konpentsatua dugula eta oso aurkari gogorra izango garela edonorentzat», azaldu du Artetxek. Taldearen helburua ez da igoera lortzea, baina ez diote muzin egingo aukera horri. Bi talde igoko dira: igoera faseko lehen sailkatua izango da horietako bat, eta bestea bigarren eta bosgarren sailkatuen artean jokatuko den lauko finaleko irabazlea. «Klubetik ez dugu zehaztuta helburu bezala igotzea», esan du Artetxek. «TAKE kluba eskualdeko jokalariek osatzen dute, eta ez dugu fitxaketarik egiten beste klubetan bezala. Helburua da jokalariek ikastea, hobeto jokatzea, oso giro ona egotea taldean, klubean, eskualdean, eta jokalarien lan onaren ondorioz urtez urte hobetzen joatea. Noski, gauzak ondo egiten baditugu eta igoera fasean aukerak baditugu, anbizioa izango dugu eta igoera lortzera joango gara».

Euskal Federazioak lehen aldiz antolatu du Kopa txapelketa beraien mailan, eta finalerdietara iritsi da Redline Mekanika TAKE. Otsaileko azken asteburuko larunbatean finalerdia jokatuko dute, eta irabaziz gero, egun bat beranduago finala. Arrasaten jokatuko dute asteburu guztia, eta TAKEkoek Arrasateren aurka jokatuko dute beraien finalerdia. Bestea, Tabirako eta Bilbao Basket taldeen artekoa izango da. Martxoan hasiko da igoera fasea.

ENTRENATZAILE BERRIAK

Emakumezkoen TAKE taldearen denboraldi honetako berritasun handiena entrenatzaile postuetan dago. Jon Azaldegi da lehen entrenatzailea, aurretik gizonezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaile izandakoa. «Gustatzen zaigun kirola da, urte askotan zehar gauza asko eman dizkiguna, eta beti geratzen zaizu gogo hori berriz hasteko», esan du Azaldegik, entrenatzaile moduan berriro aritzeko arrazoiaz galdetuta. «Aurreko denboraldi bukaeran klubetik esan zidatenean ea entrenatzaile izan nahi nuen, nire anaia Beñati laguntza eskatu nion, eta ikusi genuen bion artean taldea eraman ahal genuela. Ilusioa egiten zigun eta hortxe ari gara».

Entrenatzaileak eta jokalariak aurreko denboraldi bukaeran elkar ezagutu zuten, ekaina eta uztaila inguruan entrenamendu batzuk eginez. «Elkar ezagutzeaz gain, entrenamenduen eta partiden dinamikan sartzeko ere balio izan zuen», zehaztu du Azaldegik. Denboraldia nahiko gorabeheratsu doa partiden egutegiari dagokionez. Izan ere, hasiera batean 11 talderentzako egutegia osatu zen, baina azken momentuan izena emandako bi talde atera egin ziren, ezin izan zutelako taldea osatu. Beraz, bederatzi talde ari dira lehian, eta tarteka gertatu daiteke hiru asteburu jarraian atsedena izatea, eta gero lau asteburu jarraian partidak jokatzea. Hori horrela, talde guztiek ez dute oraingoz partida kopuru bera jokatu.

TAKEkoak egun bosgarren postuan daude, bi partida irabazi eta bost galduta. «Urte hasieratik garbi utzi genuen emaitzei begira baino, gehiago begiratuko geniola taldeak zer moduz entrenatzen zuen eta gero ea lehiatzeko gai zen», azaldu du entrenatzaileak. «Zentzu horretan, 2-5 ez da balantze ona, baina taldeak denboraldi hasieratik hona aurrerapauso nahiko nabaria eman du lehiari dagokionez. Ondo lehiatzen ari da, eta batez ere astez aste hobeto entrenatzen eta lehiatzen ari gara. Orain arteko balantzeari dagokionez, beraz, oso pozik nago jokalariak egiten ari diren lanarekin».

Lehen lau sailkatuek izango dute lauko finala jokatzeko aukera, eta bi talde igoko lirateke mailaz. «Oraindik aukerak baditugu igoera fase horretan sartzeko, baina horretarako partida asko irabazi behar ditugu bigarren itzulian», esan du Azaldegik. Abenduaren 19tik jokatu gabe daude, eta asteburu honetan laugarren sailkatuta dagoen Oiarsoren aurka izango dute partida, aurkarien etxean. Urteko lehen garaipena lortzeko aukera izango dute, beraz, TAKE taldekoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!