Tolosako Udalak 28 plazako aparkaleku berria eraikiko du Santa Lutzia auzoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 14a, 10:59

Hutsik dagoen Etxeberri baserria eraitsiko dute datozen egunetan; 5 asteko iraupena eta 95.000 euroko kostua izango dute obrek.

Santa Lutzia auzoan, hain justu, Orixe eta Samaniego ikastetxeetara igotzeko bidean, 28 plaza izango dituen behin-behineko aparkalekua eraikiko du Tolosako Udalak. Adierazi dutenez, trafiko eta aparkaleku arazoei irtenbidea emateko, eta Eusko Jaurlaritzak eraikiko duen institutuko eraikin berria dela-eta, galduko diren aparkalekuak berreskuratzeko eta aparkaleku kopurua handitzeko sortuko dute. "Herritarren beharrei eta eskariei erantzunez, beharrezko azpiegiturak sustatzeko helburuaren baitan kokatzen da aparkaleku berriaren sorrera, eta aparkalekua eraikin berria sortu aurretik eraikiko da arazoak ekidite aldera", azaldu du udalak.

Aparkaleku berria eraikitzeko obrak fase ezberdinak izango ditu. Lehenik eta behin, udalaren jabetzakoa den eta hutsik dagoen Etxeberri baserria hustu eta eraitsi eta zorua egokituko dute, aparkalekua sortzeko. Datozen egunetan ekingo zaie eraisketa lanei; segurtasuna bermatzeko, eraikina ez da astean zehar eraitsiko. Egitura eraisteko, bitarteko mekanikoak erabiliko direla baieztatu du udalak, besteak beste, zizaila duen iraizteko makina murriztailea, elementu bakoitza erabiltzeko errazak diren piezetan zatituko duena.

Eraikina eraitsi ondoren, 950m2 izango dituen aparkaleku berria eraikiko da. Aparkalekua eraikitzeko bost aste beharko dituzte eta eremuan dagoen kota desberdintasuna gainditzeko, errepidearen maila berean jarriko dute aparkalekua. Horretarako, indusketa lanak egin beharko direla esan du udalak. Gainera, bidegorria babesteko, aparkalekuaren eta bidegorriaren artean “New Jersey” estiloko hormigoizko hesiak jarriko dituzte. Guztira, 95.366,84 euroko kostua izango dute lanek (BEZ barne).

Proiektu integrala, aurrerago

Oraingoz, behin behineko aparkalekua sortuko du udalak, etorkizunean eremu osoa hartuko duen proiektu integrala garatu nahi duelako, egungo aparkalekua eta sortuko den behin behinekoa uztartuko dituena. "Edonola ere, orain gauzatuko diren lanak baliagarriak izango dira etorkizunean garatu ahal izango den proiekturako, bereziki, indusketa lanei dagokienean", esan dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!