Txakurrentzako gune berriak, erabilgarri

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 13a, 11:57

Arkauten eta San Estebanen egokitu ditu Tolosako Udalak bi guneak; bertan txakurrak solte ibili ahalko dira.

Pertsonen eta txakurren arteko elkarbizitza bermatu eta hobetzeko eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko urratsak emateko, bi berdegune egokitu ditu Tolosako Udalak txakurren jabeak bertara joan daitezen euren txakurrekin.

Kartel batzuk jartzea falta den arren, dagoeneko erabilgarri daude Arkauten eta San Estebanen jarri diren txakurrentzako parkeak. Txakurrei zuzendutako eremuak izango dira, eta bi parke horien funtzionamenduaren bilakaera aztertu eta herriko puntu gehiagotan jartzeko aukera baloratuko du udalak.

Udaletik esan dutenez, helburua da animalientzat eta pertsonentzat diren espazioak bereiztea, «gatazkak ekiditeko eta elkarbizitza sustatzeko». Hala, Arkauteko eta San Estebango parkeetan txakurrak solte ibiliko ahalko dira itxitako eremuan; Arkauteko parkearen kasuan, erdiguneko eremu berdea pertsonentzat izango da, «udan etzateko edota belarretan jolasteko aukera izan dezaten tolosarrek».

'TXAKUR EREDUGARRIA'

Pertsonen eta txakurren arteko elkarbizitza bermatu eta hobetzeko eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko lan-lerro desberdinak lantzen ari da Tolosako Udala; izan ere, «geroz eta txakur gehiago dago herrian eta, hainbatetan, gatazkak edo gaizki-ulertuak sortzen dira txakurren jabeen eta gainerako herritarren artean».

Udalerrian jarri diren bi txakur parkeez gain, hainbat tolosarrek egindako eskaerari erantzunez, Txakur Eredugarria programa abiatu zen urrian. Programaren barruan heziketa saioak eta ibilaldi praktikoak egiten dituzte Tolosako txakurren jabeei euren txakurrak hezteko baliabideak emateko eta paseo ohitura egokiak indartzeko. Gainera, ekimenak izandako harrera ona ikusita, 2022an jarraipena emateko aukerak aztertzen ari da Udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!