Elkartasun Astea antolatu du Lanbide Heziketa ikastetxeak bigarrengoz

Ataria 2022ko urtarrilaren 20a

Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak hainbat ekitaldi izango ditu datorren astean.

Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak bigarren urtez ospatuko du Elkartasun Astea. Astelehenean, hilak 24, Gipuzkoako odol emaileen elkarteko kideak gerturatuko dira ikastetxera eta ikasle zein langileek odola emateko aukera izango dute. Asteartean Hiritarren Harrera Sareko nerabeek sentsibilizazio ekitaldi bat egingo dute; En la calle dokumentala eskainiko dute eskolan eta ondoren, gazte etorkinek bizi duten egoeraren eta dituzten zailtasunei buruz hitz egingo dute.

Bi ekitaldi horiez gain aste guztian zehar Harrera Sarera bidaltzeko materiala bilduko dute eskolan. Motxila eta bidaia poltsak, negurako arropa, gizonezkoentzako beroki eta galtzak, 39 eta 45 zenbaki bitarteko zapata eta botak, mantak, lotarako zakuak, galtzerdiak, telefono mugikorrak, bizikletak eta kirola egiteko arropa jaso nahi dituzte.

Era berean, elikagaien bankurako jakiak jaso nahi dituzte eta aste guztian zehar egongo da aukera; azukrea, txokolate hautsa, kontserbak, umeentzako janaria, fardelak, olioa eta gailetak. "Helburua da aipatutako elkarteekin lankidetzan aritzeaz gain, ikasleei eta irakasleei interdependentziaren garrantziaz ohartaraztea. Izan ere, interdependentzia funtsezko balioa da eta ahalegin txiki batekin ekarpen handia egin genezake", esan dute eskolako arduradunek. Gehitu dute ikastetxean balioetan oinarritutako prestakuntza lantzen dutela, bai Tknikak sustatzen duen Balioak 4.0 proiektuaren bidez eta baita Agenda2030 ekimenari esker ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!