Kup Taldeak 'Maiteagoak' diskoa aurkeztuko du Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 13a, 19:59

Euskal Choral Music disko-bildumako bigarren lana da, Xabier Sarasola musikagile beasaindarraren obrak biltzen dituena; larunbatean izango da saioa, 18:30ean, Topic-en.

Tolosan kulturak ez du etenik. Beste asteburu batez, askotariko saioez gozatzeko aukera izango dute kulturtzaleek, Tolosako Topic-en. Bihar, Mikel Azpiroz piano jotzaileak kontzertua eskainiko du, 20:30ean hasita. Larunbatean ere musika izango da protagonista Txotxongiloen Nazioarteko Museoko agertokian. Kup Taldeak, Maiteagoak diskoa aurkeztearekin batera, kontzertua eskainiko du, 18:30ean hasita. Kontzertua ikustera joateko sarrerak Topictolosa.com webgunean erosi daitezke.

Euskal Choral Music izeneko disko-bildumako bigarren lana da Maiteagoak. Udazkenean grabatu eta abenduan Beasainen aurkeztu zuten. «Duela hamar bat urte, Aita Donostiari buruzko disko bat grabatu genuen, eta aurten, proiektu hura berrartu, eta abesbatzetarako euskal musikaren bilduma bat egitea erabaki dugu, beste ikuspegi batekin. Euskal musikagileen lan oso gutxi daude grabatuta, eta guztiak ezagutaraztea da helburua», azaldu du Xabier Ormazabal abesbatzako kide tolosarrak.

Larunbatean aurkeztuko duten diskoan, Xabier Sarasola musikagilearen figura nabarmendu nahi izan du abesbatzak. «Zoragarria da berak idatzitako musika, eta kasu honetan, ahots ezberdinentzat sortutako abestiak dira denak. Elizako testuekin idatzitako kantuez gain, euskal poetek idatzitako hainbat bertso musikatu entzuteko aukera izango da». Sarasolak, gainera, badu lotura Tolosako Abesbatza Lehiaketarekin. «Berak sortutako obraren bat edo beste abestu izan dute nazioarteko taldeek, eta epaimahaiko lehendakari ere izan da», gaineratu du Ormazabalek.

2022an zehar, musikagile gehiagoren obrak biltzen dituzten diskoak kaleratuko dituzte, hala nola, Josu Elberdinenak eta Javier Bustorenak. «Suhar gizonezkoen abesbatzak grabatutako diskoa izango da bildumako hirugarrena, Aita Madina musikagilearen obrez osatutakoa», esan du.

Abesbatzak maite zituzten gazte batzuek 2003an sortu, eta gaur egun Euskal Herrian erreferentziazko koru izatera iritsi da Kup Taldea. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen 40 laguneko multzoa da. Azken urteetan, ordea, helduen abesbatzen saioak estatikoak izaten direnaren iritzia zabaldu izan da. «Gure kontzertuan ez da eszenografiarik edo koreografiarik izango, baina egia da talde ugari lanean ari direla, kontzertuak publikoarentzat ikusgarriak izan daitezen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!