Caballerok Tolosa CF-ko marka egin du martxan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 12a, 11:58

Hodei Caballerok 45.20ko marka egin du hamar kilometroko martxa proban. Bere aldetik, Manex Civicok hirugarren egin du 18 urtez azpiko mailan Juan Mugerza krosean.

Asteburuan hainbat emaitza nabarmen lortu dituzte Tolosa CF-ko atletek. Horietako bat Hodei Caballero ordiziarra izan da, martxako 10 kilometro proban Tolosa CF-ko errekorra eginez, 45.20ko markarekin. Pasa den larunbatean lortu zuen Utreran (Espainia), Andaluziako errepideko martxa txapelketan. Lehiaketa bikaina eginez, Caballerok bere marka pertsonala minututik gora hobetu zuen, klubeko marka berria ezarriz. Gainera, bere aita Jon Anderrek duen Gipuzkoako errekorretik bederatzi segundo eskasera gelditu zen Jacinto Garzonek zuzenduriko atleta. Tolosa CF-tik ziur daude bide hori jarraituz gero 45 minutuko langa laster puskatuko duela atleta gazteak.

Beste marka garrantzitsu bat Ander Garin alegiarrak lortu du. Pasa den igandean egin zen Valentziako 10 kilometroko Ibercaja saria eta bertan atleta alegiarra 31.02ko marka hobetzera joan zen, eta baita lortu ere. Garinek bere marka pertsonal berria 30.30ko denbora bikainean utzi du. 30 minutuko langa hortxe du atleta alegiarrak. Klubetik ere espero dute langa hori gainditzeko gai izango dela.

JUAN MUGERZA KROSA

Emaitza oso txukunak izan zituzten igandean Tolosa CF-ko atletek Elgoibarren egiten den Juan Mugerza krosean, mundu mailako krosik onenetarikoa. Nabarmentzekoa da Manex Civico tolosarrak podiuma zapaltzea lortu zuela 18 urtez azpiko mailan hirugarren sailkatuz.

Klubeko beste parte hartzaileen emaitzak hauek izan ziren: 16 urtez azpiko mailan, Idoia Arrospide 20., Markel Iraeta 21., eta Aitor Aristi 41.; 18 urtez azpiko mailan, Unax Armendariz 33., Beñat Fernandez 35., Aimar Artola 38., Eñaut Sistiaga 63., Ane Martin 16., eta Naroa Rojo 23.; eta, azkenik, absolutu mailan, Aitor Regillaga 47. eta Andoni Saldias 59. izan ziren.

Bestalde, pasa den larunbatean ospatu zen Donostiako Antonio Elorza belodromoan Euskadiko Pista Estaliko Master Txapelketa. Bertara, dozena erdi bat atleta urdin joan ziren lehiatzera eta emaitza onak lortu zituzten gehienek ere. Domina ugari lortu zituzten master mailako adin tarte ezberdinetan. Hauek izan ziren klubeko atletek lortutako emaitzak: 60 metroetan, Angel Urangak 8,63; Juanmi Calahorrak 8,72; Juan Carlos Etxebestek 8,90; Iker Ariznabarreta 9,08; eta Armando Rocak 12,45; 200 metroetan, Juan Carlos Etxebestek 29,41; 400 metroetan, Juan Carlos Etxebestek 1.09; eta 1.500 metroetan Raul Viejok 4.30.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!