Itaiari erantzundako emakumeen %84,7k jazarpen sexuala jasan du

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko urt. 15a, 15:04
Abastos eraikinean elkartuko dira Itaiako emakumeak hausnarketarako. N.R.A.

Itaiak deituta, dozena emakume gaztek, Tolosako Abastos eraikinean, 'Jazarpen sexualaren inguruko galdetegia'ren analisia egin dute. Eskualdeko indarkeria matxistaren espresioak aztertu dituzte eta horiei erantzuteko tresna bila aritu dira. Lanketa A25ari loturik hasi zuten eta egun horretan bakarrik ez geratzeko asmoa dute; "lanketa luzeago eta sakonago" bat bideratuko dute datozen hilabeteotan.

Sare sozialak eta QR kodedun kartelak zabaldu zituen Itaiak eskualdean, A25aren bueltan, tokiko eraso matxisten nondik-norakoak ezagutu aldera. Jasotako erantzun kopuruarekin pozik eta harrituta daude Itaiako emakumeak. Datuen atzean ezkutatzen denak ardura piztu die.

%84,7k jasan du jazarpen sexualik

Izan ere, "Noizbait jasan duzu jazarpen sexualik?" galderari %84,7k baiezko erantzuna eman diote. Eta %9,2k osatu: "Ez, baina nire ingurukoren batek bai". Gaitz endemikoa, erabat zabaldurik dagoela, argi erakusten dute honako datuek ere Tolosaldea eskualdean; gizartearen esparrurik gazteenean, gainera.

Itaiaren inkestari erreparatuz gero, jazarpen motari begiratuta, "piropo, esaldi eta txistuak" (120) izan dira ohikoenak; "begirada deserosoak" (107), "kontaktu fisikoa" (88) edo "ziberjazarpena" (41) atzetik doazela. Baina badira hareago doazen jazarpen motak ere: indarkeria psikologikoa (18), kontrola telefono bidez (12), bortxaketa (6), eduki sexualak baimenik gabe konpartitzea (2), sextorsion (5), grooming (1) eta abusu sexualak umetan (1).

Inkesta bete dutenei sexu-jazarpen hauek noren partetik jasan dituzten galdetu zaie; gehienen erantzuna "ezezaguna" izan da (108), baina badira "ezaguna" adierazi duten asko ere (56). Laguna (18), ikaskidea (17), bikotekide ohia (8), irakaslea (7), familia kidea (7), bikotekidea (7).

Testuinguruari begiratuta, zein tokitan eman diren sexu-jazarpen horiek ondorengoak izan dira erantzun ohikoenak: jai giroan (106), kalean (egunez) (93), kalean (gauez) (93), garraio publikoan (48), sare sozialetan (38), etxean/intimitatean (15), klasean (14), lantokian (6), entrenamenduan (1) eta lokalean (1).

Inkestaren lehen partean datu objektiboen bilketari ekin diete Itaiako emakumeek, baina bigarren atalean "pertzepzioak" aztertzeari egin nahi izan diote erreferentzia. Pertzepzioetako bat da testuinguruak errazten duela jazarpen sexuala. Itaiaren galdetegia erantzun duten emakume gazteen arabera, jai giroak (95), sare sozialek (70) eta kaleak (gauez) (68) dira testuingururik okerrenak.

Bestetik, bestelako pertzepzio orokorrak dira ondorengoak, Itaiaren galdetegitik ekarrita: azken aldian sexu-jazarpenak gora egin duela uste dute; sare sozial eta forma birtualetarako sarbidearen erraztasunak guzti honetan eragina daukala uste dute, sexu-jazarpena jasanez gero ez dakite zer egin dezaketen emakumeek (salaketa nola jarri, norengana jo babes bila, nola erantzun erasotzaileari...), gaur egun auzi honi irtenbidea emateko mahai gainean dauden proposamenak (instituzioetakoak, askotariko mugimenduetakoak) ez direla egokiak uste dute. 

 

"Indarkeria matxistak ekartzen duen adierazpenik ohikoena da jazarpen sexuala Tolosaldeko emakume gazteen artean"

Maria Gonzalez eta Olaia Uzkudun Itaiako kideak. N.R.A.

Nondik abiatu da ‘Jazarpen sexualaren inguruko galdetegia’ren lanketa?

Maria Gonzalez: Hasieran A25 Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistaren kontrako egunaren harira hasi ginen gaia lantzen, baina ez genuen nahi egun horren bueltan egiten genuen zerbaiten bakarrik gelditzea, lanketa luzeagoa eta sakonagoa egin nahi genuen. Behin Azaroak 25a pasata, gai horren lanketa egin genuen gai horren lanketa ideologiko bat eta ondoren jakin genuen Tolosaldea mailan, guk jarduten dugun lekua, teorikoki hitz egiten genuen hori guztiak, zer forma hartzen duen indarkeria matxistak gurean.

Ikusi genuen gazteen artean, orokorrean, indarkeria matxistak ekartzen duen adierazpenik ohikoena dela jazarpen sexuala. Orduan, pentsatu genuen gaiaren inguruan galdetegi anonimo bat egitea ikusteko eskualdeko emakumeok nola bizi dugun indarkeria hori gure egunerokotasunean.

Galdetegia sare sozialen bitartez zabaldu dugu, saiatu gara iristen ahalik eta emakume gehienengana. Kartel batzuk ere atera genituen, bertan QR kode bat zegoen inkestara bideratzen zizuna. Tolosaldean zehar jarri genituen QR kode hori zabaldu eta ahalik eta emakumerik gehien inkesta bete zezan. Saiatu gara emakume talde ezberdinengana iristen, kuadrilla ezberdinetara, ahalik eta gehien zabalduz, azken batean.

Zer-nolako erantzuna jaso duzue?

Olaia Uzkudun: Gure irismen ahalmena kontuan hartuta, erantzuna espero genuena baino handiagoa izan da.

Maria Gonzalez: Publiko egin genuen momentuan ikusi genuen emakumeak di-da hasi zirela erantzuten eta egia esan ez genuen espero horrenbesteko erantzun jasotzea hasiera horretan. Egia esan, harrituta geratu gara erantzunekin. Adibidez, lehen galdera honakoa da: “Noizbait jasan duzu jazarpen sexualik?”. Eta inkesta erantzun duten %84,7k baietz erantzun du. Agerian geratu da beraz, oso ohikoa dela jazarpen sexuala bizitzea. Gainera, datu oso deigarria egin zaigu sei bortxaketa egon izana erantzunen artean. Sei emakume bortxatuak izan dira!

Honela, jazarpen moduak aztertu ditugu. Piropotik hasi eta bortxaketa arte. “Besteak” aukera ere zabalik utzi genuen, eta hainbat emakumek jasan dituzten jazarpenaren berri eman dute; esaterako, abusu sexualak umetan. Emakumeek kontatu dizkigutenak inpaktanteak egin zaizkigu.

Olaia Uzkudun: Izan dugun erantzunari erreparatuta, ehunekoetan jarrita, jazarpen bortitzak, bortxaketa kasu edo umetako abusu sexualak esaterako, bastanteko datuak dira.

Gizartean erroturik dagoen arazoa dela kontuan izanda, zuen inkesten datuek horrela konfirmatzen dutela ikusita, zer estrategia landuko dituzue aurre egiteko?

Maria Gonzalez: Inkesta bi zatitan egon da banaturik. Lehen zatian datuak biltzeari ekin diogu. Eta bigarren zatian ordea, norberaren pertzepzioaren berri eman digute. Esaldi batzuk planteatu ditugu eta baieztapen horien inguruan emakumeek euren adostasun maila adierazi behar zuten. Adibidez, bat zen “Sexu jazarpena jasan badut, badakit egoera horren aurrean zer egin dezakedan”. Ehuneko altu batek adierazi du ez dagoela ados, hau da, egoera horretan ez dakiela zer egin. Adibidez, ez dakite laguntza nola eskatu, denuntzia nola jarri, erasotzaileari nola erantzun... Erantzun horiek medio ikusi dugu hutsune bat badagoela, ez dakigula nola erantzun.

Luzatutako beste galdera batean planteatzen genuen ea hainbat testuinguruek errazten ote duten jazarpen sexualak ematea. Gehienek baietz erantzun dute eta jai-giroa eta kalea gauez aipatu dituzte. Gauzak honela, oso adierazgarria egin zaigu normalean emakume gazteak eta gaua edo jai-giroa loturik eraso hauek gertatzeko erraztasun gehiago antzematen direla.

Aurre egiteko erremintak eskura al daude?

Maria Gonzalez: Gaur horren guztiaren inguruan hausnartu nahi dugu. Adibidez, Tolosan parrandan egonez gero, eta gizonezko batek eraso eginez gero, ea zer egin dezakegun. Honelako benetako egoera baten aurrean nola aurre egin dezakegun.

Olaia Uzkudun: Hori da. Azken batean, dagoen hutsuneari helduta, zer tresna sortzea dagoen erantzuteko. Instituzioetatik eskaintzen zaizkigun horietatik aparte, nahiko murritza dela, eta desinformazio asko dagoela, hortik aurrera auzi femeninoa lantzen dugun talde bezala zer egin genezakeen aztertu nahi dugu, nola erantzun genezakeen.

Maria Gonzalez: Hori da. Hausnarketa kolektibo batetik abiatuta, eta topatzen ditugun hutsuneei erantzun nahian planteatu dugu gaurko eguna. Gogotsu gaude ikusteko zer ateratzen den. Lanketa luze bat aurreikusten dugu, gaurkoa abiapuntua baino ez da izango eta gogotsu gaude baita ere etorriko denari heltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!