Espirituala bezain sintetikoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 12a, 07:59

Larunbatera bitarte, 'Sükrü Karakus, mistika eta tekno-popa' erakusketa bisitatu daiteke Aranburu jauregian; turkiar artistak, «aitortza modura», azken bi urteetan sortutako ia 100 margolan biltzen ditu.

Turkiatik Tolosara heldu eta eskualdeko zenbait herritarrei pinturarekiko zuten beldurra kentzen nahiz artea bera maitatzen lagundu izan die zenbait urtez Sükrü Karakus margolariak. Pasa den abenduaren 17an, erakusketa berri bat inauguratu zuen Tolosako Aranburu jauregian: Sükrü Karakus, mistika eta tekno-popa. Larunbatera bitarte bisitatu daiteke, egunero, 17:30etik 20:30era.

Azken bi urteetan egindako ia 100 lanekin osatu du erakusketa. «Bizitzeko nire modua da margolan berriak sortzen aritzea eta gelditu gabe aritu ohi naiz lanean. Pandemia, ordea, ez da inspirazio-iturri izan niretzat, nire lanaren aitortza baizik. Begirada sentsibilizatzera gonbidatu nahi ditut bisitariak. Ohikoak ez diren obrak ikusi daitezke, eta beraz, zerbait berria bilatu nahi izan dut», nabarmendu du.

Jainkoarekin bat egitea edota haren intuiziozko kontenplazioa, giza adimena eta harremanak aztertzea helburu duen teologiaren atala da mistika; espirituko bizia ere esaten zaio. Grezieratik eratorritako hitza da, eta «ezkutatu egiten dut» esan nahi du. Karakusek, ordea, ez du ezer margotu gabe utzi nahi izan, eta bere margolan akrilikoetan, mundua antolatzeko eta ulertzeko hainbat sistema uztartu ditu. «Osatzen gaituzten informazio- eta sentiberatasun-egituren desberdintasun konplexua akoplatzen saiatu da», gaineratu du Anna Adell kritikari kataluniarrak.

Pop sintetikoa edo tekno-popa pop musikaren olatu berriaren azpigenero bat da, 1960ko hamarkadan sortua. Alemanian agertu zen lehenik, eta Erresuma Batura eta Japoniara hedatu zen gero. Bada, neo-pop estetika erabiliz, Karakusek norbere kontzientzia-ereduek osatzen duten emari teknologiko-urbanoan murgiltzen du bisitaria. «Zentzumen-inputen ugaritasun hori ordenatzen saiatzen da, baina konplexutasuna alde batera utzi gabe. Geometria eta organismoa, kode kosmetikoak eta kosmikoak, teknologia eta mistika bateratzen ditu», esan du Adellek.

Bi kontinente, bidaia bat

Pintura industrialari eta paper margotuaren estetikari egindako zenbait keinu islatzen dituzte Karakusen lanek. «Horiek guztiek, lehen irakurketa-maila bat eskaintzen dute, eta horren ondoren, errealitatearen hainbat parametrotan sartzen dira: fisikoa eta birtuala, mentala eta sentsiblea», azaldu du kritikari kataluniarrak.

Halaber, itxurazko dekoratu hori arabiar apaindura-arteari buruzko aipamenez bete, eta pertsonala den oro unibertsalarekin elkartzen du erakusketan. «Batetik, erritmo geometrikoak ordena espiritualeko transkripzio bihurtu eta hizkuntza elektronikoarekin uztartzen ditu. Bestetik, forma organikoak erabiltzen ditu, zirkuitu integratuen moduko forma tubularrak dituzten tonu metalizatuak, mikroorganismoak (zelulak) sare neuronalekin edo formazio galaktikoekin (planetekin) bateratuz», azaldu du Adellek. Erakusketa bera «bidaia moduko bat» dela nabarmendu du Karakusek, «besteak beste, zelulatik kosmosera, mikrotik makrora».

Erdi asiarra eta erdi europarra sentitzen da margolaria, eta bere lanetan bi kulturen eragina azaltzen saiatzen dela aitortu du, bera ere «uztarketa horren parte» delako. Gainera, bere jatorri kultural eta geografikoak, sufien filosofia eta Mediterraneo itsasoa ekartzen dizkio gogora Karakusi. «Bata zein bestea, pertzepzio-maila desberdinak kateatzearen bitartez sentitzen ditut. Interes handia dut sufien filosofiarekiko, eta sarri saiatzen naiz garai bateko nahiz gaur egungo margolariekin uztartzen. Gorputza eta arima garbitzeko meditazio mota bat da. Horregatik, nire margolan askoren oinarrian, gorputz bat azaltzen da, etengabe bueltaka ari dena».

«Aurreiritziak hausteko»

Nagusiki, erakusketa ikustera joaten diren bisitariek «ofizioa errespetatzea» nahi du Tolosan bizi den artista turkiarrak. «Askoren ustez, artista batek noizbehinka pintzel bat eskuetan hartu, bizpahiru keinu egin, eta obra bat sortzen du; baina, ez da horrela. Aurreiritzi hori haustea da nire helburua. Beste edozein ofizio bezain garrantzitsua da gurea. Orduak eta orduak eskaintzen dizkiot margotzeari eta margolan berriak sortzeari».

Pintura ikastaro bat egiten ari den lagun batek, erakusketa bisitatu ondoren, ikusitakoa «bikain» deskribatu zuela aitortu du. «Erakusketara sartu bezain laster, apurtzailea zen zerbaitekin topo egin zuela esan zidan».

Ondorioz, bisitariek «euren buruari galderak egitea» nahi du Karakusek. «Erakusketatik irten, eta egun horretan nahiz hurrengoetan pinturari buruz hausnartu dezatela, eta horrez gain, erakusketa berriro bisitatu dezatela, bestelako begirada batekin ikusteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!