Sortu zeneko agertokira itzuliko da 'Lur' antzezlana

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 13a, 19:58

Xake Produkzioak taldeak hirugarren aldiz eskainiko du genero identitatea oinarri duen obra Tolosan; Topic-en izango da, igande honetan, 18:30ean.

2018an, Lur antzezlana estreinatu zuen Xake Produkzioak taldeak, Topic-en, obra bera prestatu eta diseinatu zuen leku berean. Gerora, Euskal Herriko antzoki gehienetan ia 50 emanaldi eskaini dituzte, eta tartean, Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria irabazi zuen, estreinatu zen urte bereko azaroan. Orain, hirugarren aldiz ekarriko dute Tolosara; igandean eskainiko dute, 18:30ean hasita, Topic-en. Antzezlana ikustera joan nahi dutenek, Topictolosa.com webgunean eros ditzakete sarrerak.

Kepa Errastik idatzi eta Getari Etxegaraik zuzentzen du Lur antzezlana. Obrako aktore ere bada Errasti, Erika Olaizolarekin, Mikel Laskurainekin eta Nerea Gorritirekin batera. Zazpi urte dituen Aneren eta bere aitonaren fantasiazko bidaia kontatuko dute. Izar magiko baten bila ari dira, gero, izarrari desio bat eskatzea izango baita euren nahia. Funtzioaren amaieran jakitera eramaten da desio hori zein den: alua duen mutikoa da Ane, eta horrela sentitzen denez, horrela bizi nahi du.

Oraindik ere, kontatzen den istorioak publikoa «txundituta» uzten duela aitortu du Xabier Ormazabal Xake Produkzioak taldeko kide tolosarrak. Bere iritziz, gizarteak oraindik «ulergaitzat» duen gaia da genero identitatearena. «Gaia naturaltasunez landu eta erakusten duen obra bat da, ikusleak hausnarketara bideratzen dituena. Hori dela eta, familian ikusteko oso aproposa da», esan du Ormazabalek.

Topic-en txotxongiloak ikustea izaten da ohikoena. Igandeko antzezlanean, baina, panpina batek beteko du izaki bizigabeei bizitza ematearen funtzioa. «Anek jasotzen duen opari bat da, Lur izeneko panpina. Tarteka, erabili egingo du, eta bizitza emango dio. Aktoreak protagonista dituen antzezlana da berez, baina panpinak ere badu bere tokia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!