«Pentsatu izan da amerikarrak izan zirela lehenak ilargira iristen»

Irati Saizar Artola 2022ko urt. 12a, 19:59

Xentimorik gabe konpainiak 'Gu primer!' antzezlana eskainiko du urtarrilaren 21ean, Tolosako Leidor aretoan, 20:30ean; musika eta umorea lagun ariko dira oholtza gainean Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti.

1969an iritsi zen gizaki bat lehen aldiz ilargira, baina istorioaren benetako datu bat argitara atera du Xentimorik gabe konpainiak, Gu primer! antzezlanarekin: bi euskaldun izan ziren lehenak ilargira iristen. Horietako bat da Ramon Agirre (Donostia, 1949).

Elkarrekin ondutako laugarren antzezlana dute Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Gu primer!. Xentimorik gabe izan zen lehena, eta haren atzetik heldu ziren Kokakola eta barea eta Putinen guardasola. Eta azken lanera Nerea Gorriti batu zaie; Agirreren esanetan, «sekulako fitxaketa» egin dute.

'Primer' gaztetxotan esaten den hitza da, zerbaitetan lehena izan nahi dela adierazteko.

Grazia egin zigun guri ere. Gure buruari baimendu diogun erdarakada bakarra izan da, eta polita iruditu zitzaigun antzezlanaren izenerako.

Zertan izan nahi duzue 'primer'?

Izan gara dagoeneko primer gauza batean, eta horixe da antzezlanean kontatzen duguna. Ilargira iristen lehenak ez ziren estatubatuarrak izan, ezta errusiarrak ere, bi euskaldun izan ginen: Inazio Tolosa eta biok. Gertatzen dena da hori ez dela jakin orain arte. NASAk paper batzuk desklasifikatu ditu eta bada garaia jendeak jakiteko nortzuk izan ziren ilargira iristen lehenak.

Orain arte egia hori kontatu ez izanak, ordea, badu azalpena.

Frogarik ez genuen ekarri, argazki makina ere ahaztu egin zitzaigun... Egia esan, zorte txarra izan genuen, izan ere gure espaziontzia izorratu egin zen. Amerikarrek ekarri gintuzten. Armstrong izeneko tipo batekin egin genuen topo han, oso tipo jatorra, eta hark ekarri gintuen. Geroztik mundu guztiak pentsatu izan du amerikarrak izan zirela lehenak, baina tratuaren parte zen. Lurrera ekartzearen truke esan zuten beraiek izan zirela lehenak. Orain arte ezin izan dugu egia kontatu eta orain pozik gaude.

Eta jendeak nola hartu du berri hori?

Pozik eta harro. Kontatzen dugun abentura oso polita da, pasadizo barregarriak ditu, garai hartan serioak zirenak, baina berrogeita hamar urte pasa eta gero umorez kontatzen ditugu.


Musikak ere badu presentzia zuen antzezlanean. Zuzenean jotzen dituzue instrumentuak.

Inazio Tolosa eta bion laugarren ikuskizuna da elkarrekin, eta gure estiloan jarraitu dugu. Kontakizunak abestiz zipriztintzen ditugu. Normalean abesti ezagunak izaten dira, letrak aldatuta; horrelako lizentziak hartzen ditugu, plagiatzen maisuak gara. Laugarren antzezlan honetarako Nerea Gorriti batu zaigu, eta musikalki asko hobetu dugu. Nik gitarra jo eta abestu egiten dut, Inazio Tolosa haize instrumentuetan maisua da eta orain hirugarren bat erantsi diogu, Nerea Gorriti, eta berak teklatua jotzen du. Bi izatetik hiru izatera salto handia dago. Pozik gaude, sekulako fitxaketa egin dugu.

Tandema hautsi beharrean, hobetzeko balio izan du Gorritiren etorrerak.

Hori da. Gaztetasuna erantsi dio, musika aldetik dohain handiak ditu eta oso gustura gaude.

Eta gainera, pertsonaia bat baino gehiago antzezten ditu oholtzan.

Inaziok eta biok gure pertsonaia klasikoekin jarraitzen dugu hemen ere, Ray eta Nik izeneko bi tipo xelebrerekin. Eta Nerea Gorritik astronauta batena egiten du esaterako, eta baita Faustina Elhuyarrena ere. Izan ere, gure espaziontzia Elhuyar anaiek diseinatu zuten, baina konturatu ginen ez zirela anaiak, anai-arrebak zirela eta Faustina zela guztia maneiatzen zuena.

Zuk eta Inaziok, Ray eta Nik izaten jarraitzen duzue. Nolakoak dira bi pertsonaiak?

Bi titiritero dira, munduan buelta asko eman dituztenak beraien instrumentuak hartuta. Sudurrik gabeko pailazoak dira, bi pertsonaia maitagarri eta edozein gauzarekin musika egiteko gai diren bi tipo.

Eta umorerik ez dute galtzen.

Gure gakoa umorea da. Ustez gauza serioak kontatzen ditugu, baina beti umorez.

Ilargirainoko bidaia antzezten duzue, baina oholtzatik ez zarete mugitzen.

Elementu gutxirekin egiten dugu, horrela gustatzen zaigu guri. Koloretako aulki batzuk erabiltzen ditugu esaterako, eta kapsula moduko bat ere badugu, ilargiko pasadizoak antzezteko. Argiarekin ere besteetan baino gehiago jokatu dugu, ilargiaren argitasun berezia sortzeko. Elementu gutxiekin ingurune ezberdinak sortzen ditugu, ikuslearen irudimenak asko jokatzen du eta horrela lortzen dugu leku desberdinetatik pasatzea.

Eskualdera zatozte, baina bestela ere baduzue harremana inguruarekin. Alkizan egiten dituzue tarteka entseguak.

Txoko bat badugu Alkizan eta entseguak egin izan ditugu han. Aurreko ikuskizunak ere egin izan ditugu bertan. Badugu herri horrekin lotura sentimental bat.

Kasu honetan, Tolosan izango zarete, hurrengo astean.

Ez da lehendabiziko aldia Leidorrera joango garena. Xentimorik gabe konpainiarekin bai, baina beste ikuskizun batzuekin ere iritsi naiz eta beti sentitu izan naiz gustura. Oso plaza maitea da Tolosa. Ikusleak animatu nahi nituzke, esanez ordubete polita pasatuko dutela, barre egingo dutela eta gustura aterako direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!